Bi urte kontrakorrontean

EnpresaBIDEAko taldea EnpresaBIDEAko taldea

Ohitura bilakatu da, antza: urteurrena ospatzen dugun egunean agertu ohi gara  “editoriala” idazten. Kontrakorrontea atsegin dugu. Bi urte dira EnpresaBIDEA abian jarri genuela eta hauxe da, beraz, eguna.

2022ko apirilaren 25az geroztik, hemen izan gara egunero-egunero, ekonomia, gizartea, enpresa eta askotariko gai jakingarrien inguruan informazioa, analisirako ikuspegia eta iritziak ematen. «Hemen» diogu eta ez da oso hitz zehatza; izan liteke webgune hau (laster itxura berria izango duena) eta baita inguruko «auzo digitalak» ere, hala nola, egunero postontzia eta sare sozialak. Oraindik miraria iruditzen zaigu bi urte igaro izana hutsik egin gabe eta bereziki, horrenbeste irakurle, kolaboratzaile, babesle pribatu nahiz publikoren laguntza eta sostenguarekin. «Eskerrik asko» erraldoiena ere txiki geratzen zaigu, zinez.

Bi urte eta gero, oraindik maiz egiten digute galderarik oinarrizkoena: «Beraz, egunkari espezializatua da EnpresaBIDEA?» Bai eta ez. Izan ere, espezializatuta gaude askotarikoa den ekonomiaren arloan. Horretan ere, ur-lasterraren aurka goaz. Eguneroko bizitzari eragiten dioten erabaki ekonomikoak, makro eta mikro finantzak, enpresa txiki eta handien jarduna, emaitzak eta apustu estrategikoak, teknologia eta lehen sektorea… Ekonomia bere adierarik zabalenean ulertzen dugu eta halaxe jorratzen dugu, begi bana jarrita gaurkotasunean eta gertakizunetan.

Egunkariak soilik paperean argitaratzen ziren garaian, prentsa ekonomikoa izokinaren kolorez bereizten zen kioskoan. Joan den mendetik dator ezaugarri hori eta Financial Times egunkariko zuzendariari okurritu omen zitzaion, elkarren antz handiegia zuten askotariko egunkari ekonomikoak kioskoetan erruz agertu ziren garaian. Era honetako informazioaren kontsumoa hasiberria zen artean, eta ugaritasun horretan nabarmentzeko edo, inprimatutako paperaren kolorea aldatzea erabaki zuen. Ironia hutsa da izokin kolorearen aldeko hautua egin izana: ordura arte sindikatuek beren propaganda argitaratzeko erabiltzen zuten paper-mota eta kolorea, hain zuzen. Eta grazia du, halaber, bereiztearen aldeko estrategia izan zen aukera hori denborarekin hedabide ekonomiko gehienek berezkotzat hartuta, prentsa kategoria berria sortu izana.

Hedabideen krisia hitzetik hortzera darabilgu etengabe. Bada, informazioaren kontsumoa eta enpresa informatiboen geroa ezbaian jartzen den garai baten, guk egunkari bat sortu dugu. Ekonomia eta enpresaren inguruan sakontasunez, profesionaltasunez dihardugu, gainera, hedabide nagusi ia guztiak gai horiekiko aipamen eta iritzi axal eta bazterrekoekin konformatzen diren garai baten. Ez dugu klik-kopurua neurtzen eta bereziki, irakurraldi lasaia lehenesten dugu. Eta maiz konplexuegi azaltzen zaigun hizkuntza ekonomikoaren mordoiloa hitz lauz ematen dugu. Eta euskaraz, noski.

Ez gara izokin-erako prentsa ohikoa, ez horixe, baina izokinak bezalaxe, ibaian gora egiten dugu, kontrakorrontean.

Baliteke egia ez izatea, baina Harry Truman AEBko presidenteari zor zaio egia izatea mereziko lukeen aipua. «Ekarri egidazue ekonomialari eskumotza» esaten omen zuen, aholku bila galdera zehatz bat egiten zuen aldiro bere ekonomia-aholkulariek “on the one hand and on the other hand” (“alde batetik eta bestetik”) esanez erantzuten ziotelako. Bi besoko ekonomialariak gogaikarri zitzaizkion, antza, eta ekonomialari besomotzak nahi zituen, busti egingo zirenak. Guk ez diogu beldurrik bustitzeari, baina argi dugu ibaian gora egiten dugula, ekonomiaren eragina modu ulergarriaz lantzeak ez baitu errazkeriarik onartzen.

Henry Louis Mencken kazetari eta polemista ospetsuak esan ohi zuen edozein arazo konplexutarako irtenbide erraz edo sinple bat aurki dezakezula, beti ere, delako erantzun hori faltsua izatea axola ez bazaizu. Bizitzak maiz erakusten digu sasiko erantzun errazak ez direla ez erantzun ezta erraz ere.

Ahalik eta modurik ulergarrienaz eman nahi dizugu, irakurle, gero eta ulergaitzago zaigun munduaren berri.

Ezinezkoa zatekeen bi urteko esperientzia hau bidaide eskuzabalak aurkitu izan ez bagenitu. Via Empresa etxeko senideak, gurean bozgorailu egoki eta profesionala topatzen duten enpresa eta erakundeak, beren ezagutza, pasioa eta konpromisoa opari ematen dizkiguten kolaboratzaileak, lan-taldea eta, bereziki, zu, irakurle. 

Ez dugu biderik errazena aukeratu, egia da. Gure hizkuntzarentzat ordeka lasairik ez da izaten, zoritxarrez, bana orain baino lehen ere kontrakorrontean lorpen handiak erdietsi dituzten aitzindarien itzalpean, urtez urte, gehiago gara.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK