Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Bikote-harreman berriak

2025eko irailaren 1a
xabi murua 2022

Abuztu amaieran bi titular handik piztu dute eztabaida: batetik, Erresuma Batuak OpenAI-rekin negoziatu omen duen akordioa, ChatGPT Plus herritar guztiei doan emateko; bestetik, AEBetan Trump 2.0 gobernuak praktika bat indarrean ezartzen ari dela, teknologia eta baliabide estrategikoetan estatuak zuzenean inbertitzen duenekoa. Biak elkarren aurkako fenomeno dirudite, baina, sakonean, mundu-ekonomiaren mutazio beraren seinale dira.

 

Neoliberalismoak urte luzez saldu du estatuaren desagerpenaren kontakizuna: merkatu librea, pribatizazioa, erregulazio-gutxitzea... baina gaur, bai Londresen bai Washingtonen, estatuaren itzulera nabaria da. Lehenengoak, herritar orori AA premium tresna bat ematea eztabaidatu du Sam Altmanekin, osasun edo hezkuntza publikoaren pareko azpiegitura digital gisa. Bigarrenaren gobernuak, aldiz, zuzenean sartu da Intel edo MP Materials –400 milioi dolarreko inbertsioa egin du Defentsa Sailak— bezalako enpresetan, segurtasun nazionala eta industria estrategikoak babesteko. Bi kasuetan estatuak erabakitzeko ahalmen handia hartu du teknologia-ekonomiaren norabidean. 

Eztabaida zera da: diru publikoa erabiltzen da teknologia pribatu baten hedapena bermatzeko, baina zer jasotzen dute herritarrek trukean, eta zer arrisku bereganatzen dituzte? Doakoa beti ez doan. Herri baten azpiegitura digitala multinazional pribatu baten menpe jartzen dira eta biharko egunean baldintzak aldatzen badira, zein da plan B? Nora eraiki OpenIAren gainean herrialde baten azpiegitura —hezkuntza, osasuna, garraioa…—ez bada teknologia liberatzen? Herritar guztien kontsultak, elkarrizketak eta lanak plataforma bakar baten datu-biltegi bihurtuko lirateke kasu hau martxan jartzen bada, pribatua eta opakua dena. 

 

Nahiz eta oinarrian martxan jarri nahi den ideia ona izan —adimen artifiziala zerbitzu publiko eta horizontala ezartzea—, ezin da enpresa baten menpeko egin herritar guztien datu, erabilera eta elkarrizketak. Zer gertatuko litzateke baliabide publiko horiek benetan herritarrek kontrolatutako tresnetan, kode irekian edo sektore publikoan zuzenean garatutako soluzioetan inbertituko balira? Adimen artifiziala kaleratzeko ChatGPT bezalako tresna publiko eta ireki baten beharra nabarmena da, baina ez OpenIAri lizentziak eta azpiegitura kontratatzen. 

Gobernuek, krisi globalek —COVID-19a, Ukrainako gerra edo Palestinako genozidioa— azeleratutako rol berriak hartu dituzte: balioa etxean atxikitzea, enpresak sostengatzea eta gatazka geoekonomikoak kudeatzea. Gainera, estatuen arteko lehiak eta imitatze estrategiek “espiral” baten antzeko mugimendua sortu dute, non politika publikoak indartu eta zabaldu egiten diren. Adibide garbiak dira Trumpen muga-zergak eta merkataritza neurriak, esaterako. 

Cambridge-ko irakasle baten —Ilias Alami deitua— hitzetan egoera historiko honen ezaugarri nagusia planeta osoko estatuen berregituraketa orokorra da: “estatuaren eta enpresa pribatuen arteko harremanen eraldaketa ematen ari da, ekonomikoa eta politikoaren arteko mugen lausotzea, eta jabetza forma malgu berriak, estatuaren eta enpresa pribatuekiko bereizketa tradizionala ezabatzen dutenak. Ondorioz, etorkizuneko kapitalismoa “estatuzaleagoa” eta zentralizatuagoa izan liteke, non kapitalaren metaketa gero eta gehiago estatuen eskuetan pilatuko den.” Hala edo ez, itzuri ezin dezakedan tic bat sortu zait bat-batean: hemendik aurrerako notiziak begirada hauen baitan irakurtzera noala, lider globalen eta enpresa arteko harreman-bizio berriak hobeto ulertu eta korronte berri hauek hautemateko.