Beyoncé efektua

Zenbat aldiz ez ote dugun ozen abestu «Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko». Herri-nortasunari eusten dio musikak, belaunez belaun zabalduz doazen sare ikusezinen gisan. Kate bat sortzen du gure artean musikak eta lotura hori suntsiezina da, ez baitago barru-barruan iltzaturik uzten dizkiun emozio, oroitzapen eta ametsen jarioa geraraz dezakeen pareko indarrik. Kulturaren adierazpide guztiek omen dute gaitasun hori, baina musika da guztien artean loturarik sakonenak eragiten dituena, ondo ala gaizki (eskuarki, erdipurdi) denok kantatu dezakegulako.

Musikak sortzen duen guztia positiboa dela uste duten horietako bat bazara, irakurle, agian harrituko zaitu “Beyoncé Efektua» izenaz ezagutzen den teoriak.

Joan den urteko uztailean Suediako Danske Bank banketxeak herrialdearen inflazioari buruzko txostena argitaratu zuen maiatzeko prezioen ezohiko gorakada azalduz. Hilabete bakar baten kontsumoko prezioen indizeak % 9,7 egin zuen gora eta gertatutakoaren zergatiak aletu zituzten. Espero zitekeen moduan, erabat desagertu ez diren COVIDaren ondorioak eta bereziki Ukrainako gerraren inpaktua prezioen eboluzioarekin estuki lotuta zeuden, baina horrek ez zuen azaltzen bat-bateko gorakadara maiatzean, lehenagoko eboluzioan ere isla nabarmena baitzuten. Eragile bereizgarri bakarra, banketxearen txostenak dioenez, Beyoncé izan zen, hil horretan 90.000 zale elkartu zituena Stockholmen egin zituen bi kontzertuetan. Ikuskizunaren inguru-marian, ezohiko jarduera ekonomikoa gertatu zen, milaka lagun horiek bertara joan, bertan egun batzuetarako ostatu hartu eta jan-edanetan poltsikoa ederki astinduko zutelako. Beyoncé zaleak nonahi daude, baina Suediara nagusiki Estatu Batuetakoak joan ziren, eta dolarrak koroa suediarraren aldean ondo jokatzen zuenez gero, antza, gastuetan gehiegi erreparatu gabe ibili ziren. Ikerketa plazaratu zuen banketxeko ekonomialarien kalkuluen arabera, Stockholmen Beyonceren kontzerturik izan ez balitz, Suediako inflazioa 0,3 txikiagoa zatekeen.

Horra “Beyoncé Efektua» jendetza eta jarduera ekonomiko handia eragiten duten ekitaldien inpaktu ekonomiko ez positiboak izendatzeko. 

Kontzertura bertaratutako asko Estatu Batuetako turistak izan ziren, garai hartan hainbat egunkarik «Beyoncé, inflazioaren etsai» zituzten beren ekonomiako artikuluak. Etiketek gauzak errazago ulertzen laguntzen dute, maiz egiaren kaltetan.

Inflazioa salgaien kontsumo-saskiaren prezioak konparatuz kalkulatzen da eta ez soilik sektore baten bat-bateko prezioen igoera kontuan hartuta. Kontzertuek, antzerkiak eta zinemak % 0,8 baino pisu txikiagoa dute Europako herrialde guztietako prezioen saskian eta beraz, Suedia osoko inflazioak nekez egingo zuen ezohiko jauzi hori gertaera bakar baten ondorioz, eskala handian ez bada. Aurtengo udako Olinpiadek kontsumo-prezioen indizea aldatu dezake Frantzian, baina Athleticek hurrengo larunbatean jokatuko duen partidak ez dio Espainia osokoari eragingo, demasekoa izanik ere.

«Cowboy Carter» izenburuko Disko berria plazaratu du Beyoncék eta laster ekingo dio munduan barrena jotzeari. Zaleak erruz mugituko dira alde batetik bestera eta sarrera erosi nahi duenak ez du aukera merkerik topatuko, baina horrek ez dio ekonomia mundialari eragingo.

PS. Lan berrian, country musikarantz egin du Beyoncék, besteak beste, estilo horretan kultura beltzaren arrastoak ezabatzeko egindako ahalegin kontzienteak salatu eta bere etorria aldarrikatzeko. 2016. urtean abeslariak berak makina bat irain jaso zituen country musikaren jaialdi baten parte hartu eta gero. Kontzertu batek ez du inflazioa aldatuko, baina mundua ikusteko modua eralda dezake.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK