Nazio Batuen Klima Aldaketarako Esparru Konbentzioaren baitan kokatzen den 27. goi-bilera, COP27 alegia, testuinguru konplexuan ospatu berri da Egipton. Arlo ekonomikoan, pandemia osteko berreskuratze ekonomikoa eta inflazio marka historikoak baldintzatu dute. Horri, Ukrainako gerraren ondorioz sortutako energia krisialdia batu zaio: gasaren hornidura gabetzea eta prezioen igoera, besteak beste. Klima-aldaketari dagokionez, 2022an berotegi efektuko gasen maximoak neurtu dira, baita muturreko gertakari ugari sufritu ere. Horien artean larrienak Pakistango uholdeak izan dira, non 3 milioi desplazatu sortu diren eta 40.000 milioi dolarreko kalteak ere.
Testuinguru konplexu horretan burutetako goi-bilerako agenda luzea zen. Klima-aldaketaren arintzeari dagokionez, iaz Glasgown herrialdeek euren helburuak berrikusteko eta indartzeko konpromisoa hartu zuten, munduko batez besteko tenperaturaren igoera 1,5 gradutara mugatzeko. Horrek eskatzen duen esfortzua handia da, isurpenak %45 murriztu beharko bailirateke 2030erako. Aldiz, ekiditearen arloan Egipton adostutako testuak ez du iazko akordioarekiko aurrerapausorik erakusten: azken testuak ikatza pixkanaka murrizteko deia baino ez du jasotzen, eta hori etsigarria izan da. Hala ere, nabarmentzekoa da Europar Batasunaren eta beste 80 herrialderen jarrera —tartean India, AEB, Norvegia, Australia eta Kanada— asmo handiagoko testu baten alde, zeineak erregai fosil guztien erabilera murrizteko beharra jasoko zuen.
Klima aldaketaren egokitzapenari dagokionez, aurrerapauso garrantzitsuak izan ziren. Horien artean oihartzun handien izan duena galerei eta kalteei erantzuteko sortu berri den funtsa. Baina zer dira galerak eta kalteak? Egokitze edo arintze neurriekin saihestu ezin diren klima aldaketaren inpaktuak dira. Galera eta kalteen gaia betidanik atzeratu da negoziazio klimatikoan; aurtengo goi-bileran, ordea, lehen aldiz sartu da negoziazio-agenda ofizialean. Galera eta kalteen funtsaren bidez atea zabaltzen zaio dagoeneko gertatzen ari diren kalteei erantzuteko baliabideak bideratzeari, eta herrialde urrakorrenen arrakasta garrantzitsua izan da, askoren arabera, lorpen historikoa. Halaber, herrialde industrializatuek 2020tik urtero gauzatu behar ziren finantzaketa-konpromisoak bete ez dituzten testuinguruan gertatu da hori.
Arlo pribatuari dagokionez, hainbat elementu azpimarra daitezke. Hasteko, 200 enpresa baino gehiagok 1.5 graduko helburuari eusteko adierazpena egin zutela. Bidezko trantsizioa bideratzeko lan-programa sortzea ere jasotzen du goi bileran adostutako testuak. Bereziki azpimarratzekoa da greenwashing edo zuriketa berdea ekiditeko Nazio Batuek argitaratutako txostena. Horrek eragileek isurpenak murrizteko konpromisoen inguruan publikoari iruzur egitea ekidin nahi du. Horretarako, ibilbide-orri bat eskaintzen du industriak, finantza-erakundeek, hiriek eta eskualdeek isurpenak zerora murrizteko konpromisoei osotasuna eman diezaieten.
Klima goi-bileren ostean zapore gazi-gozoa izaten dugu maiz. Askotan ez da nahiko genukeen neurrian, edo beharrezkoa den abiaduran aurrera egiten, baina 200 herrialdeek aho batez lortutako adostasuna sekulako zeregina da. Garaipen txikiak bere neurrian baloratzen ere saiatu behar dugu.