Kazetariarentzat altxorra den bozeramaile mihiluze hori, komunikazio zuzendari edo aholkularientzat, zein bozeramailearen erakundearentzat, buruko min iturri izan ohi da. Enpresa munduaz ari naiz. Politikak eredu zoragarriak ematen baditu ere, nork daki ez ote diren komunikazio estrategiak izango… meme bilakatzea, agian, garai zoro hauetan emaitza arrakastatsua izango ote?
Kazetaritzan nenbilen gaztetasuneko garai alaietatik, buruan dut lankideon artean sarritan partekatzen genuen kexa: “Ez du ezer esan”. Titularrak harrapatu behar dituzunean, mezu berririk ematen ez duen bozeramailea dezepzioa da.
Urteen bueltan, komunikazioaren beste aldean aritu ahala, txanponaren beste aurpegia gertuagotik ikusi –eta zenbaitetan sufritzeko– aukera izan dut: bozeramaile mihiluzea eta bere mila aurpegiak.
Berritsuak, zuhurtziagabekoak, ahoberoak… egon badira eta seguru kazetariek maite dituztela. Gehiegizko autokonfiantza dutenak ere bai. Bozeramaile mihiluze espezieen artean ugariena, hala ere, besterik gabe eta prestatu gabe piszinara buruz sartzen dena dela esango nuke.
Inork badu galderarik nire erantzunetarako? Horrela hasten omen zituen bere prentsaurreko guztiak Henry Kissingerrek. Nahikoa eskarmentu izango zuen, baina, hala ere, bere mezuak ongi prestatzeko tartea hartzen zuen eta sorpresak nondik etorri zitezkeen aurreikusteko tartea ere bai.
Bozeramaile batek inprobisatzen duenean, kazetariarentzat aukera ederra zabaltzen da: esaldi deigarri bat, ñabardura interesgarri bat edo titular potolo bat harrapatzeko aukera. Enpresa-diskurtsoaren barruan pitzadura bat agertzen denean —ezustean bada ere—, horixe izan daiteke albistearen bihotza. Oso mezu neurtu eta errepikakorrarekin topo egiten dutenean, aldiz, ez duela ezer esan entzungo da erredakzioetan, ziur. Ulergarria.
Ez al dago, orduan, erdibideko bat? Prestaketa lanetan kazetariaren beharrak kontuan hartzean egon liteke. Ez diot bozeramaileak letraz letra, loro moduan, bota behar dituenik mezuak; jakin, jakin behar baitu non dagoen, norekin eta zertarako ari den. Kazetariak edukia behar du, eta enpresak bere posizionamendua zaindu nahi du. Bi logika horiek ez dira kontrajarriak. Enpresa modernoetan esaten den bezala: win-win
Medioak mamia behar du. Material albistegarria. Iritzi bat izan ala datuak izan. Emaiozu ba. Baina zuk nahi duzuna, ez berak bilatzen duena. Hor dago koska. Eta ez da erraza: egun hobeak eta okerragoak ditugu, testuingurua batzuetan deserosoa izan daiteke, kazetari batzuek nahi baino galdera zorrotzagoak egingo dizkigute edota erantzun emozionalak izan ditzakegu gustatzen ez zaigun zerbaiten aurrean. Ez gara futbol entrenatzaileak izan behar hori gertatzeko.
Bozeramaileak ezin du titularra kontrolatu. Besteak beste, ez delako ez profesionala, ez etikoa –hauxe, ordea, bestelako meloia da–. Baina ezustekoa handiegia izan ez dadin, aldez aurreko prestaketa beharrezkoa da. Bai ala bai. Hor, mihiluzeak baino aukera gehiago ditu etxekolanak txukun egin dituenak, Kissingerren eredua jarraiki.