Pertsonen saileko kidea eta irakaslea

Bukatu da, akabo!

2026ko irailaren 25a - 05:30
Unai Oñederra Lasa

Iraila ez da izan ohi gehienen gustagarri, opor-sasoia amaitu, eta egunerokotasunari aurre egin beharra suposatzen baitu. Herriek berriro bizia hartzen dute, haurrek eskolara joateari ekiten diote, eta nola ez, gurasoak euren lanpostuetara itzuli behar izaten dira. Mutur luze asko ikusten dira bulegoetako mahaien atzealdeetan, garraio-publikoan… egia esanda, bazter guztietan. Urteroko ohiturari jarraituz, egonaldi amaigabeak egiten dira familia-medikuaren kontsulta alboan opor osteko sindromearentzat erremedioren baten eske. Hainbatek entzungor egiten dien arren, fenomeno horrek badu bere mamia.

 

Uztailak ere eman ditu bere onenak, bero sapa nabari da kaleetan, eta egutegiaren atzerako-kontaketa martxan jarri da, orduak, minutuak, segundoak… dena egiten da luze urte osoan hainbeste itxarondako atsedena heltzeko zorian dagoenean. Baina, zer dela eta horrenbesteko desira? Beharra? Oasia gudaren erdian.

Adituen hitzetan beharginen %30-40 inguruk jasango dute opor osteko sindromea, benetan datu esanguratsuak, inongo ezbairik gabe. Ezin da gaixotasun gisa izendatu; aldi baterako ezinegon edota desoreka antzeko zerbait izango litzateke, ondo bidean, egun edo aste gutxiren barruan pasa beharko litzatekeena. Ezinegona, estresa, kezka, eta ezkortasuna, besteak beste, dira seinalerik argienak; halaber, hau izozmendiaren gaina besterik ez da. Askok eta askok uda sasoia “idealizatu” egiten dute, pentsatuz beraien ongizatearen klimaxa lortuko dutela, baina badira urte osoa oporren esperoan egon eta erabateko etsipena jasan behar izaten dutenak ere.

 

Hilabete pasa eta buelta betikora, betiko arazoak, betiko errietak, betiko lan-zama izugarria… dena betikoa eta ezer itxurazkorik ez. Abuztuak badu bere zeresana, edo hobeto esanda, ematen du zer pentsatua. Benetan nahi dudan tokian al nago, amesten nuen bizitza lortu ote dut, edota nire lanak zinez betetzen al dit barrena. Hauek izan daitezke hondartzan etzanda burutik pasa daitezkeen galderetako batzuk, ez bakarrak, ordea.

Egoera idilikoan, egoera horrek existitu ere ez luke egin beharko. Oporrak ilusioz hartu, gozatu eta are gusturago itzuli lanera, ikasturte berriak ekarriko dituen erronka eta gorabeherei aurre egiteko inongo beldurrik gabe, pozez, grinez, indartsu. Idiliko hitza erabili dut, utopia hutsa beste hainbatentzat, eta zoritxarrez, errealitate gordina gizartearen gehiengoarentzat.

Errutinaren gurpil zoroan sartu eta ezin inolaz ere aterabiderik topatu, ezin tarterik topatu bizitzaz hausnartzeko, are gutxiago, baldintzarik gabeko atseden beharraren jatorria aztertzeko. Iraila heldu da, baina ez da berandu, ez da inoiz izango berandu, gizakiak pausua emateko ausardia erakutsiko badu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain