Biharamuna

Hitz hauek, irakurle, ez daude argitaratu diren aurreko unean idatziak. Hego Euskal Herriko hauteskunde kanpainan zehar zirriborroetan bildutakoak dira, formarik gabeko ideiek eta sentsazioek josi dituzte forma eman arte. Kanpainaren aitzineko kanpainaren ajearekin abiatutako kanpaina izan da. Hasterako, asteak generamatzan erakunde publikoetako erabaki gaietatik kanpoko arrunkeriez hizketan entzuten.

Ertz askotatik azter zitezkeen eztabaida gaiak, eta hala egin dute hamaika analistak komunikabide guztietan. Nik, ordea, buruan behin eta berriz aukera kostuaren kontzeptu ekonomikoa izan dut gogoan egunotan.

Aukera kostua, giza erabakiotan eragiten duen faktore bat da. Hain zuzen ere, gizakiok erabaki bat hartzen dugunean alde batera utzi ditugun alternatiba guztiei uko egiteak eragiten digun kostua adierazten du. Hau da, erabaki bat hartzeko zeri uko egin behar izan diogun adieraziko luke aukera kostuak.

Aukera kostu hori handiagoa zein txikiagoa izan, erabaki guztiek dute berezko, eta beraz aukera kostu txikiena eragiten diguten erabakiak hautatzea genuke aproposena.

Kanpainan hauteslegoaren arreta baliabidea eskasa da. Minutu gutxi batzuk dituzte hautagaiek haien mezuak gure gogoan atxikitzeko. Hortaz, ongi neurtu eta hautatu behar dute heltzea nahi duten informazioa, horretarako dituzten komunikazio esplizitu eta inpliziturako tresna guztiak helburu argi baterantz lerratzeko. Are gehiago, kanpaina honetan inoiz baino protagonismo handiagoa izan dute komunikazio politikoan sartzen diren faktore osagarri horiek, arropa bera eztabaidagai bihurtzeraino.

Aukera kostuaren ideiarekin nabilela, zerak eman dit arreta: zenbat gauza esateari egin zaion uko, helarazi nahi izan den informazio horren mesedetan. Beste era batera esanda, politikari, estratega, komunikazio arduradun eta bestelako profesionalek zehaztasunez bazkatu dituzte politikariek emandako elkarrizketetako argudioak, datuak edota titularrak. Horietatik gehiegi proposamen politikoetatik kanpoko arloetan kokatu direlakoan nago. Nahiago izan dute hauteslegoari helduko zitzaion informazioa zarata eta anekdota izatea, proposamenak iristea baino, proiektuen nolakotasunak azaltzea baino, eta guzti hori batzuen eta besteen aukera kostu analisien emaitza izan da.

Nork hitz egin nahi izan du proposamenez, eta nork harimuturrak eta korapiloak gehitu? Nolako kanpaina, halako jarduna espero genezake aginte postuetara heldutakoan?

"Ardurez harago airera doaz balak, argiak baino gehiago erraiten du itzalak" diosku Odeik Periferiak abestian. Egiari zor, ez da zehazki gai honi buruz ari hitzok kantatzen dizkigunean, baina ezin aproposagoak iruditu zaizkit egunotan ikusi eta entzundakoak deskribatzeko. Proposamenei eta proiektu politikoei buruz argitan hitz egiteari uko egitea errentagarri izatea espero izan da gehiegitan, eta arrunt kezkatzen nau pentsatzeak itzal horrek zer esaten duen guri buruz, hautesle eta herri gisa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK