Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Denborak irakurtzen ikastea

2026ko apirilaren 14a - 05:30
pilar kaltzada gonzalez 106438(2)

Geroak zer dakarren aztertzen duten analisi ekonomikoak irakurtzen jartzen naizen aldiro, argitasuna baino, anabasaren erdian nagoela sentitzen dut. Azterketa horien oinarri zientifikoa sendoa bada, hausnarketa sakona eta zorrotza bada, nola liteke aditu bakoitzak ondorio desberdinak ateratzea eta denak balekoak izatea?

 

Horixe bera gertatu berri zait, kalapita geopolitiko berri honek AEBko ekonomian izan dezakeen epe ertain eta luzeko analisiez diharduen testua irakurtzean (interesa baduzu, hementxe dago: Project Syndicate). Ikerlari batzuek diote hazkunde globala espero baino gehiago hoztuko dela, baina beste batzuek, datu berberekin, ekonomiak espero baino hobeto eutsiko diola defendatzen dute. Inflazioa jaitsiko dela bai, baina nahi genukeen baino motelago, eta horrek interes tasa altuei denbora gehiagoz eutsi beharko diegula iradokitzen dute. Badira, ordea, aurrekoak bezain zorrotzak izanik ere, epe horiek laburragoak izango direla esaten dutenak. Hazkundea moteltzen da, baina ez da erortzen. Inflazioa jaisten da, baina ez da desagertzen.

Euskadin %2,3 inguruko hazkundearekin itxi genuen urtea, aurreikuspenek ziotenaren gainetik, zalantzez beteriko testuinguru globalean sendotasuna erakutsiz. Orain, erritmoa geldotu egingo dela ematen du, eta %1,9 inguruko hazkundea aurreikusten da 2026rako. Enpleguak eusten omen dio, barne-kontsumoak jarduera sostengatzen du eta sektore batzuk txukun ari dira, baina industria —gure gorputzaren bizkarrezurra— nekea erakusten hasia da, Europako ahuleziak eta nazioarteko ziurgabetasunak baldintzatuta.

 

Kontua ez da datuak bat datozen edo ez, baizik eta derrigor bat etorrarazi behar ditugula gu lasai egoteko.

Arrazoia nork duen erabaki behar badugu, jai dugu. Ahots horiek guztiak prozesu beraren pieza ezberdinak harrapatzen ari dira, eta piezak ez dira batera kokatu behar, denbora-eskala desberdinekoak baitira. Batzuek epe laburreko argazkia ematen dute, eta beste batzuk, berriz, epe ertain eta luzeko sekuentzia osatzeko gakoak dira. Geuk bihurtzen ditugu pieza kontrajarriak, gure presak sortzen du ezin ulertua.

Eta hori, nik uste, zeharo kulturala da: kosta egiten zaigu aldi berean zuzenak diren diagnostiko desberdinak kudeatzea. Ziurtasuna behar dugu, eta azkar behar dugu, gainera, marko argiak, kaosa ordenatuko duten titularrak. Eta halakorik ez dagoenean, bada, asmatu egiten ditugu, berehala ulertzeko moduko kontakizun batean sartzeko. Zuzenean bizi dugu eta zuzenean kokatu behar ditugu piezak. Errealitatea erritmo horretan sartzen ez denean, moldatu egiten dugu eta kito.

Ekonomia partida baten markagailua balitz bezala jarraitzen dugu. Inflazioaren datu bakoitza behin betikotzat hartzen dugu; hazkundearen berrikuspen bakoitza erabakigarria dela esaten dugu. Errealitateak, ordea, ez du horrela funtzionatzen: iheskorra da, eta ez da alerta segida batean harrapatzen erraza.

Indarra eta ahultasuna batera doaz. Mugimendua eta geldotasuna ere bai. Bai, kontraesankorra dirudi, baina ez da.

Errealitateak puzzle baten antza du, zeinean pieza-kopuru minimo bat kokatu arte ez den koxkorrik ulertzen, ez da marrazkia agertzen. Horregatik da hain zaila testuinguru konplexuetan erabaki kolektiboak hartzea, prozesuak dauden tokian, guk ziurtasuna eskatzen dugulako.

Informazioa izatea eta ulertzea ez dira gauza bera, inondik ere. Datuak, perspektibarik gabe, kaosa dira. Azkar erreakzionatzen dugu, nahiz eta ganoraz ez aztertu. Berehalakotasuna ohitura baino bizioa da, eta “oraintxe bertan” jakin behar hori, zer gertatzen ari den eta zer etorriko den ulertu behar izate hori, sinplifikazioaren sintoma dira. Irakasle batek ironiaz esaten zigun: "Ez onartu errealitateak titular on bat zapuztea".

Denbora-geruzetan pentsatzen ikasi behar dugu, errealitatea teilakatzen diren geruza askoren metaketa dela ulertuta, baina horretarako gaur egun bereziki urria den zerbait behar da: azterketarako tempusak, deserosotasuna eta zalantzak onartzeko gaitasuna. Beharbada horrexegatik kostatzen zaigu hainbeste erabaki kolektiboak hartzea: prozesuak dauden lekuan guk ziurtasuna eskatzen dugulako.

Gaur egun bizi dugun testuinguru zoroan, gakoa ez da hurrengo hilabeteko inflazio-datua asmatzea edo hurrengo hiruhilekoko hazkundearen hamarrenak aurreikustea, baizik eta ongi ulertzea puzzleko zein pieza den epe laburrekoa, zein ertainekoa eta zein ari den aldaketa sakonagoak marrazten.

Eta horrek berdin-berdin balio du merkatuetarako, enpresentzako eta, gero eta gehiago, ezagutzen genuenaren antzik ez duen mundu honetan ez galtzeko.

Kontua ez da alarma jotzen edo lasaitasuna eskaintzen dutenen artean aukeratzea, ez baitira elkarren aurkariak. Gauza batzuk zuzenak eta okerrak izan daitezke aldi berean.

Erronka ez da etorkizuna hobeto asmatzea, ondorio bizkorregietara garamatzan ditxosozko urgentziatik ihes egitea baizik.