2026a ez da kolpe bakarrean etorriko, ez da “iraultza” hitzak iradokitzen duen leherketa handi bat izango; pixkanakako eboluzio jarraitu bat izango da, oharkabean gertatzen diren aldaketa txikien metaketa. Horregatik, gaurko artikuluan hurrengo urtean gerta daitekeenaren ikuspegi bat —eta ez aurreikuspenik— landuko dugu, baina inongo asmakizun futurista irudikatzeko asmorik gabe, gaurko joerek bihar zer forma har dezaketen ulertzea baizik.
Teknologian, adimen artifizialak bigarren heldutasun fase batera egingo du jauzi. 2024 eta 2025ean tresna berriak probatzen ibili gara, ahalmenak deskubritzen, promesak handitzen. 2026an, ordea, galdera nagusia ez da “zer egin daiteke AArekin?” izango, baizik eta “non eta zertarako du zentzua erabiltzeak?”. Enpresetan, administrazioetan eta hezkuntzan, AA azpiegitura bilakatzen hasiko da eta gizakiari erabaki kritikoagoak hartzen lagunduko dion tresna izango da. Horrek produktibitatea handituko du, bai, baina baita tentsio berriak sortu ere: lanaren banaketa, arduren esleipena eta balioaren sorrera bezalako kontzeptuak auzitan jarriko direla uste dut. Adimen artifizialak eskatuko duen energia falta ere mahai gainean izango dugu, eta honekin, energia ekoizteko bideen debatea kaleratuko da.
Asmakizun berriei dagokienez, berrikuntzak ez dira zertan hardware ikusgarrietan etorri, baina uste dut humanoideen lehen merkaturatze fasearen urtea izango dela. Ez da masan gertatuko, baina teknologia berrien adopzioan dabilen jendeak beren lehenengo etxezainak izango dituztelakoan nago. Gainontzean, adimen artifizialak gure bizitzetan eta lan-arloan izaten ari den eragina kudeatzen nahikoa izango dugulakoan nago.
Ekonomiari dagokionez, badirudi urtea ez dela lasaia izango. Mundu mailako egoera belikoa eta ziurgabetasuna egiturazkoa bihurtzen ari da guztiontzat, eta horrek, herritarron eta enpresen eraginkortasuna eta erresilientzia lehen lerroan jartzea eskatzen du. Jasangarritasun ekonomikoa hitzak markatuko du urtea, 2025. urtean bezalaxe. Marjina zainduak, bezeroekin harreman sendoak eta epe luzeko ikuspegia zaindu beharko dugu, ez gaitzan ustekabean aldaketa sakon batek harrapa.
Gertuko politikan eta gure gizartean ere aldaketak ikusiko ditugulakoan nago: behingoagatik etxebizitzaren arazoaren aurrean errazak izango ez diren erabakiak hartu beharko dituzte gobernuek, teknologiaren inguruko araudia zorrozten joango da eta herritarren nekea areagotzen. Promesa handiekiko eszeptizismoa eta ustelkeriaren kapitulu berri honek, 2025. urtean hasi zena areagotuko du 2026an. Gero eta balio handiagoa ematen zaio hurbilari, zehatzari eta ukigarriari, eta honek, tokiko ekonomien, komunitateen eta proiektu txiki baina sendoen aldeko joera indartu dezake.
Finean, 2026a ez dut uste hasieratzat definituko dugunik, azken urtean izan dugunaren jarraipen eta areagotze joera izango duen urtea baizik: erabakien —edo hartu gabeko erabakien— ondorioak agertzen hasiko diren urtea. Gakoa ez da aurreikuspenetan asmatzea, etorkizunari galdera egokiak egiten jakitea baizik: zertan jarri arreta, nola prestatu egiturak, eta zer balio jarri erdigunean. Bien bitartean, ondo ospatu egunok eta izan zoriontsu! Urte berri on!