Denon jokoa: Kahoot

Aurreko asteko notizia izan zen: online ikasketa errazten duen Kahoot plataforma 1.700 milioi dolarreko akordio batean saldu da Goldman Sachs, Lego eta beste zenbaiten artean. Orain gutxi arte kapital publikoa eta pribatua zuen enpresa —Osloko burtsan zegoen— erabat pribatizatu dute enpresaren gorakada ekonomiko eskasa zela eta.

Osloko enpresa ezagunak aurrerapauso handiak egin ditu azken urteotan. Plataforma herrikoi bat eraiki du erabiltzaileek hezkuntzan oinarritutako “jokoak” sor, parteka eta jolas ditzaten. Joko horietan milaka milioi ikasle eta helduk jokatu dute urteetan zehar: kuadrillako dibertsiorako, eskolan ikasteko, txapelketa txikiak egiteko, ariketa mentala egiteko, etab. Enpresak iragarri duenez, erabat pribatua izaten jarraituko du kapital pribatuan oinarritutako hitzarmen batean: Kahoot 1.700 milioi dolarretan balioetsiko duela.

Enpresak aurrerapauso garrantzitsua eman zuen COVID-19 garaian gailurra joaz, eta geroztik, Kahoot e-learning start-upen olatuan jardun da. Beren arrakasta handituz joan zen jendea gela fisikoetatik eta bulegoko espazioetatik urrun egon ahala, konpainiari negozio handia ekarri eta inbertitzaileen arreta erakarriz. Haien hitzetan “ehunka milioi ikaskuntza-saio izan ditu 200 herrialde eta eskualdetan baino gehiagotan parte hartu duten 9.000 milioi pertsonen artean”. Gaur egun, ordaintzen duten milioi bat erabiltzaile baino gehiago ditu.

Baina azkenaldian, beste teknologia-enpresa batzuek bezala, inflazioak eragin duen atzeraldiaren aurka aritu dira lanean, baita zerbitzu digitalek izan duten beherakadaren aurka ere. Aurreko urteko emaitzekin alderatuta, diru-sarrera baxuagoak izan dituzte. Konparaketa bat egitearren: 2023. urteko bigarren hiruhilekoan 41 milioi dolarreko diru-sarrera izan zuten, eta 11 milioi dolarreko EBITDA, aurreko urtean baino %14 gehiago baino ez.

Lehenago aipatu bezala, Goldman Sachs enpresaren kapital pribatuaren dibisioa ari da erosketa zuzentzen, Kahoot General Atlantic (gaur egun akziodun nagusia) eta LEGO bezalako taldeen eskutik. Izenik gabeko beste inbertitzaile eta kudeatzaile batzuek ere izango dituzte partaidetzak Kahoot enpresan.

Lehen softwarea 2018an merkaturatu zutenetik, kapital pribatu eta publikoak aprobetxatu ditu handitu ahala finantzatzeko. Hori dela eta, ohiko Venture Capitalen inbertsioak jaso ditu, Alegia, Northzone, Creandum, SoftBank edota Microsoft eta Disney bezalako inbertsio estrategikoak. Orain gertatutakoa, ordea, ezberdina da. Erabat pribatizatzea izan da helburua, private equity izeneko inbertsio fondo erraldoiek negozio potentzial handia izan dezaketen enpresak erosten dituzte eta ahal bezain besteko zuku —ekonomikoa— ateratzen die. Horretarako, lehenik gastuak murriztetik hasten dira eta lan-taldearen ehuneko bat kaleratuko dutelakoan nago —ez da salbuespena izango—. Normalean negozioari begira ez dauden lanpostuak izaten dira: garatzaileak, bulegoetako langileak, komunikazioa, etab. Ondoren diru-iturri berriak aktibatuko dituzte, eta Kahooten kasuan publizitate gehiago sartzerik badago, baina benetako aldaketa ordainpeko zerbitzua zorroztetik etorriko delakoan nago. Orain arte debaldekoa zen eta hezkuntzara bideratutako plataforma herrikoi bat izatetik, freemium eredua galdu eta ordainpekoa izatera igaroko da. Beraz, etorkizunean Kahooten jolastuko bazara, badakizu ordaindu beharko duzula.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK