Zure lana ordezkatuko al du adimen artifizialak ala benetako galdera beste bat da? Zer egin dezakezu zure lana ordezkaezinagoa bihurtzeko? Azken hilabeteetan sarri entzuten dugun galdera da.
Egia da teknologia berriek lan-prozesu asko errazten dituztela, batez ere errepikakorrak edo sinpleak direnean. Hala ere, bada faktore bat ordezkapena askoz zailago egiten duena: profilen konplexutasuna. Horrela azaldu zuten Sprik antolatutako Enpresa Digitalaren SormenAI jardunaldian. Lanpostu bat ezagutza arlo bakarrean oinarritzen denean, errazago automatiza daiteke.
Aldiz, bi edo hiru diziplinen arteko uztarketa dagoenean ordezkatzea askoz zailagoa da. Horregatik, gero eta garrantzitsuagoa da ezagutza arloen arteko hibridazioa balioan jartzea. Enpresen egungo balio erantsiaren zati handi bat, hain zuzen ere, hortik dator, askotan berrikuntza ez baita diziplina bakar baten barruan sortzen.
Hau da, bi munduren arteko elkargunean agertzen da. Industria eta kultura elkartzen direnean, teknologia eta filosofia gurutzatzen direnean edo diseinua eta ingeniaritza batera lantzen direnean sortzen dira ikuspegi berriak. Diziplina arteko begirada horrek arazoei modu zabalago batean heltzea ahalbidetzen du, eta, askotan, hortik ateratzen dira irtenbide berritzaileenak. Hibridazioak lana konplexuago bihurtzen du, baina baita aberatsagoa ere.
Tira, nik neuk bizi izan dut eraldaketa hori. Sormenaren irla eta enpresen artean txalupa batean nengoela sentitzen nuen. Denborarekin jakin dut hori dela hain zuzen balioan jartzekoa. Eta zure kasuan ere antzekoa izango da.
Pertsona batek arlo batean lan egin arren, beste ikuspegi batzuk kontuan hartzen baditu, emaitzak askotan sakonagoak eta sortzaileagoak izaten dira. Horretarako, ordea, jakin-mina eta irekitasuna behar dira.
Zure burua ezagutu behar duzu jakiteko zeintzuk diren uztartu nahi dituzun mundu horiek. What They Forgot to Teach You at School liburuak gogorarazten du eskolan askotan ahazten den zerbait: autoezagutzaren garrantzia. Norberaren interesak, jakin-mina eta gaitasunak identifikatzea funtsezkoa da balio berezia sortzeko. Pertsona askok badituzte lanetik kanpoko interesak —kultura, diseinua, filosofia edo teknologia—, baina askotan ez dute ikusten interes horiek beren lanarekin nola uztartu. Hor sartzen da job crafting delakoa: pertsonak bere lana moldatzeko duen gaitasuna, bere interesak eta gaitasunak lanarekin hobeto integratzeko. Giza baliabideetako saileko arduradunek badakite, jendeak alde egin ez dezan, hobe dela lanpostua moldagarria izatea.
Baina horretarako ezinbestekoa da erakundeen laguntza. Enpresek aukera eman dezakete langileek beren ohiko lan-esparrutik harago doazen ikastaroetan parte hartzeko, jardunaldietara joateko edo diziplina ezberdinak uztartzen dituzten proiektuetan lan egiteko. Azken finean, erronka nagusia ez da soilik teknologia berrietara egokitzea, baizik eta ezagutza irla desberdinen arteko txalupak eraikitzea, hemendik hara ibiltzeko.
Ez da erraza bi uharte ezberdinen hizkuntza, egiteko moduak eta pentsamoldeak konbinatzea, hemendik hara ibiltzea, baina, horrek egingo zaitu, hain zuzen ere, ordezkaezin.