Demografia eta lana

Fenomeno honen muinean jaiotza-tasa txikia eta langile helduen belaunaldi baten erretiroa dago, eta euskal ekonomiarentzat, enpresentzat zein indartsu dauden sektoreentzat funtsezko galderak planteatzen dizkie: nola egingo da ezagutza trasmisioa lanpostuetan? Nondik aterako beharrezko talentua puntako teknologian baino industria tradizionalean badugu produkzio handiena?

Euskal Herriko erronka demografikoaren larritasuna ulertzeko, funtsezkoa da egungo joerak aztertzea. Jaiotze-tasa gainbeheran egon da hainbat hamarkadatan, eta azken urteetan maila kezkagarriak lortu ditu. Biztanleriaren piramidearen oinarria gero eta estuagoa da, eta honek hezkuntza sektorean eragiteaz gain, gainontzeko sektoreentzako ere arazo matematiko bihurtzen ari da demografia. Gainera, 1970 eta 1980 hamarkadetan lan-merkatuan sartu ziren langile belaunaldi baten erretiro-olatua dator urteotan, eta ez dakit zenbateraino garen enpresetan kontziente horrek dakartzan ezagutza eta esperientzia ez galtzeko erronkaren dimentsioak. Lekuko naiz erakundeen partetik kezka handia dela, eta arazoa konpontzen hasteko programa pilotuak martxan jarri dituztela, baina enpresetan —langileria heldua dutenetan batez ere— ez badute lehentasun eta presaz lantzeko gaia ikusten, alperrik dira gainontzekoak.

Erronka demografikoak eragin sakonak ditu enpresa-munduan. Talentu gazterik ez izateak eta langile esperientziadunen galerak eragina izan dezakete euskal enpresen lehiakortasunean, merkatu globalean eta baita ondasun eta zerbitzuen barne-eskarian. Eta honen aurrean zer? Erronka guztia honen helburu konplexuena ez da enpresen neurri edo osasun-finantzarioa mantendu edo hobetzeko irtenbideak bilatzea bakarrik, herri gisa indartzeko bide horretan ekonomia eta enpresaren ikuspegitik zer egin eta nola erraztu daitekeen aztertzea baizik. Zertarako dugu bestela industria- eta lan-sare hau ez bada bertan eta bertan bizi direnek lan egin dezaten? Zenbateraino behar dugu kanpoko talentua? Prest al dago Euskal Herrian lan egiteko? Hala bada, non geldituko da euskararen erabilera lan-eremuan? Eta bizitzetan?

Argi dago Euskal Herriak baduela erronka demografikoan arazo larri bat, eta sormenezko irtenbideak behar direla. Enpresa batzuen ahotan, Euskal Herria lanerako polo interesgarria da Estatu Espainiarreko eta gainontzeko Europako herrialdeetatik datozen langileentzat, baina hori egingo badugu, hizkuntzaren erabileraren aldeko derrigorrezko euskara plan bat behar dugu. Bestetik, gazteen familia- eta lan-bizitza errazteko politikak sustatu behar dira: haur-hezkuntza, ordutegi malguak eta telelana bultzatzea haurren tutoreek hobeto kontziliatu dezaten.

Enpresen aldetik, trebakuntza- eta birziklatze-programak sortzera bultzatu behar dira eta adinaren-kudeaketarako plan bat egitera animatzen, oraingo eta ondorengo langileak beren trebetasunetan eta jakintzetan egunean egon daitezen. Honekin batera, beste eskualde edo herrialde batzuetako langile kualifikatuen etorrerak bertako langile falta konpentsatzen lagun dezake, eta enpresek instituzio publikoekin —oraintxe Bai Euskarari Elkartea egiten ari den bezalaxe— lankidetzan jardun langile horien integrazioa eta kulturarekiko-atxikipena errazteko. Enpresetan gaia lehenetsi eta erronkari heldu besterik ez dugu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK