Dena batera leku guztietan: langile autonomoak

Everything everyweher all at once filma berritzailea da, eta irudituko luke dozena bat pelikula dauzkala barruan. Hala ere, eszena ezin errutinario eta aspergarri batekin ematen dio hasiera kontakizunari: emakume bat ageri da jangelakoa izan ahal den mahai baten atzean, mahaia paperez mukuru, fakturak, kamara gerturatzen denean ikus daitezkenez. Begi kolpe bakar batez asmatu du ikusleak andreak negozio bat daukala (gastu paperak, fakturak), negozioa ez dela enpresa handi bat (kaosa nabarmena da) eta arazoren bat daukala kontuak aurkezteko (etsipena paperak ordenatzen). Gero ikusi dugu ikuztegi bateko jabea dela, eta negozioaren gorabehera guztiez arduratu behar duela: bezeroak artatu, makinen konponketa kudeatu, lokalaren egoeraz arduratu eta haziendako funtzionario zorrotzaren aurrean (itzel Jamie Lee Curtis, ohiko funtzionario herritarrenganako ezaxolati eta kupidagabe paperean, tendinitis eta guzti) kontuak eman. Hori guztia tarteka lapikoko fideoei buelta ematen dien bitartean. Ikuslea konturatu da minutu gutxitan filmeko protagonista langile autonomoa dela. Eta negozio jabe autonomo nik-dena-egin-behar-dut moduan daraman bizitza estresatutik bultzatuta joko duela unibertso paraleloetara.

Zenbat negozio txikien jabe autonomoek ez ote duten beren burua islatuta ikusi bai eszena horietan, bai dena batera leku guztietan esaldian. Desberdintasun ez txikia filmean agertzen den eszenarekiko: paperezko agiriak eta fakturak baztertzera behartuta, orain tori-atari-digital bat eta dena-zeuk-egizu sistema indarrean, administrazioaren digitalizazioak ekarri duen albo ezaugarri berriak ez dauka unibertso paralelo baten antzik, edo agian bai.

Negozio txikien jabeek eta bereziki dendari txikiek erronka ugariei aurre egiten jardun behar dute egunerokoan: gizartearen ohituren aldaketa, alokairuen hazkuntza, digitalizazioa, saltoki erraldoi fisiko zein digitalak, belaunaldien arteko eskualdaketa, eskakizun administratiboen zorroztea. Hotz egiten du herriko dendarien elkarteak elkarte, isolatuta dauden dendaosteetan.

Negozio txikien egoera zein den kontutan izanda eta herriaren bizitzaren zein zati garrantzitsu diren aitortuta, adi irakurri dut egunotan buzoi paperekoetan gainezka egiten ari zaigun hauteskunde publizitatea. Ikusi ditut, tokikoaren gorazarre, herriko saltokiak eta negozio txikiak babesteko asmo on rousseaurrak. Aukera ona daukate ekainetik aurrera udaletxeetan sartuko diren gobernu berriek herritarrengandik gertuen dauden erakundetik asmo onez haratagoko neurri zehatz eta eraginkorrak har ditzaten. Has daiteke udala bera herriko negozioetan bezero izatetik. Oinarrizkoa dirudien arren, Curtis moduko zerbitzari publikoak ere badaude, eta zenbaiti azaldu egin behar zaie. Eta hortik aurrera, balioa eta laguntza eskaini saltoki txiki bat daukan langile autonomoari, egiten duen lana, zerbitzu publikoa ere badena, duin egin ahal izan dezan. Ahal bada, unibertso honetan, paralelo batera jotzeko beharrik barik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK