Digitalizazioaren arrantzan

Aurreko astean jaso genuen notizia: “Ondarroako portuak enkante eta denda digitala sortu du arrainak etxera eramateko zuzenean”. Arrantza-sektorea orain artean digitalizatu gabeko sektore gutxietako bat dela esan genezake. Sektorearen digitalizazioak aldaketa nabarmena dakar arraina maneiatzeko, banatzeko eta merkaturatzeko moduan eta aldaketa horrek eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko aukera paregabeak eskaintzen dituen arren, erronka garrantzitsuak ere planteatzen ditu prozesuak.

Inoiz ez ditut aitona-amonak lanean ezagutu. Ezaguera dudanetik, beren lanetatik erretiroa hartuta ezagutu izan ditut, baina beti entzun dut haien itsasoarekiko lotura eta itsasoak eman dien lana zein izan den. Aitona —Alegre goitizenez— Pasaiako alturako arrantza-ontzi bateko kapitaina izan zen urte luzez, eta amona Loli, berriz, Donostiako Bretxan arrain-postu txiki baten jabe. Gerora ere amaren zuzenketaren bat edo beste izan dugu etxean, “portua ezetz, Donostiakoa kaia dela” aldarrikatuz. Beti izan dugu kaia eta arratzarekiko erakargarritasun eta miresmena etxean, ogibidea erromantizatzeraino ere.

Aitzitik, garai batean indartsuena zen sektore eta ekonomiak etorkizunik badu, digitalizatzean oinarritu beharko du, derrigor. Tradizioa eta artisauzko lana izateak ez du esan nahi berritu ezin daitekeekin, eta Ondarroan eman berri dute pausoaren alde egin nahiko nuke zutabe honetan. Arrantza-eremu askok ez dute digitalizaziorako behar den azpiegitura teknologikorik: ontzietako abiadura handiko Interneterako sarbiderik eza eta tresna digital aurreraturik eza, esaterako. Gainera, aldaketarekiko erresistentzia eta trebetasun digitalik eza oztopo garrantzitsuak dira beti sektoreko langileen artean. Orain artean natibo digitalek ez dugu arrantzarekiko apustua egin, eta lanean ari direnen artean, sistema digitaletarako trantsizioa egiteko trebetasun nabarmena eskatzen du.

Bestalde, kontsumoari dagokionean digitalizazioak nabarmen hobetu dezake arrain-salmenta. Edonork edonondik egin dezake hemendik aurrera Ondarroako arrainaren erosketa eta 48 orduren buruan etxean izan dezake. Horrek arraina erostera bultzatu dezake normalean arrandegira joateko apetarik ez duena, eta arrainaren kontsumoa hauspotu. Kontrara, berriz, bertaratzen diren bizilagunek aukera eta denbora gutxiago izan ditzakete arraina erosterako orduan. Gainera bitartekariak murrizten dituenez, lanpostu batzuk kolokan jar daitezke, edota lanpostu horiek beste egitekoetan zentratu.

Sektorearen digitalizazioan aipaturiko Ondarroako Ondarresarekin batera lanean ari diren enpresen artean SeafoodChain eta OceanBox azpimarratuko nituzte. Lehenengoak blockchain teknologia erabiltzen du arrainaren trazabilitate osoa eskaintzeko, harrapaketatik hasi eta kontsumitzaileraino, iraunkortasuna eta kalitatea bermatuz. Bigarrena, aldiz, arrainaren e-commerce bat da: harpidedunek eskaera egiten dute, OceanBoxek arrandegiei arraina prestatzeko eskatzen die eta ondoren kontsumitzaileen etxera bidali. Arrandegiak kontuan hartuz, produkzio eta banaketa-kate berria sortu dute, zeinean kontsumitzaileak etxetik eskatu, arrandegiari eskaera egin, arraina bertan garbitu eta prestatu, eta aplikazioak arraina jaso eta beren bezeroei banatzen dien.

Arrantza-sektorearen digitalizazioak onura ugari dakartza, eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetzetik hasi, eta kontsumitzaileei zerbitzu errazagoa emateraino.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK