Prezioak gorakada betean dauden garai honetan, egoera ekonomikoak berebiziko garrantzia hartu du, norbanakoon poltsikoak ataka larria pairatzen ari baitira. Dena gero eta garestiago, hilabete amaierara ezin heldu eta apur bat ere aurrezteko abagunerik ez; hori da langile klasea jasaten ari den egoera latza, miseria gorria. Hori dela eta, egoerak ezinbestean diruarengan arreta handiagoa jarri behar izatea dakar, eta nola ez, lan-munduan ere nabaria da egoera, dirua edozeren gainetik jartzen baitugu.
Zenbaitek diote gure ogibideak,neurri handi batean definitu egiten duela gure aiurria, nolakoak garen, nola pentsatzen dugun, edota zein ingurumaritan mugitzen garen. Aldiz, egun, badirudi gure balioek ez dutela zeresanik; izan ere, ondo ordaintzen badute bost axola zertan aritzen garen, baita gure printzipioen aurka badoa ere.
Indeed enplegu agentziak argitaratutako ikerketa baten arabera, batez ere gazteek dirua ongizatearekin lotzen dute, dirua zoriontasunaren giltza delakoan baitaude. Adinean aurrera joan ahala, soldataren garrantzia txikiagotzen da; kontziliazioa, malgutasuna, edota lan-giroak pisua irabazi ohi dute eta. Zerbitzu publikorako bokazio izpirik ez duten zenbat mediku, irakasle, edota langile publiko ote daude mundu honetan, eta era bertsuan sektore pribatuan ere. Bokazio bakarra, lansaria.
Nik neure buruari ondoko galdera egiten diot etengabe, apika, erantzun zuzenik egon ez arren. Benetan merezi du bizitza guztia pasatzea benetan asetzen ez zaituen zerbaitetan? Zure benetako balioen kontra doan horretan? Edo, are gehiago, zinez gorrotatzen dituzun zereginetan? Ez dago esan beharrik dirua, ba nola ez, dirua dela; hala ere, zoriontasuna ordainezina da, edo izan beharko litzateke behintzat.
Etorkizuna beltz irudikatzen dut, gero eta berekoiagoak, bakartiagoak, eta nola ez, diruzaleagoak. Hurkoarekiko inongo enpatiarik ez, geurea eta geureari bakarrik begiratzen diogu; beraz, ondoriozta daiteke diruak itsutu egiten gaituela, zentzuaren argitxoa lausotu, edota zentzu hertsian, harroputz galantak bilakatu.
Garai latzak datoz, solidaritatea badoa pikutara, eta bitartean betikoak patrikak bete eta bete. Dirua ez da arazoa, honen banaketa baizik. Ez dago, ordea, aldaketarako esperantza printzarik, eta bai, aldiz, okerrera joango denaren aurrekaririk. Etor dadila etorri behar duena, baina, zer gerta ere diru-zorroa beteta harrapa gaitzala.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta