Gure kale edota auzoetara begiratu besterik ez dago ohar gaitezen zer nolako aldaketak ari diren jasaten. Oharkabean, emeki-emeki paisaia etengabe ari da aldatzen. Harakina erretiratu, iturgina ordezkatzeko inor ere ez, eta are gutxiago online dendek erabat xurgatu duten barruko-arropa dendatxoa aurrera ateratzeko. Betiko lanbideak dira, bizi osokoak, gure herrien arima, nola ez, baina lana egonagatik ere zaila izan ohi da beti-betikoak diren ogibideei helduko dien norbait topatzea. Zergatik ote?
Bizi-estiloan aldaketak, pentsamendu desberdina, prezioen edota kostuen igoera…dozenaka faktore, baina ondorio argia. Ez dago erreleborik. Egungo profesionalak jubilatu ahala gero eta zailagoa izango da benetan aditua den norbait topatzea, belaunaldi berriek ez baitute interes izpirik horrelako lanetan aritzeko, kezkagarria, eta penagarria aldi berean, noski. Ezbairik gabe, zinez arazo larria dugu aurrean, izan ere, halabeharrez betiko ofizioak nahitaezkoak dira eta izango dira gure egunerokotasunean. Ohartzen ari naiz 1.200 eurokoko alokairua duen etxebizitza bat aurkitzea baino zailagoa izango dela elektrikari bat topatzea Donostiako erdigunean.
LinkedIn aldizkari digitalean argitaratu den gisan, urte luzez prekarizatuak izan diren lanbideak, eta askotan baita gaizki ikusiak ere, izango dira etorkizuneko aberatsak. Ez da utopia inondik inora ere. Dagoeneko egoera hori errealitate bihurtu da, errealitate gordina. Eskaintza eta eskariaren arteko desoreka medio, eskulanean aritzen direnek nahi duten prezioa eska dezakete, eta besterik ezean guk isil-isilik ordaindu egin behar, errespetu ederrean, gainera.
Gazteen arteko langabeziaz hitz egiten da, ikasketak amaitu eta lana ezin bilatu, zenbaitetan ikasitakoarekin zerikusirik ez, eta atsegin ere ez duten lan madarikatu hori egin behar. Bitartean, aldiz, iturginak, arotzak, elektrikariak, edota soldatzaileak falta. Gurasoek, gizarteak, ikasleek, guk geuk… ez dago esaterik nork duen errua, baina, argi dago nahiago izan ohi dela ahoa bete-bete eginda esatea seme-alaba medikua edo irakaslea dela, iturgina dela aipatzea baino. Izan ere, historikoki lan zikintzat hartu da, bigarren mailakotzat, ikasteko balio ez zutenek egin beharrekotzat. Egun, ordea, testuingurua guztiz desberdina delakoan nago, unibertsitate-tituludun hainbat soberan, eta eskulangileen gabezia dugu.
Ken ditzagun estigmak eta aurreiritziak, zer dela eta ez da zurgintza ikastea abokatutza ikastea bezain interesgarria? Bata lan fisikoa, eta bestea mentala, biak ala biak ezinbestekoak, ez, ordea, aitortza berekoak.
Ni beldurrez nago ea noiz apurtuko zaidan konketa edo altzariren bat, zail ikusten baitut konpontzeko gai izango den adituren bat topatzea. Marketin, edota nazioarteko merkataritza jakintzak dituen norbait etorri beharko da agian, baina, mesedez komuna erabiltzeko moduan utz diezadala, asko eskatzea ez bada.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta