EHUko irakaslea, Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saileko eta Hegoa instituko kidea

Donutaren ekonomia

2025eko ekainaren 6a
eduardo malagon

Askoren esanetan, gizakiok gizaki bihurtu ginen kobazulotan lehen irudiak marrazten hasi ginenean, orain dela milaka urte. Harrezkero, irudien indarrak edozein ideia bat ozenki hedatzeko adibide ugari utzi ditu historian zehar; artean eta erlijioan, adibidez. Gure ikus entzuneko zibilizazio honetan irudiak bere nagusitasuna erakutsi du. Idatzizko hitza ezinbestekoa izan arren, irudirik gabe mugatua azaltzen da askotan, ahula. Irudi egoki baten bultzadak mezuaren oihartzuna zabaltzen du, eta horrela irakasten da marketin eta publizitate eskoletan.

 

Beraz, zuzen ariko litzateke Kate Raworth, ekonomian tresnarik potenteena ez dela dirua, ezta aljebra ere, arkatz bat baizik, esaten duenean. Zergatik dio hori? Arkatz baten bitartez mundua "ber-marraztu" dezakezulako. Eta hala egin du Oxfordeko unibertsitateko irakasle honek, bere ekonomiaren donutaren bitartez. Bai, izena ez da bereziki erakargarria, baina bere adierazpen grafikoak oso argi uzten ditu gure sistema ekonomikoaren ahuleziak eta mugak. Teoria ekonomikoen ikasketak ez zuen ase Raworthek zuen mundu errealaren erronkan ulertzeko beharra, eta nazioarteko erakundetan eta herrialde txiroetako talde zaurgarrienekin lana egin ondoren, bere frustrazioaren ontzia gainezka egiteko zorian zegoela sumatzen zuen. Ikuspegi konbentzionalak baztertu, eta ekonomia Gizadiaren epe luzeko erronken ebazpenean zentratzea erabaki zuen orduan, eta horretara bidera zitekeen pentsamendu ekonomiko baten peskizan hasi zen. Eta arkatzaren laguntzaz, Gizadiak lortu beharreko helburu horiek bi eraztun kontzentrikotan elkartu zituen. Barneko geruzan, oinarri soziala zegoen; hau da, giza gabezia nagusiak: gosea, analfabetismoa edo emakumeen eskubideen urraketa. Kanpoko eraztuna sabai ekologikoa zen: planetaren narriaduraren elementu kritikoak: aldaketa klimatikoa, bioaniztasunaren galera edo airearen kutsadura. Ekonomia, bi geruzen artean gelditzen zen espazioa: hau da, donuta. Bertan pertsona guztien beharrak ase genitzake, gure planetak eskainitako baliabideak eta ezarritako mugak kontuan hartuz.

Baina donutaren ekonomia ez da soilik definizio teoriko bat edo irudi bat: Raworthek eta bere taldeak mundua arakatu du irizpide horiekin lerrokatuta dauden ekimenak biltzeko, eta mundu mailako sare bat eraiki du, donutaren ekonomiaren inguruko tresnak, ezagutzak eta esperientziak partekatzen dituena. Hazkunde ekonomikoa ez dago jada zentroan: tokiko erronkak, eta bere eragina planetaren eta bere biztanleriaren ongizatean dira helburu nagusienak. Doughnut Economics Action Lab deritzan sare horretan akademikoek, aktibistek, arduradun politikoek eta enpresariek hartzen dute parte, elikaduraren, energiaren, urbanismoaren edo mugikortasunaren inguruko esperientzia arrakastatsuak konpartituz. Horrela, Amsterdam, Grenoble edo Riga bezalako hiriak bere etorkizuneko garapena donutean oinarrituta garatzen ari dira.

 

Donutak tresna kutxa berritzaile bat eskaintzen digu, sarritan jasangarritasunaren inguruko diskurtso politiko eta korporatibotan ematen den berritsukeriatik urrunduta. Gure tokiko errealitateak baditu erronka ugari, donutaren beharra argi bistaratzen dutenak: zaharkitzea, mugikortasuna edo trantsizio energetikoa, adibidez. Gure tradizio kooperatiboak eskaintzen du ere legamia aproposa donutaren lerrokatuta dauden ekimenak abian jartzeko. Bada garaia eskuak masan sartzeko.