Aurtengo maiatzetik ez naiz hitzaldi batera joan. Are gehiago, aurreko lana utzi nuenetik ia hiru urte igaro direnean, ohartu naiz oso ekitaldi publiko gutxitan izan naizela, ia ez baitut parte hartu inongo kongresu, batzar, solasaldi edota jardunalditan.
Ez dut uste erabaki kontziente baten ondorio izan denik. Seguruenik, aurreko lan-ingurunearekin nuen lotura pixkanaka lasaitzeko beharra, arreta-guneen aldaketa, betiko musika entzuteak eragiten didan nagikeria edo oraingo lanarekin eta bizimoduarekin lotutako lehentasun berriak nahastu dira, eta horrek urrundu nau, ia konturatu gabe, ekitaldi publikoetatik.
Zaila da kuantifikatzea zenbat hitzaldi, kongresu, topaketa, etab. antolatzen diren urtean zehar. Horretarako, iturri askotara jo beharko genuke, ez baitago informazio hori jasotzen duen adierazle multzo bateraturik. Eta, bide batez, seguru nago enpresa, elkarte zein erakunde publikoek horrelakoak antolatzeko dituzten motibazioak ere askotarikoak izaten direla.
Izan ere, erakundeek ez dute, oro har, ekitaldietan oinarritzen beren estrategia; aitzitik, aurrez zehaztutako estrategia baten barruan kokatzen dituzte, sektorean edo gizartean eragiteko eta erreferentzialtasuna eskuratzeko. Ekitaldia ez da abiapuntua, baizik eta norabide jakin bati forma emateko baliabidea. Horrela bada, askotarikoak izan daitezke ekitaldi horien atzean dauden motibazioak. Sarritan, ezagutza partekatzeko eta sektore bereko profesionalen arteko hausnarketa sustatzeko nahia egoten da atzean. Badira, halaber, talentua erakartzeko edo langileen motibazioa sendotzeko asmoz antolatzen direnak. Ezinbesteko espazioak dira sare profesionalak ehuntzeko ere: harreman berriak sortzeko, aliantzak eraikitzeko, lehendik daudenak sendotzeko eta etorkizuneko proiektu zein negozio-aukerak identifikatzeko. Nolanahi ere, xedea antzekoa izaten da kasu gehienetan: erakundearen ikusgarritasuna eta eragina handitzea, bere posizionamendua sendotzea eta etorkizunean helburu estrategikoak lortzen lagunduko duten baldintzak sortzea. Azken finean, garai digital honetan, aurrez aurre antolatzen diren ekitaldi profesionalek inbertsio handia eskatzen dute eta, horrenbestez, espero da itzulera izatea, dela prestigioan, ezagutzan, harremanetan edo etekin ekonomikoan.
Horrek hurrengo urrats bat eskatzen du. Izan ere, ekitaldi baten ostean, adosten den bidaia-orria garatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartu behar baitira. Askotan ideia interesgarriak entzuten dira, joera berriak identifikatzen dira eta etorkizunari buruzko diskurtso eta ekimen erakargarriak proposatzen dira. Baina entzundakoa erakundearen eguneroko jardunera eramatea ez da erraza izaten: erabakiak hartu behar dira, lehentasunak finkatu, baliabideak esleitu, erresistentziak gainditu eta epe ertain zein luzerako konpromisoak hartu. Horregatik, ekitaldi batean sortzen den ilusioak ez du beti jarraipenik izaten, hitzetatik ekintzetarako jauzia egiteko adorerik ez badago.
Jauziaz ari garela, III. Mundu Biltzarra antolatzen ari da Eusko Jaurlaritza, legegintzaldi honetako proiektu izarra Hizkuntza Politikaren sailburuordetzarentzat. Arduradunen arabera, mugarri bat izango da, eta bertan hausnartuko da norantz eraman behar diren euskararen inguruko politikak datorren mende laurdenean. Batzuek hizkuntza-politikei norabide estrategikoa emateko aukera historikotzat dutenari, besteek, ordea, eszeptizismoz begiratzen diote, horrelako gogoetak, diagnostikoak, planak eta proposamenak maiz egin izan baitira azken urteotan, emaitza sendorik gabe.
Hori dela eta, biltzarraren arrakasta ez da neurtu beharko bertan esango denaren arabera, baizik eta handik aurrera egingo denaren arabera. Datozen urteetan euskararen erabileran, lan-munduan, aisialdian edo gazteen hizkuntza-ohituretan aldaketarik eragiten ez badu, zaila izango da benetako mugarritzat jotzea. Azken batean, agian espektatiba handiegiak ditugu horrelako ekitaldien inguruan. Globoa gehiegi puztu dugu, eta batzuetan ahaztu egiten zaigu benetako jauziak ez direla agertokian gertatzen, hara igo aurretik eta handik jaitsi ondoren baizik.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta