Bizitzarako prestakuntza

Azkeneko 20 urteetan, teknologia eta ekonomia berrien sorrerarekin batera, ogibide edota espelizazio adar asko atera dira, digitalizazioan lanean ari diren profesionalak kasu. Enpresak merkatura egokitzeko etengabeko moldaketa eta berrikuntza sustatu beharrean dira, gero eta espezializazio edo ezagutza zehatzagoak eskatzen dituzte, eta honek formakuntza profesionala, unibertsitateko gradu, kurtso eta programa espezifikoak biderkatzen ditu.

Orain bizpahiru hamarkada, gradu edo ofizio bat ikastearekin hasi ohi ziren lan-munduan murgildu eta kotizatzen. Espezializazio-mailak zeharkagokoak ziren, eta ez gaur egun bezain lehiakorrak, sakonak eta aldakorrak. Konpromisoa eta ofizioarekiko maitasuna ziren profesional on baten ezaugarri nagusiak, eta hala izanez gero, ogibideak eta denborak egiten zuen langilea aditu.  

Gaur egun, ordea, profesionalaren trebetasunak garrantzitsuak izan daitezkeen arren, ez dira nahikoak. Psikologia ikasten dutenek, esaterako, gradua eta PIRa egiteaz gain, master bat edo biren beharra izango dute lanean hasi aurretik, eta eskukada bat kurtso espezifiko egiten baditu hobe, curriculuma mamitu eta aukera gehiago izango baititu. Baina psikologoekin bakarrik ez, beste hainbeste gertatzen da mekanika, irakaskuntza, ingeniaritza, enpresagintza edota albaitaritza ikasi duten profesionalekin: adituak bilakatu nahi gaituzte lanean hasi aurretik, gero eta lehiakorragoak izatera eta gehiago ikastera garamatzan lan-merkatuan sarbidea izan dezagun.

Alabaina, hainbeste kurtso, gradu eta formakuntzaren artean, bada ia inork erakutsi eta erreparatu ez dioen beharrezko ezagutza bat: bizitzarako prestakuntza. Nork irakasten digu nomina bat irakurtzen? Eta autonometan altan ematen? Irabazi eta gastuen tabla bat egiten? Negozio-plan bat garatzen? Posible da orain artean behar ez izana soldatapeko langilea bazara, eta negoziorik ekiteko asmorik ez baduzu. Baina badira intentzio berdina zuten mordoxka bat psikologo, artista, mediku, mekanikari, ingeniari… negozio bat halabeharrez sortzeko ezagutza behar izan eta ekinaren ekinaz ikasi dutenak. 

Azken urteotan, negozio, merkatu eta teknologia berrien oinarrizko ezagutza eskaintzen duten MBA eta negozio kurtso digitalen salmenta gorakada nabarmena izan da. Baliteke ekonomia-krisia edota pandemiak beharra areagotu izana, baina egoera hau baliatu behar genuke denok ikas ditzagun enpresa bat kudeatzeko, negozio bat hasteko edota norberaren nomina irakurtzeko ezagutza minimoak. Edozein pertsonak behar duen independentzia ekonomikoa lortu eta lan-baldintzak autonomoki baloratu ahal izateko oinarrizko ezagutza behar genuke guztiok, ogibidea edozein dela ere.

Hona hemen nire proposamena: “bizitzarako prestakuntza” eskola eta institutuetan beharrezko formakuntza bezala txertatu; ikasketetan aurrera egin ahala gehiago sakondu, formakuntza profesionalean edota unibertitate graduetan zeharkako ikasgai gisa. Zeharkako oinarrizko konpetentzia bat behar luke izan, etorkizuneko edozein profesionalek lan-baldintzak eztabaidatzen jakin, negozio bat irekitzeko prozesua ezagutu edota errenta aitorpena egiten jakin dezan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK