Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Dilema amaigabea

2025eko ekainaren 2a
Eg. 2025eko ekainaren 2a
xabi murua 2022

Etxebizitza eskuratzeko aukera bihurtu da azken urteetako erronka estruktural handienetako bat. Arazoaren muina ez da berria, baina azken hilabeteetan ageriko bihurtzen ari dira tentsio horiek gutxitzeko iragarritako neurri andana. Horien artean badaude aldaketa sakonago baten hasiera iragartzen duten seinale batzuk: turismo-pisuei zergak handitu nahi zaizkiela iragarri zuen Espainiako Gobernuak, etxebizitza hutsen jabe handien gaineko presioa indartu, eta atzerriko inbertsioari muga jartzeko proposamenak agertu dira. Neurri horiek, oraingoz, norabide aldaketa baten lehen zantzu gisa uler daitezke, baina ez dira oraindik errealitatea aldatzeko nahikoak.

 

Gaur egungo egoera ez da soilik prezioen gorakadaren ondorio edo eskari eta eskaintzaren arteko desoreka mekaniko baten emaitza. Are gehiago: etxebizitza merkatuak —eta harekin batera hiri-egiturak, komunitateak eta bizitzeko moduak— finantzazio logika batean finkatu dira urte luzez eta inbertsio-piezatzat hartu eta ulertu dira. Errentagarritasun ekonomikoa, segurtasun juridikoa eta etekin fiskalak bermatzeko aktibo ona da, eta horrek guztiak ekarri du etxebizitza ondasun bihurtzea, eta eskubide izateari uztea.

Azken hilabeteetako eztabaidetan agertzen ari diren proposamen berriak —berehala aplikatuko diren ala ez alde batera utzita— testuinguru ekonomiko eta sozial baten aldaketa sakon baten atarian gaudela iradokitzen digutelakoan nago. Egungo sistemak, inertziaz, muturreraino eraman du bere burua, eta askorentzat bizitoki bat eskuratzea ezintasun sistemiko baten emaitza bihurtu da. Hori dela eta, errenta ertain eta apalen artean alokairura bideratzen den diru-kopurua jasanezina bihurtu da, eta horren aurrean, merkatu librearen defentsa klasikoak indarra galdu du. “Zerbait egin behar dela ados gaude denok”, baina zer?

 

Gazteen emantzipazioa sistematikoki atzeratzen ari da, belaunaldi arteko transmisioak eten egiten dira, eta hiriguneetan komunitatearen ideia bera ahuldu edo galdu egiten ari da. Premiazkoa da etxebizitzaren inguruko kontzepzio sozial berritu bat eraikitzea. Politika fiskal ausartagoak eta bizitzeko baldintza duinak lehenesten dituzten ekosistema berriak behar ditugu: benetako hirigintza parte-hartzailea sustatuko duten mekanismoak.

Gaur egun etxebizitzaz hitz egitea ezin da gizarteko kezka moral batera murriztu. Eredu ekonomiko baten amaiera da mahai gainean duguna, eta nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko, ikuspegi sistemikoa eta kontsentsu nagi batzuk hasi dira agertzen. Norbanakoek, eragile ekonomikoek eta instituzioek funtzio aktiboa hartu behar dute erronka honetan, etxebizitza eskubide izatera irits dadin, eta ekintzek diskurtsoa aurreratu dezaten. Nor ausartuko da etxebizitzaren trantsizio honetan subjektu aktibo izaten? Konpetentzia administratibo gerra egiten ari diren bitartean, egoerak okerrera jarraitzen du. Dilema amaigabea.