Dieta orekatuaren alde

Ez dakit zenbat aldiz sartzen naizen Twitterren egunean zehar; ez dut sekula izan zenbaki zehatzetara ekartzeko motiborik izan. Beraz, ez dakit sartzen naizen aldiro zenbat txio ikusi edo irakurtzen dudan (ez baita gauza bera), ezta nire bizitzako zenbat egun igaro ote dudan bertan orain arte. Bistan denez, badakit txoritxoaren sare soziala nire ohiko informazio-dietaren zati garrantzitsu bat dela, eta horrekin batera, paperezko egunkariak, irrati tradizionala, telebista, prentsa espezializatua eta beste kanal digital batzuk ere badaude. Dietari modu orekatu batez eusten saiatzen naiz, nire lanbidea dela eta, informazio-kontsumitzaile amorratua bainaiz, baina ezin dut esan batez bestekoaren gainetik edo azpitik nagoen. Elon Musken azken aterraldia dela medio, baina, ez dakizkidan horiek guztiak argitzen saiatu beharko dut, itxuraz, joan den asteburuaz geroztik, Twitterren egun bakar baten ikusi (edo irakurri?) daitezkeen txio-kopurua mugatua izango dugu eta.

Berealdiko zalaparta sortu du iragarpenak, baina aitortu behar dut beste hedabide batek horren berri eman arte ez nintzela jabetu muga berriaz: telebistako informatiboan eman zuten albistea eta horrelaxe jakin nuen, berehala joan bainintzen nire sakelako ikono urdinera, zer gertatzen ari zen ikusteko. Biharamunean, igande goizeko prentsa-irakurketan ere, ugari zekarten egunkari guztiek sare sozialaren erabilerari eragingo dioten neurrien berri. Horrez gain, makina bat meme eta komentario eragin du Twitter ez diren beste sare sozial askotan; nire Whatsappeko talde ia guztietan beste konturik ez zebilen, askotarik blogetarako esteka edo sarbideak barne.

Informazio-kontsumitzaileok transmedia gara, hitzak zer demontre esan nahi duen ez badakigu ere. Egunkariak erosi egiten ziren garaikoa naiz ni, baina gero eta gutxiago gara prentsa saltzen den tokira joaten garenok, baita produktu periodistikoa ordaintzen dugunak ere. Eraldaketa digitalaren lehen urratsetan, kioskotik Internetera jauzi egin zuten hedabideek ihesean zihoazen irakurleak bertan arrantzatzeko, baina bide horrek ere agortzen ari den seinaleak eman ditu. Albisteak irakurtzeko komunikabide baten webgune espezifikora sartzen diren pertsonen kopuruak behera egin du mundu osoan eta 2023an % 22 inguruan kokatu da. Hartzaileak ez dira desagertu, baina, hedabideen domeinurako trafikoaren galera sare sozialen bidezko sarbideekin orekatzen baita, bereziki 24 urtetik beherako gazteen artean. Sare sozialek hankaz gora jarri dituzte informazioaren kontsumo-ohiturak eta itxura denez, komunikabide tradizionalak ekoizten dituen industriak ez du oraindik asmatu zein den aldi berri honi dagokion negozio-eredua. Eta ez da harritzekoa, kalapita handia baita: nola berreskuratu merkatu bat lehiakideetako batek produktua doan eskaintzen duenean?

Twitterren mugimendu berriak iradoki lezake doakotasun hori ez dela egundo sare sozialen eredu bakarra izango, eta espero izatekoa da, nire ustez, beste askok lehendik ere eskaini izan duten premium ereduko zerbitzuaren alde joko dutela. Honek zein garabide izango duen ikuskizun da, baina niri behintzat, ez zait notizia txarra iruditzen. Informazioa eskubide bat da eta, kontsumitzailea naizen aldetik, begi onez ikusiko nuke eskubide horren erabilera enpresariala egiten duenak bere joko-arauak argi erakustea, hartara erabaki ahal izango baitut zintzoa edo zuzena iruditzen zaidan tratua ala ez.

Twitterreko baldintzen aldaketa berri hori aukera ona izan liteke pentsatzeko zerbitzu jakin batzuk doan kontsumitzea abantaila indibidual izateaz gain ez ote den arrisku kolektiboa, gizartearen osasunari erreparatuta behintzat. Irabazi asmo argia duen enpresa den aldetik, Twitterrek prezio bat jarri die bere zerbitzuei, eta hori erabat ulergarria litzateke gisa bereko egitura opako horietara eskuordetu izan ez bagenu informaziorako eskubidea bezain sentikorra den zerbait. Dieta orekatuak bizitza osasungarriagoa sortzen du, platerean zein pantailan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK