Eusko Ikaskuntzako lehendakaria

Diruaren hizkuntza

2022eko apirilaren 28a
Eg. 2022eko apirilaren 28a
ana urkiza

Finantza sektorea omen da bezeroari zerbitzua euskaraz eskaintzeko urrats handienak eman dituena. Kontsumitzailearen dekretuari zintzoen atxikitzen zaiona, alegia. Baieztapen honek badu, hala ere, bere ifrentzua. Finantza erakundeen negozio ezberdinetan murgildu ahala, laster konturatuko gara partikularrei zuzendutako banka dela, batez ere, euskaraz aritzen dena. Banka pertsonal edo pribatuari dagokionean, edota enpresekiko harremanetan, hizkuntzaren erabilera kolorebakartu egiten baita.

 

Badira pertsonak “numeroak” gaztelaniaz kontatzen dituztenak eta banketxe batean “numerotaz” gaztelaniaz baizik ezin dela aritu pentsatzen dutenak. Eta badira pertsonak banka pertsonaleko edo banka pribatuko zerbitzu goi-mailakoa gaztelaniarekin baizik erkatzen ez dutenak. Burtsan aritzeko edo funtsetan inbertitzeko euskarak balioko ez balu bezala. Euskaldun dirudunik ez balego lez. Diruak kolorea balu legetxe. Hizkuntza propio bat.

Zaharra zaigu behin fisikari aditu batek esandakoa: fisika kuantikoaz euskaraz aritzeko, fisika asko jakin behar dela. Ekonomia gaietan ere halatsu da. Ekonomia gaietaz euskaraz aritzeko, ekonomiaz jakin behar da. Hizkuntza (kasu honetan, euskara), ekonomiaz ulertzeko darabilgun tresna baizik ez baita.

 

EnpresaBIDEAk uste okerrak uxatzen lagunduko digulakoan nago. Ekonomia eta enpresa gaiak normaltasunez euskaraz irakurtzen, ulertzen eta mamitzen. Gure eguneroko hizkuntzan jasotzen. Modu errazean, lauan, berezkoan. Hizkuntzak ez baitu gaien tratamenduan mugarik (fisika kuantikoaz hitz egiteko ez, bederen), ez eta bezeroen artean bereizketarik egiten (inbertsiogileen eta aurrezkizaleen artean, guk dakigunez behintzat).

Ohitura txar eta aurrejuzgu gehiegi ditugu ekonomia eta enpresaren inguruko gaien zailtasunari dagokionean, eta baita euskararen erabilerari dagokionean ere. Hizkuntzari egotzi asmo dizkiogu gure erosotasun eremua galtzeko beldurrak sortutako mamuak oro.

EnpresaBIDEA jaio da, bada, euskarak irabazi gabe zuen lurralde honi (ekonomia eta enpresa munduari) gure eguneroko hizkuntzan, euskaraz, egunero gure begiekin begiratzeko. Eta, beraz, ekonomia eta enpresa eremua, gure ohiko eta hurbileko mundu bilakatzeko.

Ariketa on EnpresaBIDEA!