Bigarren eskuko ibilgailuak

Aurreko astean Realak Cazoo izeneko enpresaren babesletza ofiziala aurkeztu zuen, mutilen taldearen kamisetan izango den marka berria. Banuen lehenago entzuna eta ikusia, baina ez nuen enpresa honen berri eta jakinminez arakatzen hasi nintzen. Antza, 2018an sortu zen enpresa Erresuma Batuan. Bigarren eskuko autoen kontzesionario digitala da, eta izugarrizko diru-injekzioa jaso du bere sortzaileak enpresa martxan jartzeko. Ez naiz enpresa honi debaldeko publizitatea egitera etorri, baina murgilduta dagoen sektore eta negozio-eredua nahikoa interesgarriak iruditu zaizkit hausnarketa bat egiteko.

Jakina da orain urte batzuk indar askorekin sartu zela autoen renting zerbitzua Europan, eta etengabeko gorakada izan du geroztik. Espainiar estatuan, esaterako, 2021. urtean 6.650 milioi euro fakturatu ditu, eta merkatu-kuotaren % 25 izatera iritsi da Coches.com eta Idoneo enpresak buru izanda. Baina autoen salerosketan ere bada gorakada nabarmena. 5600 milioi euro fakturatu dira 2021ean, aurreko urteko datuekin alderatuz %30eko gorakada erregistratuta. Bigarren eskuko ibilgailuen merkatua nabarmen handitu da enpresa hauentzat, baina konpetentzia ere asko gogortu eta ankertu da. Urte gutxiren buruan, ozeano urdina izatetik —merkatua sortu berria zenean— ozeano gorrian jokatzera igaro dira enpresak, balioa eta kostuaren arteko balatza egin eta bizirauteko ahaleginak egitera.

Autoen salerosketan dagoen konpetentzia basatia ikusirik, badira eredu berdina kopiatu eta bestelako ibilgailuen merkatuetan aplikatu duten enpresak ere. Horren eredu dira Mundimoto bigarren eskuko motoen kontzesionario digitala edota Tuvalum bizikleten salerosketa merkatuan lidergoa hartu duen e-commerce digitala. Azken eredu hauek modu berdinean funtzionatzen dute: lehenik, Wallapop edota bestelako bigarren eskuko plataformetan autoak, bizikletak eta motorrak ahalik eta prezio onenean erosi; bigarrenik, behar dituzten hobekuntza, garbiketa edo erreparazioak egin; eta, azkenik, prezio altuagoan saldu. 100 edo 200 unitaterekin ez dute gehiegi egingo, baina negozio hauen eskalabilitatea eraginkortasunean dago, egunero milaka ale salerosi eta bidalketak optimizatzean lortzen dute marjinean, alegia.

Higiezinen sektorea beste kontu bat izango da, baina badirudi ibilgailuen merkatuan kultura azkarrago eraldatzen ari dela. Auto edota motozikleta berriak erosteari uzten ari gara pixkanaka, eta bigarren eskuko ereduaren alde egiten ari gara apustua gero eta gehiago. Badirudi hurrengo hilabeteetan luzaroan iraungo duen krisi ekonomiko batean murgilduko garela eta, batez besteko erosahalmena aztertuta, inbertsioen merkatua indar handiarekin ari da bigarren eskuko ibilgailuen merkatuaren aldeko apustua egiten. Estrategia horren isla dira hasieran aipatzen nuen Realaren babesletza kasua. Kasu bakarra aipatu dut orain artean baina Baskonia, Valentzia, Aston Villa, Everton eta beste eskukada bat kirol talderekin itxi dute batesletza datozen denboraldietarako. Markaren inbertsio agresiboak sabaia urrun duen merkatu baterako.

Eta zuk irakurle, merkatu eta negozioak alde batera utzita, erabili ahal duzu inoiz horrelako plataformarik zure ibilgailua saltzeko? Eta erosteko? Orain arte egin ez baduzu, egingo duzula dio Sumautok publikatu zuen informe batek: “auto berri bakoitzeko, bigarren eskuko hiru auto erosten dira”. Ez dakit nola amaituko duen honek guztia, baina badirudi denbora baterako izango dugula marka hauen babesletza gure taldeen kamisetetan itsatsia.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK