Diruak ez du hotsik egiten

Kafesnea, 1,60. Ogia (eta nire buruari saritxo bat emateko kutixia), 2,55. Gasolina 54,50. Diru-zorroa ukitu gabe eman dut eguna, baina erosi beharrekoak erosteko eragozpenik ez dut izan. Eskudirua zertan erabili ez dut izan eta ohartu naiz denbora dezente igaro dela kutxazain automatikotik pasa nintzen azkenekotik.

Gaur egun, munduan erabiltzen den diruaren % 95 inguru elektronikoa da, poltsikoan gorde ezin den dirua. Kopuru txiki-txikia baino ez da, beraz, eskutik eskura eraman daitekeena, herri bakoitzeko diru-masa deitzen den hori: billeteak, txanponak eta txeke, txartel eta sakeleko aplikazioen bitartez bankuetatik atera dezakeguna.

Eskudirurik gabeko mundurantz goaz? Erantzuna begien bistakoa iruditzen bazaizu, irakurle, kasu Suediako adibideari. Bertan halaxe izango dela iragarri zuten aspalditxo eta asmo horren erakusgarri, zera irakur daiteke gobernuaren webgunean: “Eskudirurik gabeko ordainketak Suediako bizimoduarekin eta suediarron identitaterekin bat datoz”. Hala ere, erabateko digitalizaziotik pauso bakar batera dauden arren —edo agian horrexegatik—, kontrako olatua ez da atzean geratu eta Kontantupproret (eskudiruaren matxinada) mugimendua sendo dabil bertan, eta milaka dira diru elektronikoa erabiltzeari uko egin dioten herritarrak, ez teknofoboak direlako, bide horrek dakartzan arriskuez ohartu nahi izan dutelako baizik.

Izan ere, eskudirua desagertzeak nahitaez dakar herritarren erabateko bankarizazioa eta horrek gizarte-desberdintasunak areagotuko ditu, sistema horietarako sarbidea ez duten giza-talde zaurgarrienen kaltetan, noski. Estatu Batuetako zenbait udaletan urte batzuetatik hona denda eta jatetxeetan digitalki soilik ordaintzea debekatzen duten legeak indarrean sartzen ari dira, San Frantzisko edo New Yorken, adibidez. Indian, 500 eta 1.000 errupiako billeteak —7 eta 14 euro, hurrenez hurren— kentzeak ekarri zuen esperimentazioak likidezia falta masiboa ekarri zuen, eta ehunka pertsona hil ziren transakzio erraz bezain funtsezkoak egiteko ezintasunagatik.

Diru fisikorik gabeko gizarterantz goazela argi erakusten dute datu guztiek, baina ez legoke batere gaizki pauso horren albo-ondorioez gogoeta egin eta gero aurrera egitea. Bazterketa ekonomikoa erabatekoa izan daiteke milioika herritarrentzat, atzeraezina, eta aurrera egingo dutenen artean, adibidez, pribatutasun-arazo larria sortzen da, transakzio elektroniko bakoitzarekin uzten dugun arrasto digitalak zer bide egiten duen ezin baita inolaz ere bermatu.

Kontua, baina, ez da horretan geratzen, kultura-aldaketan ere ondorio sakonak izan ditzakeelako. Historikoki, eskudirua gure bizitzaren zati integrala izan da, eta zeregin garrantzitsua izan du kulturan eta gizarte-interakzioetan. Diruaren truke fisikoa balioaren sinbolo ukigarria izan da, eta eskuzabaltasuna, esker ona edo erosteko ahalmena adierazteko bidea. Truke-bide hori pixkanaka desagertzeak gure balioen pertzepzioa alda lezake, eta besteekin harremanak izateko modua eraldatu.

Diruaren erabilera konfiantza-printzipioan oinarritzen da. Ontzat ematen dugu trukerako bitarteko hori erabiltzea bere berezko balioa zalantzan jarri gabe. Euro batek euro bat balio duela ziurtzat ematen dugu besteek ere halaxe egingo dutela badakigulako. Banku-apunteek, txanponek eta zirkulazioan dauden billeteek ez dute berezko baliorik, guk aitortzen dioguna baizik. Dirua fikzio bat da, baina fikzio partekatua den neurrian, funtzionatu egiten du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK