Emmanuel Rodríguez Lópezek El Efecto Clase Media liburuan azaltzen du nola hedatu den espainiar klase ertaina azken hamarkadetan, gizartearen erdigune ekonomiko eta kultural bihurtuta. Mendebaldeko beste herrialdetan bezala, klase ertaina era askotariko faktoreez elikatu da: hezkuntza unibertsalerako sarbidea, ongizate estatuaren hedapena, lan egonkorra… Horien guztien artean, Rodriguezi atentzioa ematen dio burokraziak klase ertainaren egiturazko sendotzean jokatzen duen paperaren inguruan. Administrazioen hazkundeak eta arau-sarearen loditzeak lanpostu egonkorrak, prestigiodunak eta botere sinbolikoz hornituak sortu ditu, klase ertainaren egonkortasun soziala elikatuta. Baina arrakasta horrek, noski, itzal luzea ere badu.
Orain dela gutxi udal funtzionario batek (ohar bat: funtzionario hitzaren zentzu peioratibo guztia baztertu, mesedez, emakume honetan pentsatzerakoan: publikoaren papera modu ekintzaile, zuzen eta malguan defendatzen duen zerbitzari publikoa baita) azaldu zidan moduan, azken urteetan ia edozein ekimen abiarazteko arlo juridikoari kontsulta jarraitua egitea ezinbesteko bilakatu da. Ez da formalismo hutsa: arrisku juridikoa kudeatzea bihurtu da administrazioaren egunerokoaren ardatza, eta batzuetan ekintza bera geldiarazten edo mugatzen duen mekanismoa. Prozedurak, batzuetan, jadanik ez dira tresna, helburu baizik: burokrazia elikatzeko pentsu emankorra.
Europako Batasunak, bere logika integratzailean, azken hamarkadetan sortutako arau-ekoizpen erraldoiak ere eragin du: gaitzetsi ezin den babes juridikoa, baina baita mugitzeko espazio gero eta estuagoa ere. Europako herrialde askotan ekintzaileek, alkateek eta elkarte txikiek diotena antzekoa da: “Kontua ez da zer egin nahi dugun, baizik eta nola ez dioen kontra egiten EBk edo estatuak jarritako x artikulu, y atal edo z zuzentarauari”. Arauak dira iparrorratz, eta iparrorratzak, zenbaitetan, ez du ekintzarako biderik uzten. Horri gehitu behar zaio politikariek duten joera errotua edozein arazo lege berri baten bidez konpontzeko. Legeak sortzen dira, baina gehienetan ekintza-planik gabe, baliabiderik gabe eta adostasun sozialik gabe. Paperezko arkitekturak dira, ederrak agian, baina askotan hutsalak.
Noski, ugariak eta, gehienetan, antzuak dira ere burokraziaren aurkako ekimenak. Nire faboritoa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hartutako hau: burokratizazioaren aurkako borrokan, Desburokratizazio Batzorde bat sortzeko proposamena. Prozedura baten bidez prozeduren gehiegikeria murriztu nahi izatea bezalakorik ez dago. Burokrazia kritikatzeko, burokrazia sortu. Funtsean, horrek galdera bat uzten du airean: burokrazia al da gure gizartearen egitura sakonena, ia-ia kritikatzeko ere haren logikan mugitu beharrean aurkitzen bagara?
Ez da arau-gabetasuna aldarrikatzea, ezta instituzioen ahultzea ere. Baina argi dagoenez, zerbitzu publikoen kalitatea ez da arau gehiago pilatzearen araberakoa, baizik eta gaitasunak argi edukitzearen, erabakitzeko ausardiaren eta erantzukizun partekatuaren emaitza. Gure administrazioek badute aukera bat: paperaren logikatik konfiantzaren logikara igarotzea. Prozedurek tresna izan behar dute berriz, eta ez helburu bera.
Beharbada, klase ertainaren arkitektura isil hori astintzen hasi behar dugu, gizarte arinago eta eraginkorrago baterantz mugi gaitezen. Artikulazio sinboliko eta juridiko horiek kolokan jarrita, agian bide berri bat ireki daiteke, paperez ez, ekintzaz elikatzen dena. Konfiantzan oinarritutako gobernantza.