"Esnatu zenean, dinosauroa hantxe kieto zegoen artean". Monterrosoren mikroipuin ospetsua metafora egokia da itzulerak irudikatzeko, tartean den-denak bere horretan jarraitzen duela erakusten digun ditxosozko iraila hau. Aldeak alde, denak berdin jarraitzen du, hor dago dinosauroa eta goizero zure burua ispiluan behatzen duzun bezalaxe begiratu diozu gaur ere, harridura puntu batez, bai, baina honezkero, ohituta. Gero eta zalantzazkoagoa den mundu globala ez da aldatu udako oporren tartean, bere horretan darrai eta ez da egundo agertu dena ongi aterako dela goxo xuxurlatuko dizun salbatzailerik.
Azken laurogei urtetan, ezegonkortasunaren aurkako aseguru kolektibo bat kontratatuta bizi izan gara. Washingtonek arauak ezartzen ditu eta horren truke, ziurtasuna eskaintzen du: nahi beste salerosi, inbertitu eta hazi daitezke asegurudunak beldur handiegirik izan gabe inbasioei, porrot finantzarioei edo gorabehera geopolitikoei. Egonkortasuna bermatzen du aseguru-etxeak eta aseguru-hartzaileak, bere aldetik, egonkortasun hori nola den posible ez duela galdetuko hitz ematen du, badaezpada ere. Bistan denez, aseguru-sistema ez da ez gardena ezta oso demokratikoa ere, denek dakite, baina alegiazko mundu horretan bizi izan gara luzaroan. Aseguru-poliza guztiak bezala, oro har garestia eta desorekatua da —oso bidegabea batzuetan—, baina aldamioari zutik eusteko eta onurak sortzeko balio izan du orain arte. Eta onurak, gainera, ez dira nolanahikoak izan, bereziki aseguratzailearentzat, sistema honi esker Etxe Zuritik kontrolatu baitituzte ekonomia eta segurtasun-politika globalak zuzeneko mehatxu edo eraso larririk zertan eginik izan gabe (salbuespenak salbuespen). Esan gabe doa orotarako aseguruaren sisteman parte hartu duten herrialdeak ere onuradunak izan direla, arrisku mota desberdinetatik babestuta egon direlako. Washingtonen nagusitasun militarrak eta nazioarteko ordenaren mekanismoek beharrezko egonkortasuna ahalbidetu diete poliza ordaindu dutenei: bakea deitu diogu zaintzapeko sistemarekin, mugak egonkorrak izan dira eta horrek hazkunde ekonomiko eta lasaitasun soziala ekarri ditu kasu ia guztietan; ez beti, ez toki guztietan, eta noski, ez pertsona guztientzat. Akastuna? Noski, baina segurtasuna, azken batean, Estatu Batuetako ardura politikoak txandakatzen dituzten bi alderdiek bedeinkatu dute aseguru-emailearen rola orain arte, eta berdin egin dute munduko eragile gehienek.
Zilegi da galdetzea zer gertatzen den poliza ordaintzeko gai ez diren munduko herrialdeekin, baina oro har, galdera hori ez da sekula oso popularra izan. Bidegabekeria ekonomikoek bere horretan jarraitu dute, hitzarmen honen funtsa baita, hain zuzen, segurtasun-sistemaren barruan eta kanpoan daudenen arteko desberdintasuna: mahaian ez bazaude, menuaren parte zara.
Hitzarmena, baina, zartatu egin da Donald Trumpekin, botere politiko eta ekonomikoa (barkatu erredundantzia) ehuntzen dituen laborategietan sortutako dinosauro baldarrarekin. Ameriketako Estatu Batuek negozio-aldaketa egin dute: aseguratzaile global gisa jarduteari utzi eta Adam Posenek "errenta-erauzgailu" gisa deskribatzen duena bihurtu da: ez da deus bermatzen eta apeta hutsaren inertziaz faktura igo eta gehiago ordaintzen ez baduzu zerbitzua eten egingo dizula mehatxua egiten duen abusatzailea da. Bermea eskaintzen zuen eta orain, berau da arriskurik handiena: dolarra ezegonkortzen du, finantza-merkatuekiko konfiantza murrizten du eta aliatuak jipoitu egiten ditu. Paradoxikoa da Txina izatea honetan guztian gutxien sufrituko duena, urteak zeramatzalako mendekotasuna murrizten, aseguru-sistematik kanpo. Orain arte bazkiderik leialenak izan direnak—Kanada, Japonia, Korea, Mexiko, Europa— kolpatuenak dira, edo gara.
Ondorioak larriak dira, eta ez berehalakoak soilik. Epe laburrean inflazioa, hegazkortasuna eta mesfidantza nagusitu dira, merkataritza globala noraezean geratu da eta enpresek baliabide gehiago inbertitu behar dituzte beren burua segurtatzen berrikuntzan, eraldaketan edo hazkundean baino. Epe luzera faktura are handiagoa izango da, auto-babesa nagusituz gero produktibitate gutxiago, lankidetza gutxiago eta oparotasun partekatu gutxiago espero daiteke eta. Dinosauroaren aroa.
Ez dago dena galduta, baina norantza aldatu behar dela aitortu arte nekez aurkituko dugu bidea: dinosauroaren orroek ez digute kanpoko soinuak entzuten uzten. Matonismo ekonomikoaren aurrean, lankidetza multilaterala indartu behar dela esaten da, baina nor ausartuko da lehen urratsa egiten? Lehiarako abantaila ia bakarra elkarrenganako konfiantza izango dela esaten da, baina burua makurtuta dihardugu.
Eta zertan edo nola eragingo du honek guztiak etxean? Mundura zabaldu den ekonomia da gurea, esportatzaileak gara eta Europako balio-kateetara konektatuta gaude: erauntsiaren zirimolaren erdian gaude. Gure enpresak txiki edo ertainak dira eta bereziki sentikorrak dira ezegonkortasunaren aurrean. Ekaitza datorrela jakinda, tximistak jo aurreko barealdia izan daiteke aldi hau, baina badakigu ziurgabetasunak ondorioak izango dituela, kostuetan, erregulazio dibergenteetan eta finantzaketa egonkorrerako sarbideetan besteak beste. Arriskua ez da etorkizun-abstrakzioa: produkzio-sareari, enpleguari eta eguneroko bizitzari eragiten die.
"Aseguratzaile global" baten faltak ez gaitu zertan kaosera kondenatu beharrik, ez derrigorrez behintzat. Mundu mapa berri bat imajina dezakegu, konfiantzaz, ekitatez, ikuspegi ekologiko eta demokratikoaz. Lehengo eredua bertikala eta baztertzailea izan dela jakitun, ordezko hobea, harreman plural, horizontal eta erresilienteen alde egitea posible da. Ez da aukera erraza, baina errazkeriak nora eraman gaituen ikusita, merezi du saiatzeak.
Egoera berri honetan, ez da nahikoa norbaitek arauak zehaztu artean itxarotea: enpresa, erakunde eta lurralde guztiok apustu estrategikoak egiten ditugu etengabe eta heldu da unea horien erantzukizunez jabe egitekoa. Kontua ez da norberaren onurari uko egitea, balio kolektiboa sortzearekin konbinatzea baizik: enplegu duinak, berrikuntza iraunkorra eta elkar-dependentziaren ardura bereganatzen duten aliantzak, besteak bete.
Gure eguneroko erabakiek bidea egiten dute eta bide horrek nora eramaten gaituen erabakitzea gure esku dago. Nora goazen galdetu eta aukera egiteko unea iritsi, eta itxura guztien arabera, bi aukera baino ez daude: dinosauro aseezina elikatzen den belazetara joatea da bat, eta kanpoan zer dagoen esploratzera irtetea bestea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta