Irakasle gutxi topatuko duzu ikasgelan gezurra esan ohi duela aitortuko dizunik. Nik bai ordea, nire ikasleei gezurra esan izan diet maiz, baina ez pentsa maltzurkeriaz egiten dudanik; ekonomia irakasten dudalako baizik ez dut egiten. Izan ere, ekonomia arloan hainbeste dira omisioak, elipsiak eta bete beharreko balizkoak… ezen hutsune guzti horietatik ezinezkoa baita guztiz egia izango den proposamen bat eratortzea. Bi egia erdiren baturak gezur osoa ematen duela sinetsita nago.
Are gehiago, uste dut bazterretan, elipsian eta omisioan gordetzen direla egiarik handienak. Hirietan loreak porlanak uzten dizkion arrakaletatik egin antzera, halaxe ernatzen dira ekonomistok erein beharreko haziak.
Esaterako, lehen eskoletan ikasiko dugu ekonomia giza beharrak asetu ahal izateko baliabide mugatuak nola esleitzen ditugun aztertzen duen zientzia dela. Eta hain esaldi xumetik lora daitezkeen arantzekin ikasturte osoa eman genezake.
Zergatik kontsideratu beharko genuke beste norbaiten ama soldata baten truke zaintzen ari dena lanean ari dela, eta bere ama zaintzen ari dena berriz, ez? Ez al dira behar bera asetzen ari? Ez al dituzte antzerako baliabideak erabiliko jarduera horretan?
Zergatik izan behar gara pertsonak merkatuentzako baliabide enplegagarri eta erakargarri; merkatua gure beharrak asetzeko tresna bazen? Zergatik dago gure eskubideak gauzatzeko gaitasuna soldata bat eskuratzeari lotuta? Nolatan egon daitezke egunean 8 orduz lan egin eta hala ere etxebizitza bat izan edo berogailua jarri ezin duten pertsonak?
Zergatik da merkatua beharrak asetzeko tresna aproposa, prezioa ordaindu ezin duena beharrez uzten badu? Zergatik da prezioa merkatuak orekatzeko tresna egokia, eta ez beharraren larritasuna edo intentsitatea? Zergatik eros dezake garia gose izan ez baina dirua duenak? Zergatik gera daiteke garirik gabe gose izanik ordaindu ezin duena?
Akaso kimikariek materiaren askotariko aspektuak azter ditzakete bestelako inplikaziorik gabe. Materia materia da, eta gizakiok bere ezaugarriak behatuz uler ditzakegu. Gure aurretik bazen, eta gure ostean izango da. Kontrara, ekonomia ez da giza ekimenik gabe gertatzen, gizarte bateko harremanen eta jardueren ondorioa baita. Harreman eta jarduera horiek beha ditzakegu, baina zergatik kokatu nahiko genuke gure burua behatzaile soil gisa? Zein gizaki mota izan daiteke beste bat gose izatearen edo ez izatearen hautu aurrean behatzaile objektibo? Nork nahi du halako gizaki bat inolako erabakirik hartzen?
Nola liteke baliabideen urritasunetik abiatzen den gizarte zientzia baten iparra etengabeko hazkundea izatea? Nola haziko gara mugarik gabe, hazkunde horretarako oinarri materiala (baliabide naturalak, pertsonen lan indarra) mugatuak badira? Nola liteke aberastasuna sortzen duen sistema ekonomiko batean pertsonen beharrak asetu gabe geratzea?
Zergatik jarraitzen dut eskuliburuen aurtengo edizio berrietan topatzen soldata minimo baten ezarpenak langabezia eragiten duela, 2021ean David Cardek hori okerra dela frogatzeagatik nobel saria irabazi ostean? Posible litzateke teoria bat okerra dela enpirikoki frogatu ostean fisikako liburu batean argitaratzea? Eta zergatik ekonomian bai?
Eskuliburuetan galdera hauen erantzunak bilatzen daramat ni neu ikasle nintzenetik, eta ez pentsa, badaude kolore eta eite ezberdineko proposamenak. Tamalez, ikuskera alternatibo horietatik gutxi edo bat ere ez nire ikasleentzako idatzitako materialetan edo curriculumetan.
Hala ere, horiek niri loa kentzen didaten galderak dira, eta maiz ikasleei bost. Haiek beste hau galdegin ahalko lidakete: egunero gure beharrak nola asetu aztertzen omen duen zientzia hau irakastera zatoz, zu eta zu bezalakoek nola egin asmatu ez duzuenean? Edo okerrago, nola egin jakinda ere, egoera honetara ekarri gaituzuenean?
Orduan ni naiz isilik geratzen dena. Isiltasunetan berriz ere, topatzea ederren liratekeen erantzunak, espaloi izkinetako kardaberak. Bada, horretan gabiltza hainbat irakasle: lubakitik isiltasunak pitzatzen eta bazterrak ereiten. Horren adibide da Finantzaz Haratago bezalako eragileek egiten duten eskertzeko lana ere, egunero hutsune hau betetzea bizibide bilakatu dugunon arteko elkarlanak josiz eta baliabide zoragarriak eskainiz.