Biribila

Asteburu honetan Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Arrasaten jokatu da First Lego League-ren Euskadiko finala. Egun bakar bateko distiraren atzean, baina hilabete askotako lana datza, beren eskolatan orduz kanpoko lanetan egindakoa. Lehiaketa honen berri ez baduzu, irakurle, bota bistadizoa, harrituko zaitu eta. Errealaren eta Athleticen jarraitzaileen pare animatzen duten boluntario, familia, babesle eta irakasleen giroa ikusita, nekez esango genuke teknologiarekin lotutako ekitaldi bat denik, baina halaxe da: lehen mailako ikuskizuna.

Gurean 3.000 gaztek hartu dute parte aurten, 6 eta 16 urte artekoak. Ia 180 talde osatu dira 15. edizio honetan. Zeinek esango zigun, ekimenaren inguruan lanean hasi ginen garai horretan. Lehen urratsetan berehala batu zen boluntario talde bat eta haren erantzun sutsua zinez giltzarria izan zen. Ordaindu gabeko lana, aldez aurretik inork eskatu ez zien zerbait egiteko ideia berehala besarkatu zuten eta halaxe iritsi da gaur egungo dimentsiora, garai hartan imajinatu ere egiten ez genuena. Inbidiaz begiratzen genien beste herri askotako emaitzei, non 1998az geroztik lehiaketaren metodologia hori arrakasta handiz aplikatzen ari ziren.

Lego pieza-kopuru zehatz bat erabiliz, talde bakoitzak urtero desberdina den erronkari aurre egiteko gai den robot bat diseinatu eta eraiki egiten du: programatu eta “gaitu” egiten dute robota, denbora zehatz baten taula gaineko ibilbidea egin dezan. Antolatzaileek urtero gai komun bera proposatzen dute mundu osoan egiten den lehiaketa honetan, eta gazteok erronkari aurre egiteko irtenbideak jorratzen dituzte berrikuntza-proiektu zientifikoa landuz eta ondoren, jendaurrean eta epaileen aurrean aurkezten dute. Urte osoan, gaiekin eta STEM gaitasunekin lotutako formazio-egitarau zabala antolatu da horren inguruan.

2025erako 85 milioi lan desagertuko dira giza kapitala teknologiarekin ordezkatzearen ondorioz, eta bide beretik, hurrengo hamarkadan 97 milioi lanpostu berri sortuko dira, makinen kudeaketarekin, teknologiarekin, adimen artifizialarekin, algoritmoen sorrerarekin eta abarrekin lotuta. Trantsizio zientifiko eta teknologikoaren erdian gaude, eta lan-merkatuan eragingo du bete-betean. STEM diziplinak (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) ezinbestekoak izango dira garabide horretan, baina oso atzean gaude. Gazteen artean STEM bokazioak sustatu behar dira, eta lehentasunik ezartzekotan, emakume gazteen artean egin behar da ahaleginik handiena, arrakala nabarmena izateaz gain, genero-estereotipo eta rolak bereziki sendoak baitira esparru horretan.

Hezkuntza da gizartea eraldatzeko biderik garrantzitsuena eta ekimen berritzaile gehiago behar dira luze gabe agerian izango ditugun gabeziek etorkizuna oztopa ez dezaten. Nola erakarri gazteak eta bereziki emakume gazteak STEM mundura? Erantzun sinplerik ez dago, noski, baina zertzelada batzuk behintzat hor daude: talde-lana da, pentsamendu kolaboratiboa eta berrikuntza aisialdi-giroan txertatuta, komunitate oso batek bultzatuta eta sustatuta. Biribila da. Eta guztiz beharrezkoa, hil ala bizikoa ia-ia.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK