Ez dakit, irakurle agurgarria, inoiz aukerarik eduki duzun Business klasean bidaia batez gozatzeko. Nik, behintzat, sekula ere ez. Eta are gehiago: ez dut inor ezagutzen pribilegiozko baldintza horietan bidaiatu duenik. Geure burua klase ertainean kokatzen dugunok (ertain-ertainean: suposa dezagun kategoria hori oraindik existitzen dela), luxuaren paradigmatzat hartzen dugu horrelako baldintzetan hegan egitea: mortalok gutxiengo aberats guztiz ahaltsu batengatik banantzen gaituen erabateko hesia gainditzea litzateke. Low cost konpainien eta garraio merke unibertsalen garai honetan, premium mailako kabinek status berezia ematen dute. Ez da nahikoa ondare pornografiko bat izatea: esklusibotasuna nabarmendu egin behar da, eta (ondo) ordaindu ere. Hasiera batean gutxi batzuentzat zerbitzu berezi bezala sortu zen arren, azkenaldi honetan business eta antzeko eserlekuak aire-konpainien sarrera iturri nagusi bihurtzen ari dira. Eskari berri eta hazkor horretara egokituz, hegazkinetan handitzen ari da goi mailako plazen kopurua (eta espazioa), bezeroei eskainitako zerbitzuak aldi berean sofistikatuz, xanpain kopatik haratago.
Urte hasierako gertakariek aire-lineenganako erruki (pixka bat) sentiarazi ahal izan ziguten. Urte hasiera ez da samurra izan. Giro geopolitikoak ez die berri onik ekarri: Irani egindako erasoak eta ondorengo Ormuzeko itsasartearen itxierak errekin fosilen prezioak igoarazi dituzte, munduko kerosenoaren erreserbak tentsiopean jarriz. Aurtengo udako oporrei begira, hegaldien batezbesteko prezioak igotzea espero da, eta horrek bidaiari asko atzera botako ditu. Europako aire-lineak hegaldiak eteten ari dira, hegaldi transatlantikoak izan ezik: European Travel Commissionek otsailean adierazi zuenez, inkestan parte hartu zuten (dirudunak, batik bat) estatubatuarren %34k Europara bidaiatzeko asmoa zuten 2026an. Nahiz eta aurreko urtean baino gutxiago izan, badirudi Estatu Batuetako aberatsak izango direla hegaldien merkatuaren bultzatzaile nagusienetariko bat (bestalde, azken urtetan gertatu den bezala). Bere komandante buruaren abentura belikoek ziurgabetasun ekonomikoa handiarazi eta finantza-merkatuetan zurrunbilo nabarmenak eragin dituzten arren, talde honen egoera ekonomikoa hobetu besterik ez da egin azken urteetan, burtsen gorakadaren ondorioz.
Pandemiaren ostean, hainbat ahotsek iragarri zuten errekuperazio ekonomikoak K baten itxura eduki lezakeela: alde batetik, talde pribilegiatuek bere pribilegiozko egoera hobetzen ikusiko dutela; bestetik, klase xumeek narriadura nabarituko dutela euren baldintzetan. Hegaldien merkatuaren eboluzioa horren adibide bat izango litzateke, baina ez bakarra. World Inequality Labek aurreko abenduan iragarri zuen munduko biztanleriaren %10ek munduko ondarearen %75 biltzen duela, diru-sarrera guztien %53 hartuta. Munduko populazio aberatsenaren %0,001ek gizateriaren erdiak baino hiru aldiz aberastasun gehiago kontrolatzen du. Gutxiengo horren ondarea %8 hazi da urtean, batez beste, 1990eko hamarkadatik hona. Baina dena ez diru kontua soilik: Peter Atwater ekonomialari estatubatuarrak dioen bezala, pertsona horien esperientziek hezkuntzan, osasun zerbitzutan, teknologiaren eskuragarritasunean, aisialdian edo (are larriagoa dena) justiziaren aurreko erabakietan ez dute zerikusirik gizartearen gehiengoak bizi dituenekin. Errealitate paralelo horren isla hegazkinetako premium kabinetan (edo Bad Bunnyren kontzertuetako etxetxoan) topatzen dugu: haien esperientziak pertsona arruntengandik bananduta egin behar dituzte. Sare sozialak horren guztiaren lekuko eginez, posible bada.