Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Desagertu aurretik

2026ko azaroaren 17a - 05:30
Argazkia: Pilar Kaltzada

Internetera konektatzen ginen aldiro, bulegoan abisatu behar izaten genuen, lankideek atea itxi zezaten modemaren zarata gogaikarria ez sufritzearren; txistu eta krakada elektronikoen nahasketa modukoa zen, konexioa lortu arte eten egiten ez zena. Ezagutu ez baduzu, irakurle, adin batetik gorakoon memoriarekin fidatu beharko duzu eta hala ere, nekez azaldu ahal izango dizugu guk bizi izan genuen bezala zer soinu egiten zuten zenbaki-diskoa biraraziz funtzionatzen zuten telefonoek, edota nolakoa zen idazmakinaren teklak sakatzean sortzen zen hotsa. Conserve the Sound izeneko museo digitalean, ordea, horiek guztiak zuzenen entzun ditzakezu. Desagertzeko arriskuan dauden edo dagoeneko desagertu diren soinuak gordetzen ditu.

 

Webgunean sartu gara adiskide bat eta biok jolas egitera. Soinu batzuk berehala ezagutu ditugu, baina beste batzuk kosta egin zaizkigu. Bidaia erromantiko horretan konturatu gara zenbat gauza desagertu diren gure egunerokotasunetik, ia isilpean. Elkarri galdetu diogu ea gai ote ginen esateko noiz entzun genuen azken aldiz soinu bakoitza eta, noski, ezinezkoa izan zaigu. Kasu batean baino gehiagotan, gainera, museoan berriro entzun arte ez gara jabetu aspalditxo dela soinu hura entzuten ez dugula.

Museoa nirekin bisitatu duen adiskideak erretiroa hartuko du hurrengo hilean. Bere lekua beste norbaitek hartuko duela esan diote, baina lantegian ez dute aurreikusi urte hauetan pilatu duen ezagutza nola transmitituko zaion datorrenari. Bere azken lanegunean, atea itxiko du eta berarekin eramango du inongo eskuliburutan jasota ez dagoen jakintza guztia. Kasurik onenean, ez da inor falta denaz ohartuko; kasurik txarrenean, ohartuta ere, ezinezkoa izango da galdutakoa berreskuratzea. 

 

Ekonomian, galeraz hitz egiten dugunean, eskuarki zenbakitan adierazten dugu. Enpresa batek ateak ixten dituenean, enplegu-kopurua, fakturazioa edo jarduera ekonomikoaren galera neurtzen ditugu, eta horrek ematen digu utziko duen hutsunearen sakoneraren neurria. Kontabilitate horretatik kanpo geratzen den kapitala, ordea, isilean desagertzen da. Adiskideak urteetako eskarmentuari esker pilatu duen ezagutza, adibidez; hornitzaile eta bezeroen artean horrenbeste sortzea kostatu den konfiantza edota belaunaldiz belaunaldi garatutako trebetasunak halaxe galtzen dira, zaratotsik gabe. 

Gure ekonomiaren indarguneetako batzuk neurtzeko zailak diren aktibo horietan eraiki dira tradizionalki. Ez gara besteak baino bizkorragoak, gizatiarragoak edo berritzaileagoak, noski, baina gure enpresa-tradizioan pisu bereizgarria izan dute lankidetzarako gaitasunak, lurraldearekiko konpromisoak, ezagutzaren transmisioak edo kooperazio-ereduek. Horrek ez du esan nahi gure industria-iragan guztia gordetzeko modukoa denik. Emakumeen lana ikusezin bihurtu duten praktikak, hierarkia zurrunak edo lan-baldintza onartezinak ere gure historiaren eta orainaldiaren parte dira. Hori horrela izanik ere, gai izango gara erabakitzeko zer ezaugarri gorde eta zaindu nahi ditugun desagertu aurretik? Eta garai batean baliagarri izan arren gaur egun galga bihurtu diren praktikak identifikatu eta duintasunez museora bidaltzeko? 

Eraldaketa ekonomikoa, ia beti, gehitzen dugunaren arabera neurtzen dugu: inbertsio berriak, teknologia berriak, azpiegiturak, produktibitatearen hazkundea eta abar. Zentzuzkoa da hori, baina nik zerrendan beste zerbait erantsiko nuke: gure eredu propio eta bereizgarriaren doinua. Badakigu zer kostatzen den gaitasun produktibo berriak sortzea, baina askoz gutxiago neurtzen dugu lehendik ditugunak galduz gero berriro eskuratzea zenbat kostatuko litzaigukeen.

Aurrerabidearen kontabilitatean galtzen ari garenari ere erreparatu beharko genioke. Zer den ondorengo belaunaldiek ezagutzea nahiko genukeena, zer den etorkizuneko lehiakortasunerako ezinbestekoa, zerk merezi duen eraldatzea desagertu baino lehen. Zerbait hori handia edo txikia izan daiteke, zaratatsua edo isila. Berdin dio. Galtzen den guztiak ez du zertan arrasto argia utzi beharrik; batzuetan, isilpean egiten du ihes.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain