• IRITZIA
  • Deskonexio digitalaren ibilbidea auzitegietan

Deskonexio digitalaren ibilbidea auzitegietan

2025eko uztailaren 16a
josu uriguen

Badira bi urte luze deskonexio digitalari buruzko gogoeta batzuk argitaratu nituela. Bi urte igarota, interesgarria da auzitegiek zer nolako interpretazioa egin duten horri buruz, batez ere, aldi barerako ezintasun egoeran dauden langileekin erlazionatuta. Horretarako, epai esanguratsua aipatuko dut, Galiziako Auzitegi Nagusiak 2025ko apirilaren 25ean emandakoa.

 

Bertan adierazten du aldi baterako ezintasun-egoeran dagoen langile bati behin eta berriz mezu elektronikoak bidaltzeak, deskonexio digitalerako eskubidea ez errespetatzeaz gain, langilearen osotasun moralerako oinarrizko eskubidea urratzen duela, nahiz eta mezu horiek lehendik zegoen hari batekoak izan eta berehalako erantzunik behar ez izan.

Deskonexio digitalerako eskubidea ez dagokio soilik langileak enpresaburuaren eta mendeko pertsonen komunikazioei ez erantzuteko duen eskubideari, baita langilearekin harremanetan ez jartzeko duen betebeharrari ere.

 

Gainera, deskonexio digitalerako eskubidea osotasun moralerako oinarrizko eskubidearekin lotuta dago. Eskubide horren bidez, pertsonaren bortxaezintasuna babesten da, ez bakarrik haren gorputza edo espiritua kaltetzeko erasoen aurka, baita titularraren baimenik ez duten ondasun horietan egindako esku-hartze mota guztien aurka ere.

Kasu horretan, langileak, antsietate-nahasmenduak eragindako aldi baterako ezintasunean, laneko mezu elektronikoak jaso zituen behin eta berriz enpresako langileen aldetik. Aldi baterako ezintasunaren arrazoia gaitz psikiko bat izateak areagotu egiten du osotasun moralerako eskubide horren esku-sartzea, aldi baterako ezintasuneko egoera horretan enpresaren mezuak jasotzeak dakarren ezinegona dela eta.

Enplegatzaileak argudiatzen du mezuak lehendik zeuden harien parte zirela eta ez zutela berehalako erantzunik behar, baina Auzitegiaren ustetan, enpresaren jarduerak ez du betetzen deskonexio digitalaren betebeharra. Langilea aldi baterako ezintasun-egoeran dagoenez, osotasun moralaren aurka egiten du, osotasun morala hertsatzen baitu eta bere duintasuna urratzen, bere bizitzako edozein unetan prest egon dadin enpresaren komunikazioak artatzeko edo, gutxienez, jasotzeko, baita medikuaren bajan egonda ere. Horrek eragotzi egiten du nortasuna askatasunez garatzea justifikaziorik gabeko esku-sartzerik gabe, lan-denboraren muga zorrotzetatik kanpo, eta zaildu egiten du bizitza pertsonalaren eta familia-bizitzaren berezko intimitate-eremua eta kontziliazio-eskubideak gauzatzea.

Gainera, ez da frogatuta geratu komunikazio horien beharra. Era berean, ez zen neurri teknikorik hartu langileak mezu elektroniko horiek jaso ez zitzan, horiek ez baitziren aldi baterako ezintasunaren hasierako unera mugatzen.

Ondorioz, auzialdian ezarritako zigorra mantentzen da osotasun moralerako eskubidea urratzeagatik, eta enpresak 1.500 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio langileari kalteengatik.

Epai interesgarria oso, joko zelaia zehazten duena.