Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Bizitza osoko ikasle

2026ko irailaren 28a - 05:30
IMG 0131

Gure unibertsitate-sistemak denbora neurtzen du, ez gaitasuna: ECTS kreditu bat ikaslearen 25 ordu dedikazioren baliokidea da. Diplomak egonaldia egiaztatzen du eta programa, gradua edo masterra aprobatzea. Jakintza liburutegietan eta ikasgeletan zegoen garaian, horrek zentzua zuen, baina gaur egun unibertsitatean ikasten dena eta errealitatean ikusten dugunaren arrakala gero eta handiagoa da. Tutorialetan, podcastetan, komunitate digitaletan eta adimen artifizialeko tutoreek eskaintzen duten edukia jasotzen —eta hortaz ikasten— dugu, eta ez du unibertsitatean ikasten diren eduki, eredu edota programekin zerikusirik. Kontsumitzen dugun edukia likidoa bada, jakintza ere likidoa da, eta urtez urte moldatzen doa. Zergatik jarraitzen dugu, orduan, ikasgela batean emandako urteak egiaztatzen, eta ez benetan dakiguna akreditatzen?

 

Hori da gaur mahaigaineratu nahi dudan ideia. Hezkuntzan paradigma aldaketa bat behar da: unibertsitatea jakintza estankoa —graduak, postgraduak, kurtsoak, mikrokredentzialak…— “saltzetik”, bizitzan zehar ikasitakoaren ebaluatzaile eta egiaztatzaile bihurtzera igaro litezke, jakintza hori lanean, aisialdian, zaintzan edo elkarteetan eskuratu den kontuan hartu gabe. Ikasketa ez da zertan formakuntza eta ordu jakin batzuen baitan ebidentziatu beharrik, eta ikusi behar da zein formatu eta nola ebidentziatu lortu dugun ezagutza, baina eraldaketa bat behar du hezkuntzak.

Ideia ez da berria: 2014an, Stanfordeko d.school-ak Open Loop University eredua proposatu zuen, eta Frantzian, 2002ko modernizazio sozialaren legeak eskubide bihurtu zuen norberaren esperientzia baliozkotzea diploma bat lortzeko (VAE). Hegoaldean, ordea, gauzak bestelakoak dira. 822/2021 Errege Dekretuak esperientzia profesionalagatik aitor daitezkeen kredituak ikasketa-planaren %15era mugatzen ditu, eta kreditu horiek ez dute kalifikaziorik. Lanbide Heziketak badu gaitasunak egiaztatzeko prozedura bat, baina unibertsitateak ez du halakorik.

 

Horretarako, lau proposamenekin nator, ea hauetakoren batek zentzua izan dezakeen paradigma aldaketa honetara hurbil gaitezen. Lehenengoa, EHUk, Mondragon Unibertsitateak eta Deustok Egiaztapen Bulego bateratua sortzea, Unibasq kalitatearen berme gisa; bigarrena, unibertsitateen berezko tituluetan esperientzia osorik aitortzea; hirugarrena, Lanbide Heziketan egiaztatutako gaitasunak unibertsitatean automatikoki aitortzea; eta lau, boluntariotza, zaintza-lana eta aisialdia ere aitortzea, VAEk egiten duen bezala.

Unibertsitateak jakintzaren tenplu izan dira mendeetan, orain ebaluatzaile izan behar lukete. Zorroztasun akademikoa ebaluatzerako orduan berdina izan daitekeela demostratu daiteke, eta “non ikasi duzun” galdetu beharrean, “egiaztatu zer dakizun” eskatzera igaro. Gainera, epilogo gisa, orain arte 30-35 urte arte izan gara ikasle gehiengoa, baina horrelako planteamendu batekin sektorea eta hezkuntza-sistema erabat eralda daitezke eta lantzean behineko ikasleak izatetik, bizitza osoko ikasle izatera igaro gintezke. Ez al da ederra eta beharrezkoa?

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain