Bike Country

Tourrak Euskal Herritik alde egin du jadanik. Egun hauetan milaka pertsona elkartu dira (gara; txirrindularitzaren zale amorratu bezala, bertan egon naiz ni ere) gure errepidetan, Bilbotik abiatu ziren 176 txirrindulariak animatzen eta txalotzen. Espektakulua lasterketan dago beti, baina bide bazterretan batutako jendetzak ere bere kontrapuntu koloretsua eman dio telebistako irudiei. Aurreko astean orri hauetan esaten zen bezala, 3.500 milioi ikusle potentzial ditu urtero Le Grand Boucle delakoak. Gure herri eta paisaiek munduan zehar ezagutarazteko plataforma paregabea. Euskal administrazio publikoek inbertitutako 12 milioi euroak hamar aldiz handiagoa izango den etekin bat eragitea espero da. Etekin horien banaketak guztioi modu berean eragin ez arren (ez da zaila asmatzea zeintzuk izango diren sektore onuradun nagusiak, ezta?), liluragarria da politikarien gain ekitaldien turismo honek sortzen duen erakargarritasuna. Panem et circences zaharraren bertsio garaikidea.

Gure herria Bike Country (ekimen berriak ingelesez bataiatzeko ohitura aldrebesari jarraituz) bezala saldu nahi da, kanpotar zikloturistak erakarri nahian: alprojekin eta patxadaz bidaiatzen duten eta turismo geldoaz gozatzen duten horiek, baina baita likraz jantzi eta bere bizikletetan milaka euroko gastatzen dituztenak ere. Hala ere, turismoaz gain, batzuek ulertzen dugu benetako bizikletaren lurraldea bihurtzeko (Danimarka edo Herbehereak lekuko), gure egunerokotasunean bizikletarentzat lekua utzi beharko genukeela. Eta hor, tamalez, ibilbide luzea gelditzen zaigu oraindik. EUSTATen 2021eko Mugikortasun Inkestaren datuen arabera, lanegunetan EAEn egiten ziren desplazamenduen %1,8 bakarrik egiten zen bizikletaz. Bitartean, Herbehereetan, portzentaje hori %31koa da. Jakina, baldintzak, tradizioa eta orografia oso ezberdinak dira, baina 120.000 desplazamendu eskas horiek handitzeak ere onura handiak ekarriko lituzke ingurumenean eta populazioaren osasunean ere. Jar diezaiegun eragin horiei kopuru batzuk.

Imajina dezakegu bizikletek isuritako negutegi eragineko gasak errekin fosilak erabiltzen dituzten ibilgailuak eragindakoak baino baxuagoak direla. Conbicik, bizikletaren aldeko elkarteen espainiar koordinadorak 2022an argitaratutako Las Cuentas de la Bici txostenaren arabera, isurketak pertsona eta kilometro bakoitzeko automobil pribatuaren %7 ziren bizikleta arrunten kasuan, eta %16 bizikletak elektrikoak badira. Baina osasunean ere bizikleten erabilpenak inpaktu potentzial izugarria izan dezake. 2015ean egindako ikerketa baten ondorioen arabera, Herbehereetan bizikletaren erabilpenak urtero 6.500 heriotza saihesten zituztela kalkulatu zen, populazioaren bizitza itxaropena urte erdian luzatuz. Horrek guztiak urtero 19.000 milioi euroko onurak ekarri zituen, 2010 eta 2013 artean sortutako BPGaren %3. Kopuru horiekin alderatuz, Tourraren etekin ekonomikoa ñimiño geratzen da.

Laranjaz jaztea eta ikurrina astintzeaz gain, gure lurraldea benetako Bike Country bihurtzeko badago oraindik egin beharreko asko. Lor ditzagun 120.000 desplazamendu horiek milioi batean bihurtzea. Zabal ditzagun gure bidegorriak (eta gorriak nahi ditugu, eta ez beltzak). Egin ditzagun gure errepideak eta kaleak seguruak 4 eta 80 urte bitarteko txirrindularientzat, gizon eta emakumeentzat. Gure osasunak irabaziko du. Eta gure ekonomiak ere bai.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK