Bihozkadak

Joan den astean, Teslako talde exekutiboko kideek mezu bat jaso zuten, Elon Musk kontseilari delegatuak izenpetuta: “Mundu osoko kontratazio guztiak eten” zioen goiburuan. Bertan ekonomiaren martxari buruzko susmo oso txarra duela esaten zien etxe-jabeak eta bere bihozkada horri jarraituz, neurriak hartuko dituela iragartzen zuen. Ez edonolako neurriak, gainera: auto elektrikoen munduko fabrikatzailerik handienak bere lan-postuen % 10 inguru murriztuko omen du. AEBetako burtsa erregulatzailearen aurrean urtero egiten duen aurkezpenaren arabera, Teslak ia 100.000 langile ditu mundu osoan, eta, beraz, 10.000 lanpostu inguru arriskuan egon litezke. Reuters berri-agentziak zabaldu du albiste hori, baina Teslako iturri ofizialek uko egin diote bihozkada horren atzean zein datu zehatz dagoen argitzeari.

Aste entretenigarria izan dute Musk-en enpresetako langileek posta-elektronikoari begira. Izan ere, bihozkada hori jakinarazi baino bi egun lehenago, Tesla eta SpaceX konpainietako langile guztiek beste mezu bat jaso zuten, astean 40 lanordu presentzial egiteko agindua ematen zuena. Telelana egin nahi duen edonork bulegoan gutxienez (eta “gutxienez” horretan azpimarra jarrita) 40 ordu egin beharko ditu enpresaren egoitza ofizialetan, eta agindua, gainera, berehala betetzekoa da. Erabaki horren atzean dauden arrazoiez ez da argibiderik eman, baina Musk-ek hain gogoko duen Twiterren bertan adierazi zuen susmoa duela telelanaren aitzakiarekin berritzeko gaitasuna galdu egiten dela. Ez dago horren froga objektiborik eta, alderantziz, kontrakoa erakusten duten hamaika ikerketa badago, baina berdin dio: bihotzak esaten diona egiten du.

Giza-organoen artean osperik onena bihotzak du, baina zinez arriskutsua da den-dena justifikatzeko erabiltzen denean. Min eman dizun norbait bihotz onekoa dela esaten duzunean, bere hutsak, are okerrak ere, nolabait barkatzeko modukoak direla iradokitzen da. Badakit “bihozkada” hitza zentzu figuratiboan ulertu behar dugula, baina kontuz, Lakoff-ek azaldu zuen bezala, “metaforetan bizi gara”.

Aste berean bi bihozkada izan ditu Elon Musk-ek, eta kezkatuta beharko luke. Ez dakit zer iritzi duen bere kardiologoak, baina burtsek argi eta garbi jaso dute mezua: Teslaren akzioak ia % 3 jaitsi ziren joan den astean, aurtengo apiriletik maldan behera doan burtsa-balioan beste koxka bat janez.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK