Bigarren Hezkuntzako irakaslea

Cronos eta kroskoan zuloak

2022ko azaroaren 11 - 05:30
Amaia Oleaga

Egunotan COP27ren gailurraren berriekin gosalduko du goizetan irratia entzuten duenak. Pobreak omen diren herrialdeei justizia klimatikoaren izenean laguntzeko “finantza-shocka” proposatu du Emmanuel Macronek. Zero askodun zifrak entzuten ditugu gora eta behera, zero kopuruak egungo krisi ekosozialetik ateratzeko klabe bakarra balira bezala. Milaka milioi. Bilioiak. Zero kopuruak aterako omen gaitu atakatik.

 

27. saioa da 1995ean klima aldaketaren existentzia nazioartean onartutzat eman zenetik. Geroztik, urtero krisi ekosozialaren ertz horri erantzuteko nazioarteko konferentziak egin izan dira, 2020ko salbuespenarekin. Eta, geroztik, urtero galtzen dugu aldaketa sinesgarriak egiteko aukera, urtez urte ikusten baitugu hartutako konpromisoak nola geratzen diren sistematikoki bete gabe.

Gure planetaren muga biofisikoen baitan bizi nahi dugunok eszeptizismoz eta doluminez bizi ditugu horrelako akordioak. Hilik jaiotzen zaizkigu, edo lehen pausoak eman baino lehen, haienak egiten du.

 

COP27aren kasuan, sinesgarritasun falta haratago doa. Ez dago ernalduko den akordio klimatiko sinesgarririk Coca-Colaren poltsikotik elikatzen bada, berau baita munduko plastiko kontaminazioaren eragile handienetakoa.

Nolabaiteko esku-hartze batera iritsiko balira ere, Cronosek bere seme-alabekin egin bezala, erditu berri diren konpromiso horiek jaten dituen gai garrantzitsuagoren bat izango da beti. Arazoaren neurria har dezagun: 2020ko itxialdiaren ondorioz, eguneroko ekonomiaren jarduera zeharo eten zitzaigun, ekoizpen jarduera asko geratu egin ziren, lehengaien hornidura kateak kaltetu egin ziren, eguneroko desplazamendu kutsatzaile asko egiteari utzi genion… Eta geldialdi horrekin ere, ez ginen heldu planetaren klima larrialdiak eta krisi ekosozialaren beste adierazpenek eskatzen zuten murrizketa mailara.

Neurrigabeko hazkundean oinarritutako gure ekonomiarentzako 2020ko geldialdia izan zen zaplastekoa ikusita, argi dago eredu ekonomiko honetan sakontzen jarraitzea eta krisi ekosoziala gainditzea helburu bateraezinak direla. Horren adibide da gasa eta energia nuklearra Europar Batasuneko energiarako taxonomia berdean sartu izana. Erabaki hori otsailean, Ukrainako inbasioaren aurretik, proposatu zen arren, gerrak azken bultzada eman dio. Jada ez dago erabaki horren beharrezkotasuna zalantzan jarriko duenik. Ingurumena baino arazo larriagoak daude orain, ez molestatu xehetasunekin.

Hortxe dugu Prateko aireportuaren zabalpenaren inguruan Joan Canadellen analisi tragikomikoa ere: Prateko aireportuaren zabalpena egiteak merezi duela esatea, inbertsioa aldaketa klimatikoaren ondorioek suntsitu aurretik amortizatuko litzatekeelako. Sinetsiozue, kalkuluak egin ditu-eta.

Nabigatzen ari garen itsasontzia hondoratzeko eginahalak egiteak dirua ematen jarraitzen duen bitartean, beti izango dugu aizkoradun norbait kroskoan zuloa egiteko prest. Aurrerantz ihes egin eta atzekoei “hor konpon” egiten ari gara, munduaren alde zortedunean izatea egokitu zaigula aprobetxatuta. Cronosek bere seme-alabak jan bazituen, gu etorkizuneko belaunaldien mundua jaten ari gara. Eta nola ez, hemen Cronosek agintzen du Canadellek eta Coca-Colak baino gehiago: erreakzionatzeko denborarik gabe geratzen ari gara.

Urriaren 29an beste nazioarteko egun bat izan genuen: Deshazkundearen Munduko Eguna. Deshazkundea, aldaketa klimatikoa bezala, jada ez da ate-joka dagoen mehatxu bat. Hemen daude dagoeneko, biak ala biak. Eta era ordenatuan, elkartasunez eta justizia irizpideekin deshazkundeari heltzeari uko egiten diogun indar berarekin helduko zaizkigu ondorioak, aukera izan zitekeena desastre ekologiko eta sozial bilakatuko baitugu.