Denbora faltaz justu nabilela erantzuten ari naiz azkenaldian: “uztaila inoiz baino beteago dator eta denboraz justu nabil”. Hurrengo lerroetan, momentu batez gelditu eta denborari eskaini diodan hausnarketa-denboraren emaitza duzu.
Orain arte justizia soziala baliabide ekonomikoen banaketaren ikuspegitik ulertu dugu. Diruaren bidez. XXI. mende honetan ordea, beste kontu bat ere azaleratzen —eta azaleratzen baino gehiago esango nuke jada— hasi da: denboraren demokratizazioa. Diruaren bueltan mendeak igaro ditugu debatitzen, diseinatzen, erregulatzen, fiskalizatzen… baina eta denboraren inguruan? Nork neurtzen du, nork banatzen, nork arautzen? Denboraren ministeritza beti pelikuletako kontua izan da.
Jende askorentzat denbora ez da inoiz aski: lan ordaindua, zaintza, etxeko ardura, burokraziak, eguneroko zeregin infinituak... Denak jaten du ordua eta denbora horrek ez du estatistikan islarik; ez dago Denboraren Barne Produktu Gordinik. Azken hamarkadan, ordea, paradigma aldatzen ari da, eta denborari ematen ari zaion garrantzia diruaren gainetik nabarmentzen hasia da. Aurreko artikuluan nioenez, aisialdiaren ideia bera ere luxu bihurtu da askorentzat; diruak denbora erosten baitu, eta denbora pribilegio bihurtu horrela. Denbora librea — askatasuna ulertzeko beste forma bat bilakatu da— eta ez dago guztion eskura. Emakumeen kasuan gainera, are eta nabarmenagoa da; izan ere, denboraren injustizia bikoiztu egiten da oso feminizatuak dauden zaintza-lanak direla eta. Gainontzeko lan guztien azpian dagoen lan isila da, denboraren bidegabekeria ikusezinena eta —oraindik asko egiteko dagoen arren— piskanaka balioan jartzen hasi dena.
Gaur egun merkatua ez dago produktu bat saltzeko bakarrik, zure denbora osoa erosteko prest ere badago; ekoizpenaren gainetik, arreta bihurtu da lehengaia. Klik bakarra da negozio-eredu oso baten abiapuntua. Baina klik hori noren denboraren ordainetan? Aisialdirako orduak kontsumora bideratuta daude jada: Netflix, TikTok, podcastak, online ikastaroak. Irakurri, ikusi, entzun, ikasi, korrika egin, hobetu zeure burua... baina ez gelditu. “Ez ezazu denbora alferrik galdu!”.
Denboraren banaketak noiz hartuko du lekua gure politiketan? Zergatik ez da justizia soziala denboraz ere neurtzen? Zergatik ez da zoru komun bat existitzen denok denbora libre izan dezagun? Eta zaintza-lanak ordaintzen? Beharbada, etorkizuneko aberastasuna ez da kontu-korronte baten baitan neurtuko; norberaren denboraren jabetza-mailan egon daiteke gakoa. Utopiko dirudien arren, etorkizuneko justiziaren parametroak akaso ez dira soilik soldata edo zerga-tasaren baitan neurtuko. Eguneroko denboraren kontrola ere sistemaren parte izango da —eta bilakatzen ari da jada—, eta lanaldia murrizteko aukerak, zaintza partekatuaren egiturak, denboraren erabilera komunitarioa, bizitza motelen balioztatzea... bizitzeko espazioaren berreskuratze prozesua gertatuko da.
Denboraren demokratizazioarekin hasi dugu artikulua, eta horretarako ez dugu ahaztu behar egunerokoaren oinarrizko elementurik preziatuena: bizitzeko denbora beharra. Egunak 24 ordu dituela aintza hartzeak aspaldi utzi zion balio izateari.