Datorren igandean ordubete atzeratuko ditugu erlojuak. Telefonoak bere kabuz egingo du, baina etxean berriro zozkatu beharko dugu nork jarriko duen labeko erlojua ordu egokian. Eta berriro gogoratuko dugu Europako Parlamentuak 2019an bozkatu zuela urtean bitan egiten dugun erritual hori bertan behera uztea, baina noiz? Zain jarraitzen dugu.
Aste honetan jakin dut munduan denbora neurtzeaz arduratzen den erakunde gorenak antzeko zerbait egin duela, baina eskala handiagoan. Kontrakoa uste izaten den arren, Lurrak ez du bira egiten modu zeharo homogeneoan, eta erloju atomikoak, sekula huts egiten ez duten horiek, urrunduz joaten dira haren erritmotik. Arazo hori segundo bat gehituz konpondu izan dugu, eta horrela, desoreka zuzenduz edo, planetari gu harrapatzeko tarte txiki bat ematen genion. Kontua da, baina, segundo horrek sistema teknologiko konplexuenak nahastu egiten dituela eta arazo handiak sortzen dituela doitasun handiko aplikazioetan, ez baitakite itxaroten. Kalapita saihesteko, segundoak gehitzeari uztea erabaki da orain. Denbora-aldea handituz joango da apurka-apurka eta ordubetera hurbiltzen denean, norbaitek zerbait egin beharko du. Mende batzuk barru izango omen da hori eta, jakina, gaur erabakia hartu dutenetako inor ez da han izango azalpenak emateko.
Badu grazia. Mundu osoan denboraren ardura duten agintari nagusiak elkartu, gaia patxadaz aztertu eta, azkenean, erabaki dute arazoa ondoren etorriko direnek konpontzea. Ez al da zeharo gizatiarra? Aldeak alde, denok egiten dugu antzeko zerbait. Etxean joan den negutik zarata arraroa egiten duen galdara bat daukagu, baina datorren urtean edo begiratuko dugu zer gertatzen zaion. Eta zuzendaritza-batzordeetan, adibidez, gai deserosoa oso maiz agertzen da gai-zerrendaren azken puntuan, bilera sekula iristen ez den lekuan, hain zuzen.
Grazia du, baina ez naiz barre egitera ausartzen. Erabakiak geroratzeak ospe txarra du, eta batzuetan merezita, baina ezagutzen ditut mirari teknologikoaren atzetik korrika ez abiatzeagatik dirutza aurreztu duten enpresak. Zein teknologiak iraungo zuen ikusteko itxaron zuten eta asmatu egin zuten bete-betean.
Erabakia atzeratzea ere erabaki bat da eta kontua da jakitea zer den zehazki egiten ari garena baloia aurrera botatzen dugun aldiro. Zuhurtzia den ala ihes egitea. Izan ere, biak ala biak agertu ohi dira ziurgabetasunaren aurrean ditugun aukeren artean, eta bi kasuetan esan daiteke posizio arduratsua dela. Gainera, biek ematen dute lasaitasun bera, faktura gure agendan agertzen ez den egunen batean iritsiko dela ziurtatzen digutelako.
Atzeratze horrekin mahai gainean zer uzten dugun da benetan arduratu behar gaituena. Izan ere, zerbait geroratzea erabakitzen dugunean, ez dakigu ondoren datorrenak hobeto ulertuko duen arazo bat aurkituko duen, gaur existitzen ez diren tresnen laguntzaz konpontzeko modukoa, ala irtenbiderik gabeko kale itsu baten aurrean egongo den. Ez dakigu erabakitzeko aukera gehiago uzten ari garen ala geratzen zitzaizkion apurrak ebasten dizkiogun. Ez dakigu eskerrak emango dizkigun ala gure arbasoak gogoratuko dituen biraoka.
Urtebetez atzeratzen den prestakuntza-programaz pentsatzen ari naiz, adibidez, behin eta berriro atzeratzen den horretaz. Edota inork lekua uzten ez duelako sekula iristen ez den belaunaldi-erreleboaz. Horrek guztiak ez du zaratarik egiten, baina iritsiko da eguna non atzera begiratu eta enpresa guztiz bestelakoa izango den, nekatuagoa, aldatzeko gaitasuna duen jende gutxiagorekin. Ez da inor bertan izango azaltzeko zergatik atzeratu zen. Erabaki oker batek, behintzat, arrastoa uzten du.
Enpresei urrutira begiratzeko eskatzen diegu, eta gero hiru hilean behin neurtzen ditugu. Zuzendaritzan daudenak beren agintaldian gertatzen denaren arabera ebaluatzen ditugu, nahiz eta haien erabakirik onenetako batzuek fruituak beraiek joan eta gero emango dituzten; gerta liteke aurten txalotuko dizkiegun arrakasta horien faktura onargaitza izatea hurrengo belaunaldiarentzat.
Lidergoa oinordetzan utzi behar duzun etxe bat zaintzea bezalakoa da. Ez da nahikoa halako batean giltzak eskura ematearekin, eta dena txukun uztearekin; galdara konpontzen dakien norbait geratu behar da, eta gaur irudikatu ere ezin ditugun lekuetara zabaltzeko moduko ateren bat ere bai.
Horretarako, gauza batzuk orain erabaki behar dira, hain zuzen ere beste batzuk bihar askatasunez erabaki ahal izateko. Hortxe dago koxka: jakitean aukerak zabaltzen ari garen edo ateak ixten.
Denbora antolatzearen ardura duten agintariek asmatu egin dutela uste dut. Mende batzuk barru biziko direnei ordubeteko desoreka utziko diegu, eta baita denbora-tarte horretan harekin zer egin pentsatzeko aukera ere. Ez da herentzia txarra.
Igandean labeko erlojua egunean jartzea, ordea, ezin izango dut geroratu.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta