Despopulazio Legea ala hil

Jakina da Nafarroan herri huts asko dagoela, baina zenbat eta zeintzuk? Gogoan dut Nafarroako Gobernuak 1980. urtean argitaratu zuen Catálago de despoblados de Navarra; idazteko makinak eta eskuz marrazturiko mapak izan ziren lan hori osatzeko baliabideak. Fitxa bakotxean hustutako herri baten azalpena eta kokapena ageri zen, eta niri, orriak pasa ahala, barrenak hunkitzen zizkidan txosten horrek, ezin bainuen ulertu nola abandonatu zitekeen herri bat hondakinetan bihurtzera artio. Gure gurasoen etxeko liburutegian egon ohi da liburu hura eta niri, betidanik eta txikitatik, arreta eman izan dit. Gidatzeko baimena lortu bezain pronto, katalogoaren zerrendako herri anitx txekartzera xoan naiz, eta askotan, harri-hondakinak eta sastrakak besterik ez ditut aurkitu herri bat atzeman behar nuen lekuan. Artzibar, Urraul Goiti, Urraul Beiti, Erroibar, Arriasgoiti, Esteribar, Almiradio, La Bizkaia eta Erromantzadoko ibarretan barrena lehenik, eta ondoren, Huescako Pirinioetara, hor dagoen panorama gordinetan gordinena baita, Sobrarbe, Jacetania, Alto Gallego eta Ribagorzako eskualdeetan, bereziki.

Despopulazioa gizateriaren historiaren parte izan da, eta arrazoi ezberdinak izan direla eta, lekuak utzi eta hustu izan dira, izan aukera berriengatik, izan izurriak edo gerrengatik. Pirinioetan fenomeno hori mingarrietan mingarriena izan da; ez zekiten alabaina ondorio hain latzak ekarriko zituenik. Izan ere, horrez geroztik, jendea hirietan pilatuz xoan gara eta makro-hiriak sortu ditugu, jasangarritasunetik sobera urruti.

Hiriak hazi ez ezik, industria ere izugarri hazi zen 1950ko hamarkadan, eta hain izan zen handia sektore horren hazkundea, non eskulanaren eskaria ezin asegarria baitzen. Herritarrak beren etorkizuna hirietan irudikatzen hasi ziren, mendiko lan gogor eta latzetatik eskapatzeko. Gainera, herrian geratzen zirenek kutsatze moduko zerbait jasaten zuten: hots, jada emigratu zutenak xeietarako edo udako oporrak igarotzeko herrira itzultzen zirenean, arropa onarekin, diruarekin, soldata finko batekin, baita kotxearekin ere, bertakoendako inbidia ekidinezina zen. Hori gutxi ez, eta oinarrizko zerbitzurik ezak (hezkuntza, osasuna, ura, argindarra, komunikazioak) heriotza eragin zien herri askori, eta beste askok ozta-ozta biziraun dute egundaino. Era berean, ezin urtegiez atzendu, sarraski handienak eragin dituzten ingeniaritza lan erraldoiak baitira, baina herri-erresistentziaz zainetaraino borrokatuak. Lerro hauetatik txalo beroa Itoitz, Esa eta Janovasen urtegien kontra borrokatu duzuen guztioi.

Baina zerekin aurre eginen diogu despopulazioaren fenomeno geldigaitzari? —geldigaitza ala geldigarria?— Izan ere, saiakerak saiakera, eta Nafar Pirinioetako Planak hiru urte behar dituen honetan, badirudi oraindik ez dugula giltzarekin eman; bien bitartean, despopulazioa abiadan doa, fite-fite. Nafarroako Pirinioetan, adibidez, urtero populazioaren %10 galtzen dugu, eta horrekin batera, oinarrizko zerbitzuak.  

Horiek horrela, herrien despopulazioa eta abandonua argazkien bidez kontatzea izan daiteke, beharbada, egiteko modurik esplizituena, latzena eta krudelena; ez naiz ni argazki-proiektu horretan hasiko argazkilaria ez naizelako, baina 1980ko katalogo hura osatzen hastea ez zen lan makala izanen. Izan ere, irudigintza hizkuntza unibertsala izanik, irudi bakotxak ele bat edo hamaika ele transmititu baititzake, istorioak kontatu, sentsazioak sortu, baita sentipenak eragin ere. Eta apika, horrela iritsi eta hunkitu genitzake Gobernuko talde politikoak, aferak duen larritasunaz ohartzeko eta beharrezko neurriak hartzeko, neurri irmoak. Zernahi gisaz, despopulazioaren legea sortzeke utziko dute maiatzean legealdia Nafarroako Parlamentuan.

Aipatu bezala, Pirinoetako eta Pirinioaurreko ibarretan jazo da modurik gordinenean herrien hustea eta, egoerak dakarren tristura eta atsekabea handia bada ere, herri batzuetan soroak eta lurrak lantzen jarraitu dituzte, abeltzaintza-jarduera mantendu, baita azkeneko hamarkadan zenbait herri huts berreskuratu eta jendeztatu ere: Arizkuren, Gardalain, Zazpe, Lakabe, Urniza, Uli, Zorokiain eta Rala dira biziberritutakoak, hain zuzen, Nafarroako Pirinioaurrean. Herrigintzarako, kudeaketarako, antolaketarako eta elkarbizitzarako aukera berriak ematen dizkiete beren biztanle berriei errautsetatik jaikitako herri horiek guztiek. Nafarroako herrien hustea geldituko delako itxaropena dut, eta honenbestez, 1980an argitaraturiko katalogoak ez dezala jarraipenik izan, alegia, bigarren alea sekula ez dadila argitaratua izan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK