Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Diziplina eta iraupena gako

2026ko apirilaren 27a - 05:30
xabi murua 2022

Ideiak, inspirazioa eta proiektuak ez dira falta, benetako eskasia proiektuei jarraipena ematean dago. Hastea gero eta errazagoa da, eustea, gero eta zailagoa. Lanean zein bizitzan, askotan arrakasta momentu puntualen emaitza dela pentsatzen dugu: ideia on bat, erabaki azkar bat, momentuko aukera ondo aprobetxatzea… ”pelotazo” bat ematea. Baina epe luzeko proiektuak eta arrakastak beste logika batean funtzionatzen dute, ez baitira egun bateko kontua edo astebeteko emaitzaren erakusle. Errepikapenaren gainean eraikitzen dira, errutina txikien jarraipen eta diziplinarekin.

 

Inork presionatzen ez gaituenean, aspertu garenean, beste lehentasun batzuk agertzen direnean… aurrera egitea da diziplina. Hor dago benetako erronka: norberak bere buruarekin sinatutako kontratuari eustean. Konpromiso eta iraupenaren eskasia dago gaur egun, eta hori lantzen duenak, asko du irabazteko. Hilabete honetan EnpresaBIDEAk lau urte bete ditu. Lau urteko diziplina irmoa. Munduak, eta kasu honetan Euskal Herriak, etengabe ematen dizkigu istorioak, ideiak eta kontatzeko edukia. Beti eduki du EnpresaBIDEAk zer kontatua, baina, kasu honetan, nire iritziz erronkaren zailtasuna beste leku batean egon da: astero esertzea, idaztea eta argitaratzea, gogo edo motibazio falta dugunean ere konbikzioz eta misio bati jarraiki egiten dugun lan errepikakorrean irautea.

Bizi garen testuinguruak ez du laguntzen. Edukien kontsumoa azeleratua da, arreta asko zatikatzen dugu, eta dena segundo edo egun gutxitan egin behar da. Ohiturak birmoldatu ditugu: dena berehala nahi dugu, baita arrakasta eta lanaren emaitza ere. Proiektu guztiek pazientzia, isiltasuneko lana eta konstantzia eskatzen dute, eta hori lagunok, gaur egun topatzea miraria da. Esaterako, korrikaren fenomenoarekin gertatzen ari dena oso argigarria iruditzen zait: gero eta jende gehiago hasten da korrika egiten, baina zenbat dira urte osoan zehar errutina mantentzen dutenak? Zenbat dira euria egin, hotza egin edo nekea pilatu arren irteten direnak? Aurrera egiten dutenak eta benetako hobekuntza dutenak ez dira egun onenetan edo gogoa dutenean bakarrik korrika egiten dutenak, egun arrunt edo kaskarretan ere ateratzen direnak baizik. Proiektuen progresioa ez da momentu ikusgarrietan gertatzen, kilometroz kilometro egiten da, egunez egun.

 

Epe luzeko konpromisoak badu beste ondorio sakonago bat: identitatea eraldatzen du. Ekintza errepikatuak ohitura bihurtzen dira, eta ohiturek nor garen birdefinitzen dute. Ez gara soilik “noizean behin korrika egitea gustatzen zaidan pertsona”; korrikalari bihurtzen gara. Ez gara “antzerkia gustatzen zaiguna”; aktore edo antzezle bilakatzen gara. Eta identitate horrek, behin eraikita, sostengatzen du diziplina.

Agian, gure buruari egin beharreko galdera ez da bizitzan zer lortu nahi dugun, baizik eta zer egiteko prest gauden denboran zehar, inork begiratzen edo apreziatzen ez duenean ere. Zein ekintza txiki errepikatzeko gai garen urteetan zehar, zalantzekin, nekearekin eta distrakzioekin bizi arren. Hor dago benetako diferentzia, eta hortik sortzen dira benetan irauten duten proiektuak. Nik, EnpresaBIDEArekin batera, lau urte bete ditut astez aste —edo ia astez aste—ekonomia, teknologia eta ekintzailetzaren inguruan jardunean. Badira asteak hitzak edo gaiak zailago ateratzen direnak, baina aizu, nire buruarekiko erronka polita izaten ari da, eta EnpresaBIDEAk duen misioarekin konbikzio osoz bat egiten dudanez, bide zoragarria izaten ari da.