Diruaren kontrako efektua

Edozein enpresaren ibilbide zirraragarri eta zalapartatsuan, kanpoko-finantzaketa aukera baliotsua izaten da ixtea saihestu edota azkarrago hazteko helburua dutenean. Arrisku-kapitalak aukera paregabeak ekar ditzakete, baina baita ekintzailearen pentsamoldea usteldu ere. Azken urteotan debalde 'banatu' da dirua eta orain merkatua beltzago daudenean, Power Point egoeran daudenak alde batera utzi eta irabaziak lortzera zuzendutako negozio-ereduen xerkan hasi dira inbertitzaileak. Orain, erronka inbertitzaileen diruak nola eragin dezakeen erabakiak hartzean eta ekintzaileek argitasunez pentsatzeko duten gaitasuna identifikatzean dago; izan ere, inbertitzaileen diruak, zenbait egoeratan, erabaki arrazionalak eta estrategikoak hartzeko gaitasuna zaildu eta mozkortzeraino eraman ditu enpresa asko eta asko azken urte hauetan.

Epe laburreko errendimenduaren presioa da haietako bat: inbertitzaileek enpresetan duten diruaren ondorio nabarmenetako bat inbertsioaren itzulera azkarra lortzeko presioa da. Inbertitzaileek, noski, emaitza positiboak arrazoizko epe batean ikusi nahi dituzte, —3-5 urte gehienetan— eta horren ondorioz, start-upen sortzaileek berehala hartu behar dituzte erabakiak eta epe laburreko helburuetan jarri behar dute arreta, epe luzeko estrategien ordez. Etengabeko presio horrek zaildu egin dezake erabakiek epe luzean izango dituzten ondorioak argi eta garbi pentsatzeko eta aztertzeko gaitasuna. Inbertitzaile ona baldin bada, normalean horrek ez luke arazorik izan behar, presioak enpresa asko hiltzen baititu.

Bigarren arrisku bat ere bada, inbertitzaileen diruak iritzi eta interes espezifikoak izaten baititu maiz. Inbertitzaileek izan ditzaketen itxaropenak ez datoz bat ekimenaren sortzaileen jatorrizko ikuspegiarekin. Inbertitzaileei atsegin eman nahi zaienean, ekintzaileek beren ikuspegia alda dezakete edo enpresaren xedearekin eta funtsezko balioekin bat ez datozen erabakiak har. Ikusmenaren distortsio horrek norabide estrategikoan argitasun falta eragin dezake eta hasierako ideia erabat desbirtuatu. Inbertsore on batek inoiz ez du ekintzaileen elkarrizketa eta erabakietan parte hartuko, erabat beharrezkoa ez bada.

Bestalde, inbertitzaile-fondoak eskura izateak arrisku finantzariora gutxiago hurbiltzea eragin dezake, baina paradoxikoki, sinesmen hori ez bada ongi kudeatzen, areagotu ere bai. Dirua ez da infinitua eta, kontaktu edo harreman onak izan ditzakegun arren, orain arte erabilitako dirua ez badugu negozio-ereduaren aldagaiak aurkitzeko erabiltzen, aukera handiak daude bat-bateko diru-etetea egotea eta gelditzen den diru guztia ezerezean xahutzea.

Eta diruaren erabilera txarraren azken kausa bat, inbertitzaileek azkar hazteko egiten duten presioak hazkundean ikuspegi obsesiboa izatera eraman dezake iraunkortasuna mapatik kendu eta galtzeraino. Ikuspegi horrek, azkarregi ematen bada hazteko apustua, aurre egin diezaioke ekintzaileen gaitasunari eta enpresa pikutara bidali.

Hortaz, arrisku-dirua lortu aurretik, kontuan izan beharreko irakurketa batzuk: inbertitzaileen dirua finantzazio-iturri erabakigarria izan daiteke enpresa askorentzat, baina garrantzitsua da onartzea ondorio kaltegarriak izan ditzakeela zuhurtasunez erabiltzen ez badugu. Emaitza azkarrak lortzeko presioak, jatorrizko ikusmenaren distortsioak, gehiegizko gastuaren arriskuak eta eskalagarritasunarekiko obsesioak ekintzaileek argi eta garbi pentsatzeko duten gaitasuna eragotzi dezakete, eta enpresaren itxierara eraman. 

Hori saihesteko, hasieratik enpresaren negozio-ereduaren aldagai osasuntsuak lortzen enfokatu behar dugu, eta funtzionatzen ez duela ikusten badugu, azkar pibotatu. Logiko eta arrunta dela pentsa genezakeen arren, egun sortzen diren enpresa asko eta askok, negozioa martxan jarri baino, nahiago dute lehenago inbertsoreen dirua lortu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK