Burokrazian itota

2025eko urriaren 2a
elena laka

Lehendakariak esana da. Egindakoagatik bular ateraldi batzuk, egin asmo daudenagatik iragarpen multzoa eta autokritikarako atal bat izan zituen osagai lehendakariaren ikasturte hasierako politika orokorrari buruzko eztabaidari hasiera emateko diskurtsoak. Autokritikaren zatian, lehendakariaren lehenengo gaia honako hau: desburokratizazioan gehiago aurreratu ez izanaren kexua. Burokraziak herritarrak, erakundeak eta enpresak ito egiten dituela esan zuen, eta nahiz eta gobernuak hasieratik arazo horri konponbidea jartzeko konpromisoa hartu, oraindik emaitzarik lortu ez izana aitortzen zuen. Burokrazian itotako gizartea gara.

 

Burokraziaren laberintoak sektore guztietarako eta enpresentzat dakarren karga aipatu genuen hemen orain baino lehen. Nekazaritzan, turismoan, osasunean eta unibertsitatean burokraziaz zamapetutako langileek ahotsa altxatu zuten 2024ean, XXI. mendeko administrazioak ezarritako gehiegizko eskaerei aurre eginez. Aurten, irakaskuntza publikoko irakasleek ere aldarrikapenen artean izan zuten gehiegizko burokraziak sortzen dien lan-karga. Eta sektorez sektore joanez gero, nabarmena litzateke langile eta enpresetako kideek egunerokoan lanorduetatik zenbat eskaintzen dizkioten administrazioak eskatutako betekizunak eta baldintzak tajuz betetzeko tramiteetan.

Gernikako Estatutuaren ondoren, Espainiako administrazio hiperburokratikoaren magalean eta haren eredupean sortu zen EAEko administrazioa. Eredu hori alde batetik, eta administrazioaren itzala gizarte eta ekonomiako alor guztietaraino iristeak, hiper erregulazioa tarte, ekarri du edozein jardueratan aritzeko mila paper mila aldiz betetzeko beharra. Paperetan itota, 2015etik aurrera garatuz joan den administrazio digitalak sinplifikazioaren eta harremanetarako erraztasunaren promesa ekarri zuen herritar eta enpresentzat. Usteak ustel.

 

Adibide baterako, 91/2023 Dekretuak, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa, irizpideak ezartzen ditu administrazioarekin modu digitalean harremantzeko. Besteak beste, bakarkako enpresaburuei edo autonomoei administrazioarekin elektronikoki izapidetzeko betebeharra ezartzen die. Ostera, egunero aldatzen diharduten webgunetako interfazeak, sinadura elektronikoekin arazoek eta pertsonen interkomunikazioaren ordez makinen kontra aritu beharrak burokraziaren zama handitu egitien dute eta eguneroko lana petraldu.

Bestalde, berriki, irailaren 16an Arartekoak gomendioa egin dio Hernaniko Udalari berma dezala pertsona fisikoek administrazioarekin harremanak izateko kanala aukeratzeko eskubidea, eta saihestu dezala aurrez aurreko edo postazko bidea erabiltzeari justifikaziorik gabe mugak jartzea. Herritarren eskubideak aitortzeko Arartekoak hartu behar izan du parte. Gaizki ulertutako burokraziaren beste adibide bat.

Digitalizazioak lana eta bizitza ikaragarri erraztu ditu. Ezinbesteko pauso hori eginda, lana errazte aldera, ezin da ulertu administrazioaren eta bertan ardura daukaten pertsonen tema edo ezintasuna burokrazia arintzeko, eta, ondorioz, administrazio-jarduera bati dagozkion arau, agiri eta izapideen multzoak denoi sortzen digun itomenetik ez ateratzeko.