Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Bizitzako sare profesionalaz

2025eko abenduaren 8a
xabi murua 2022

Ikasketa edo formakuntza garaiko ateak ixtean, etapa bat amaitu dela pentsatzen dugu. Ikasketak, proiektuak, azterketak eta eguneroko errutinak ahaztu egingo ditugu bat-batean, eta harremanak naturalki lausotuz joango dira, galtzera arte. Badago ordea, ikasketa eta jakintzaz gain, gure unibertsitate edo ikasketa-zentruko etapak sortzen duen zaindu beharreko aktibo bat: harremanak. Denborak erakusten du benetan garrantzitsuena ez dela ikasitakoa, baizik eta ikaskide haiekin partekatu genuen denbora, proiektu-ideia eta ilusioak, eta hortik sortutako lotura sozial posibleak. Gaztetan ez dugu askorik pentsatzen horretan: harremanak borondate onez mantentzen dira, ez etorkizunean erabilgarri izango zaidalako; baina urteak igaro ahala, konturatzen gara sare horrek gure sare sozial eta profesionalaren lehen zirriborroa osatzen duela.

 

Denboran zehar kontaktua galtzea erraza da, laneko errutinak irensten gaitu eta harreman berriak eraikitzen, baina motiborik topatzen badugu unibertsitate edo formakuntza profesional garaiko harreman horiek berpizteko, konturatzen gara denborak ez duela guztia higatu, konfiantza-oinarri bat badugula, ia azaldu ezin dena, eta urteetan bere horretan mantendu dela. Galdera da: nola artikulatu harreman horiek gure esperientzia eta garapen profesionala aberasteko?

Alumni sareak horixe dira: norbanako bakoitzaren ibilbide profesionala lotu nahi dituen azpiegitura sozial bat, normalean unibertsitateari lotuta dagoena. Askotan gutxietsi egiten dugu, “kuota ordaindu besterik ez dela egiten” eta bueltan ez dugula ezer jasotzen. Eta ziur arrazoi duela hori dioenak. Halaber, lan-aukera berriak topatzeko edo urteko sari-banaketa ekitaldira joateko baina gehiago izan daiteke alumni sare bat. Uste dut badagoela zer berritua eta zer proposatua jakintza eta ekintza gure ibilbide profesionaletan berraktibatu eta estimulatzeko.

 

Zentroaren edo unibertsitatearen ikuspegi estrategikotik, alumni komunitate aktibo bat jarduera ekonomiko bat izan behar du. Zentroak ikasle berrien kaptazioan eta produktuak saltzen zentratzen diren bitartean —hau baita beren jardun nagusia—, bada graduatzen diren beste belaunaldi oso bat. Zentrura egiten den sarrera beti da bikaina, baina nola da irteera? Irteera izan behar du ala jarraipena emateko estrategia bat definitu behar da? Ez da kasualitatea munduko enpresa arrakastatsu askok elkar ezagutzen zuten ikaskide-talde batek sortu izana, haien arteko konfiantzaz gain, ekintzailetza programak, finantzaketa eta bestelako baliabideak eskura jartzen dituztelako zentroek.

Horregatik, agian gure ondoan eserita zegoen ikaskide harekin, azterketa egunean kafe bat partekatu genuenarekin, edo ordutik hitz egin ez dugun baina ibilbide harrigarria eraiki duen pertsona harekin harremanak sustatzeko eta zerbitzu ekosistema baten beharrean dira unibertsitateak. Gehiago ala gutxiago denek dute zerbait, baina alumni edo graduatuak diren ikasle-ohiei begira asko dago egin eta berritzeko. Alumni sareak ez dute iraganari eusteko mekanismoak bilakatu behar, etorkizuneko aukera berriak eraikitzeko plataformak baizik. Harreman horiek zaindu, aktibatu eta eguneratu behar ditugu, bai gure garapen pertsonalagatik, bai gure aukera profesionalak zabaldu nahi baditugu ere. Azken batean, urte horietan eraiki dugun aktibo soziala aprobetxatu eta ateak ireki diezazkiguken aukera berriak sortzeaz ari naiz. Sarearen balioa denboran hazten den inbertsio bat da, eta sare horretan dago askotan gure hurrengo proiektu edo lan-aukera berria.