'Cayo Hueso' eta galdera berriak egiletzaren inguruan

Uda sasoia hasteko, Cayo Hueso, Oihane Amantegirena. Poesia eta pasiozko berbekin idatzia, musika eta usaina dario. Liburuan azken orrian ohar bat: “esaldi bana ostu diet Juan Rulfo, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionaindiari, eta nire testu barruan utzi ditut igerian, inork arrantzatu nahiko balitu”. Ni, daitort, ez naiz gauza izan esaldiok arrantzatzeko. Ez dakit, ezta ere, esaldiak baba Erregetako opiletan legez, osorik eta zati jakin batean, ala gatza janariaren gainean nola, ikustezin baina janari osoa kutsatuz, agertzen diren. Ez dit inporta izan liburuaz gozatzeko.

Kontua da idazleak aurretik miresten dituen beste egile batzuen lana erabili duela bere istorioa kontatzeko. Inspirazioa, omenaldia, aurretik sortutakoa konstantea da edozein motatako sorkuntzan, ezinbestekoa eta zilegia erabat mendeetan zehar transmititu den jakintzan aurrera egin ahal izateko. Idazleak, kasu honetan, lapurtutako idazleen esaldien egiletzaren aitortza egiten du, egiletza morala kontutan dauka, ez, jakina, egiletzatik eratorritako eskubide patrimoniala, lapurtutako esaldiak ez baitira legeak eskatzen duen ustiapen mailara iristen ondarezko eskubideak sortzeko.

Zer gertatuko litzateken, ostera, Cayo Hueso eleberria Amantegik idatzi ordez adimen artifizialak idatzi izan balu? Adimen artifizialaren hastapenean omen gauden arren, testuak, margo lanak, musika lanak sortzen dira AIren bitartez.

Egileen eskubideen aldetik, bi galdera azaleratzen dira AIk sortu ahal dituen lanen gainean:

Lehena, norena da makina batek sortutako lana? Lan horrek sortzen al du egile eskubiderik? Jakinda egile eskubideak bi alor hartzen dituela bere baitan, pertsonala, egilearen aitortzari dagokiona, eta ondarezkoa, lanaren ustiaketa ekonomikoari dagokiona, eratzen al da eskubiderik AIk sortutako lan baten gainean?

Makinak sortutakoak ez du copyrightik sortzen. Egilea da, jabetza intelektualaren legearen arabera, lan bat sortzen duen pertsona naturala. Pertsona tartean ez eta lana makinak sortua bada, ez dago egiletza eskubiderik. Besterik litzateke programaren inguruko jabetza, baina hori bestelako eskubidea litzateke, ez sortutako lan jakinaren gainekoa.

Bigarren galdera da niri zirrara handiena sortzen didana: AIk aurretik sortutako milioika lan erabili baditu lan berri bat erditzeko, aurretik milioika egilek sortutakoa bere egin eta hortik abiatzen bada lan orijinal bat sortzeko, zein arau jarri beharko ditugu jatorrizko egileen lana aintzat izateko? Nola egingo dugu aurreko sortzaile horien aitortza, eta batez ere, nola egingo dugu sortzaileen ahaleginari eta talentuari esker sortutako lanen eskubideen ordainketa? Arazoa da, izan daiteke erantzuna, AIk ez duela kontsultatutako iturria aitortzen, eta beraz, ez dagoela jakiterik zein egileen lana erabili duen. Onartu behar al dugu, ordea, bankuek edozein zerbitzutxo erabiltzearen truke kobratzen duten garaian, sortzaileek euren ahaleginaren fruitua dohainik ematea AI txikitzeko makinari, honek hanburgesak egin eta ogia eta patatak kobra ditzan?

Baliabide berrien aurrean, beharrezkoa da sortzaileen lana modu berri batean babesteko marko juridiko berri bat, non sortzaileak aitortza pertsonala eta ekonomikoa izango duen balizko erabilera guztien aurrean. Zaila izango baita AIk Rulfo, Ordorika eta Sarrionaindiaren esaldiak igerian utzi izanaren miresmenezko aitortzarik ipintzen ikustea, zaila izango den moduan, oraingoz behintzat, Cayo Hueso bezalako kontakizun iradokitzailea makina batek idatzitakoa izatea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK