Lan-munduan dotoreziaz hitz egiten dugunean, gehienetan kanpora begirako dotoreziaz aritzen gara: janzkera, irudia, presentzia... baina dotorezia janzkeran al dago ala portaeran? Dotorea izatea ez da gehiago hitz egitea, beharrezkoa denean hitz egitea baizik. Ez da beti iritzia ematea, behar ez denean gordetzea baizik. Lan-ingurune askotan badirudi ekina egiten den zarataren arabera neurtzen dela: zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta garrantzitsuago bilakatzen gara. Baina esperientziak askotan kontrakoa erakutsi digu: isileko lidergotzak askotan gehiago balio duela, eta dotoreziak benetako etekina baduela, baita lanean ere. Dotorezia, besteak beste, tonuan, hitzean eta zaintzan daude, hauek behar bezala erabilita, asko dugu irabazteko.
Dotorezia tentsioa dagoen momentuetan tonuari eustea da, tenplea izatea. Egoera hauetan, normalean, ahotsa altxatzera —kargu edo lidergotza posizioa duten profesionaletan gehiago— jotzen dugu, baina gehienetan ez da premiazkoa izaten. Berehalako erantzunetara jotzen dugu, askotan parean dugun pertsonak bere hitzak amaitu baino lehen… isiltasunean tarte txiki bat hartu, hitzak pentsatu, eta lasaitasunez erantzutean gainbaloratua dagoela omen baitago. Erreakzio azkarrak askotan indar gisa interpretatzen ditugu, baina gehienetan segurtasun faltaren seinale dira.
Bestalde, egungo lan-kulturan gardentasuna asko goraipatzen dugu, baina gardentasuna eta esposizio konstantea ez dira gauza bera. Momentu oro zer pentsatzen dugun, zer sentitzen dugun edo zer dakigun agerian uztea ez da erabat komenigarri dotore izan nahi badugu. Dotorezia informazioa dosifikatzen jakitea da, norberaren barne-prozesuak babestea eta hitzak behar diren momentuan baliatzea. Dotorea da ere errespetuz kontraesanetan erortzen den pertsona: adostasunaren etengabeko bilaketa ez da beharrezkoa, desadostasunak modu eraikitzailean adieraztea baizik.
Eta azkenik, lankideak zaintzearen alderdia, dotoreziaren muina, batez ere boterea dugunean. Aginte-postuetan dagoenaren benetako maila ez da erabaki handietan ikusten, eguneroko xehetasun eta lankideen zaintzan baizik: nola hitz egiten duen, nola entzuten duen, nola zuzentzen duen akatsa... errespetua ez baita diskurtso batean adierazten, praktikan baizik.
Lan-munduan dotorezia landu beharrean gara, gehiago eta gehiagotan. Norbere burua ezagutu, muga emozionalak kudeatu eta presentzia isila eraikitzea ez dugu asko lantzen, eta behar beharrezkoak ditugu. Ikusten ez den horretan dago benetako profesionaltasuna.
Laneko dotorezia lantzea ez da helburu estetiko bat, baizik eta jarrera etiko eta profesional bat. Horregatik bihurtu dut galdera hau nire urte berriko asmo: ez gehiago jakiteko, ez gehiago esateko, baizik eta hobeto egoteko. Hitz gutxiago baina zehatzagoak erabiltzeko, tentsioan ere tonuari eusteko, isiltasunari bere lekua emateko eta dena ez erakusteko ausardia izateko. Lan egiteko modu arinago, kontzienteago eta errespetutsuago bat eraikitzeko. Agian horixe delako, gaur egun, benetako bikaintasunaren forma isila.