Ezagunak dira lan munduaren eta hezkuntzaren arteko lotura estua zein elkarlana. Azken urteetan, bi esparruen arteko sare zabalak, egituratuak eta emankorrak eraiki dira, eta horiek funtsezko bihurtu dira ikerketa proiektuak garatzeko, berrikuntza sustatzeko edo prestakuntza ereduak garatzeko eta eguneratzeko. Unibertsitateek eta Lanbide Heziketako zentroek enpresekin bereziki bideratzen dituzten lankidetzek aukera ematen dute ezagutza akademikoa eta praktika profesionalak uztartzeko, erronka errealetan oinarritutako esperientziak diseinatzeko eta partekatzeko, eta etorkizuneko profesionalak identifikatzeko eta formatzen hasteko.
Gaur egun ohikoa da hezkuntza zentroek enpresetara jotzea, edo enpresek eurek jotzea Lanbide Heziketako zentroetara edo unibertsitateetara, beren jarduera eta marka aurkezteko, eta, era berean, etorkizuneko langileak izan litezkeen ikasleen artean interesa pizten saiatzeko. Horretarako, hitzaldiak, informazio eta elkarlanerako saioak edo topaketak antolatzen dituzte, ikasleek etorkizuneko aukerak gertutik ezagutzeko. Elkarlana, gainera, gero eta estuagoa izaten da: enpresek erronka errealak proposatzen dizkiete Lanbide Heziketako zein unibertsitateko ikasleei, proiektu akademikoen bidez benetako arazoei irtenbideak bilatzeko aukera eskainiz. Erronka horiek, sarri, industriak dituen behar praktiko eta arazo zehatzetan oinarritzen dira: ekoizpen prozesu baten optimizazioa, datuen bitartez kudeaketa prozesu baten hobetzea, diseinu baten berrikuntza, logistika arazo bati heldu eta irtenbidea proposatzea, edo zerbitzu berri baterako prototipoa sortzea. Ikasleentzat, honelako jarduerak ikaskuntza esanguratsuak eta motibagarriak dira; enpresentzat, aldiz, ideia berriak eta ikuspegi freskoak jasotzeko, bai eta etorkizun hurbilean haiekin batera arituko diren profesionalekin lehen harremana izateko aukera paregabea ere.
Itxuraz, denek irabazten dute: enpresek ikasle gazteen sormenerako gaitasuna eta ikuspegi berritzailea baliatzen baitituzte, eta ikasleek lan munduarekiko lehen harreman zuzena eta benetako erronken inguruko esperientzia jasotzen baitituzte. Hala ere, kontuz ibili behar da, elkarlan horrek arrisku bat ere baduelako. Izan ere, askotan merkatuaren premiak eta enpresen interesak gailentzen baitzaizkie ikasleen garapen pertsonalari eta hezkuntzaren funtzio sozialari (pentsamendu kritikoa garatzea, herritartasun aktiboa sustatzea, hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa bermatzea, etab.).
Gainera, badira beste arrisku eta arazo batzuk ere, halako testuinguruetan maiz ikus daitekeelako dena ez dela aurreikusi edo espero den bezala ateratzen. Esate baterako, aurrekoan, Lanbide Heziketako zentroetara eta unibertsitateetara beren enpresen jarduna azaltzera, lankidetzak proposatzera edo praktikak eskaintzera maiz joaten diren bi lagunekin elkartu nintzen. Horietako batek esperientzia deigarri bat kontatu zigun: gure inguruko unibertsitate batek berariaz gonbidatu zuen, beste lankide batekin batera, ikasleei hiruhileko honetan lantzen ari ziren eduki teorikoen aplikazio praktikoa azaltzera. Hala ere, gertatutakoa bestelakoa izan zen. Aurkezpenak iraun zuen bitartean, gela horretako ikasleen gehiengoak ez zuen arretarik jarri: batzuk elkarren artean hizketan aritu omen ziren, beste batzuk mugikorretatik mezuak bidaltzen, eta zenbait, gainera, ordenagailuetan bestelako entretenimenduetan murgilduta zeuden. Kasurik egin gabe. Profesional horiek egiten ari ziren ahalegina aintzat hartu gabe, inolako interesik gabe. Gertakari horrek agerian uzten du elkarlanaren arrakasta ez dela beti bermatzen, eta ikasleek zein erakundeek benetako inplikazioa behar dutela esperientziak zentzua izan dezan.
Beste lagunak ere, egoera kezkagarri baten berri eman zigun: zenbait eremutan, gero eta zailagoa omen da formatzaile edo instruktore euskaldunak topatzea enpresetan. Lehen euskaraz normaltasunez lan egiten zuten zenbait enpresetan, azken urteotan atzerapausoak gertatzen ari direla azaldu zigun; eta aldaketa hori, gainera, oso denbora laburrean eta ia oharkabean gertatu dela. Une delikatua da. Hainbat arlotan zaildu da euskaraz lan egingo duten profesionalak aurkitzea, eta enpresa askok, premien aurrean, lehentasuna eman diote lanpostua betetzeari, erdaraz bada ere. Alegia, euskara aintzat hartzen den arren, askotan bigarren mailan geratzen da, enpresen lehentasuna baita lanpostua estaltzea eta produkzioa bermatzea.
Urteak eman ditut lan munduan lanean, euskararen presentzia esparru berrietara zabaltzeko eta sendotzeko helburuarekin; eta, orain, institutu batean ari naiz, goian aipatutako horien oinordekoak izango diren ikasle gazteekin lanean... Goiko bi adibide horiekin piztu zaizkit argi gorriak. Orain arte lortu duguna ez galtzeko ez ezik, espazio berriak irabazteko eta etorkizuneko belaunaldi berriei baliagarria izan dakien lan egin behar dugu. Ekintzak behar ditugu. Lehenbailehen.