Diru zaharraren usaina

Ileapaindegian ilearen kudeaketa egin bitartean, irakurri dut aldizkari batean modan daudela diru zaharreko lurrinak (old money lurrinak zioen gaztelerazko lifestyle aldizkari koloretsuaren bertsioan). Nonbait, diru zaharraren estetika eta bizitzeko modua imitatu nahi duen estiloa modan jarri da, eta jakina, sare sozialen bidez zabaltzen ari. Diru zaharra dutenen antza izan nahi omen du jende fashionak orain, bai jantzietan, bai lurrinetan, bai ohituretan. Bizitza klasikoa, dotorea, ez nabarmen(egi)a, baina estatus soziala markatu nahi duena. Marketan oinarritutako minimalismoa du banderatzat, toki esklusiboetan garatzen du luxua. Diru zaharrak, dio erreportaiak, Kalabriako bergamota, ylang-ylang, jasmin eta Bulgariako larrosaren usaina dauka, besteak beste. Guztia ehun eurotatik oso gorako botila benetan dotoreetan eskura daiteke. Ederrak dira aldizkariak saldu nahi dizkigun lurrin pote horiek, itxura batean behintzat lotuta daukaten mendebaldeko kontserbadurismo olatua baino estetika politagoa daukate.

Ez da asko pentsatu behar ondorioztatzeko, diru zaharra baldin badago (bergamota usaina daukana), diru berria ere badagoela (ba ote du diru berrikoei darien usainen bat?) Kontua da, hortaz, aberats izateko modu desberdinak daudela, diruaren aintzinatasunaren arabera, ez dakit horren beste diruaren jatorriaren arabera. Kontua da moda berriak dirudun batzuren estiloa bakarrik nahi duela imitatu, ez aberats guztiena (dirua imitatu ahal izango balitz bezala).

Beraz, alde batetik dauzkagu betiko aberatsak, dirua aspalditik daukaten familietako kumeak, eta mendeetan edo urteetan gustu on eta aberatsetan hezitakoak, lurrin finak, eliteko formazioa, nabarmenkeriaz jokatzen ez dutenak, eta luxua barrurako eta modu isilean-edo bizi dutenak. Old money klase sozial bat da, eta modak The Hamptonseko etxetzar zurietara begiratzen du: Kennedytarrak eredu. Gurean parekorik balego, baina euskal ligan, Neguri edo Mirakontxara aipatuko genituzke.

Aberats izateko bigarren modua aberats berriei lotuta dago, inork gutxik bere buruari aitortzen dion izaera. Familia dirudunean jatorria eduki ez, badaezpadako edo inolako heziketaren jabea, halako batean aberastu dena eta aberastasuna handikeriaz erakutsi behar duena. Dena handia, dena arrandia, dena erakusgai. Guztiok identifikatu dezakegun futbolari mega-izarren parekoa. Aberats berrien estiloa baina, ez omen da sare sozialetako imitazioaren helburu, dotoretasuna diru zaharrean hazitakoek islatzen dute, eta jende xeheak, oi, dirurik ezean, behintzat diru zaharraren itxuraren islada izatea amesten du.

Aberatsa izateko hirugarren bidea (beti dago hirugarren bide bat), erdibidean edo, utzidazue opor giroko txantxatxo bat egiten, eibartarroi egozten zaigun esaldiarena da: guri aberatsak izateko harrokerixia bakarrik falta jaku. Dirua eta harrokeria esaldi bakar batean, gehiago zaharretik edo berritik, norbere iritziz.

Orain galdera handia diruaren antzinatasunaren inguruan: zenbat belaunaldi behar ditu diru berriak zahar bihurtzeko? Gaurko zenbat diru zahar ez ote datozen, adibidez, 36ko gerratik, irabazlearen bandoan ondo kokatu, kontsezio bat lortu, negozio ilunak egin edo zuzenean espoliaziotik eskuratutako ondasunak metatzetik. Edo nola eraiki dira fortuna handiak, bergamota lurrinetatik urruti, espekulaziotik edo esplotaziotik gertu, inongo glamourrik eta fineziarik barik.

Euskaraz, diru hitzak hitzak 235.135 agerraldi dauzka egungo testuen corpusean. Diru zaharrak ostera 64 besterik ez. Euskaraz ez omen dugu diru zaharra eta berria gehiegi desberdintzen. Zaharra gehiago erabiltzen dugu bestelako izen batzuren ondoan, adibidez, lege zaharra totema, edo kale zaharra Euskal Herriko herri askotan. Harantzago joanda, Azkoitian kale beltza esaten diotena ere badago, diru beltzarekin eraikitako etxezarrez osatutako kalea, diru zaharra edo berria ote.

Gure hiztegian diru zaharra baino diru zakarra zaigu ezagunagoa, Lete poetari esker. Diru zakarra tamalez ez da kontzeptu erakargarria gure ereserki nazionaletako batean aipamen berezia badu ere. The Hamptonseko lurrina izan badezakegu, nork nahiko du diru zakarraren usaina izan?  

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK