Bitcoin, estatuak eta postapokalipsia

Ez dakit azkenaldian pelikula postapokaliptiko gehiegi ikusi dudan, baina orain gutxi, ekonomiari buruzko podcast ezagun bat entzuten ari nintzela, ideia bat partekatu zuten, eta buruan gelditu zait bueltaka. Ateratzeko, partekatzea pentsatu dut. Horrela zioen elkarrizketatuak:

“Oraindik masifikatu ez den tendentzia bat ari da gertatzen, etorkizunean merkatu bilakatuko dena: estatuen merkatua. [...] Lana automatizatzen ari da eta giza kapitalak gero eta gehiago balio du. Aldi berean, botere politikoa narriatzen ari da gutxinaka-gutxinaka eta beste motatako botereak loratzen ari dira, esaterako, influencerrena —norbanako batzuek telebista kateek baino irisgarritasun gehiago dute— edo enpresari aberatsena —Elon Muskek herrialde oso bateko lurrak erosi ditzake—. [...] Estatu kontzeptuaren sinesmenaren dekadentzian sartuak gara eta hamarkada batzuen buruan beste botere karismatiko batzuen eskutan jarriko edo eraikiko dira gizartea antolatzeko eredu berriak. Horrela sortuko da estatuen merkatua”

Elkarrizketatuaren hitzetan, estatuak enpresen operatibitate edo logika berdinarekin antolatzen hasiko dira, eta eskaintza eta eskariaren legea ezarriko da mundu osoan: enpresen produkzioa edo talentua erakartzeko fiskaltza-abantailak eskainiko dituzte, jurisprudentzia berritzaileak proposatu edota moneta deszentralizatuekin operatzen hasiko dira herritarrekiko pribatutasuna eta kontrolik gabeko bizitzak eraikitzeko. Hala jarraitzen du: “esaten ari naizen guztia ez da fikzioa. Dagoeneko gertatzen ari den eszena da: zer gertatzen ari da bestela youtuberrekin? Andorrara joaten ari dira, eta uste baino jende gehiago gainera. Andorrak ondo ulertu du jendeak nahi duena eta abantaila fiskalak eskaintzen ari dira, askok identitate edo nazionalismoaren gainetik lehenesten duten afera delarik”.

Ongizate-estatuaren suntsipenaren iragarkia egiten ari da. XVI. mendea sortu zen estatu kontzeptuaren zikloaren amaiera eta eredu berrien sorrera. Eros litezken paketeak bailiran, mundu osoan sakabanatutako estatuen merkatua proposatzen du, eta bakoitzak eskaintzen dituen fiskalitate eta jurisdikzio abantaila sortaren baitan mugituko dela gizartea, eraiki nahi duen bizi ereduaren baitan. Horrela, estatu arteko konpetentzia eta aldi berean, estatu baten barruan jurisdikzio eredu ezberdinen arteko merkatua.

Zergatik du estatuak gure bizi-geruza guztien gaineko erabakitze-boterea? Zergatik etsi estatuari negoziatzeko ahalmena? Horrek pertzepzio aldaketa bat ekarriko du. Elkarrizketatuaren tesian, bitcoina estatuak duen botere absolututik ateratzeko erremintatzat aurkezten du, eta edozein momentutan edozein esparrutik irteteko ahalmena eskaintzen duela dio: estatuaren ekonomia- eta ondare-esparrutik, adibidez.

Orain arte idatzi dudana korronte indartsu —mainstream izateko borrokan ari dena— baten ideiaren esposizioa izan da, inondik ere iritzi pertsonala. Askotan entzun dugun hitza da bitcoin, baina ez dakit zenbateraino ezagutzen dugun monetaren atzean dagoen ideia; nire lehen hurreratzea hauxe izan da, eta partekatzen ez badut ere, zer pentsatua eman dit zentzu batzuetan.

Autoritate edo lider karismatikoen bila dabiltza —honek Elon Musk aipatzen du—  informazioaren aro berri honetan dibulgazio bidez komunitate sendo bat eraiki eta estatuari aurrez aurre begiratuko dion botere fronte berri bat eraikitzeko. Pribatutasuna, eskubideak, askatasuna, erabakiak eta jabetzak estatuari lagatzen ari garela diote, eta horrekin amaitu behar eta kontratu sozial berri bat eraiki behar dela. Zer iritzi duzu? Jurisprudentzia eta fiskalitatea merkantilizatzearekin ados? Merkaturatze bidean al dira estatuak? Gure bizitzen ultrapertsonalizaziorantz egin nahi al dugu?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK