Efizientea ala efikaza izan?

Madrileko Chamartin tren geltokitik hasi dut artikulu hau, etxera buelta noiz hartuko dudan agintzen duen pantaila argitsuaren aurrean nagoela. Azkenaldian bidaia asko egiten ari naiz Madrilera lana dela eta. Izan ere, Osoigo.com plataforman politikari, estatu mailako sare asoziatibo, GKE internazional eta bestelako instituzioekin egiten dugu lan, eta ez dugu Madrilen presentzia izan gabe ulertzen gure egitekoa. Azken bi urtetan etxetik aritu gara, gainontzeko pertsona guztiak bezalaxe, eta lana noizean behin bertatik egiten jarraitzen badugu ere, bezeroak bertatik bertara ikusteko beharra sentitu dut.

Badirudi bulegoa etxeko idazmahaia ordezkatzen ari dela berriro ere. Bulegoen erabilerak gora egin du, eta bilerak ere presentzial egitera behartzen hasi dira enpresa askotan. Gure enpresan etxetik lanean jarraitzen badugu ere, lan komertzialean bezeroekin egiten dugun harreman presentziala indartzen ari da halabeharrez. Pantailaren bestaldean zegoen pertsona hura aurrez aurre ezagutzeak onura nabarmenak ekarri dizkigu: harreman pertsonalak errazago eraikitzen ari gara, eta bilerak elkarrizketetan oinarritu eta eraginkorragoak dira. Aitzitik, pandemia garaian izan genuen abantaila nagusi bat urritzen ari zaigu: efizientzia. 

Hala definitzen da efizientzia: helburu edo egiteko bat ahal den errekurtso gutxienekin egitea. Enpresa mundura eramanda, diru-fluxua eta langileez gain, denbora da errekurtso handienetariko bat eta egunotan horri buruzko zalantzak sortu zaizkit.

Orain dela hilabete batzuk, denak etxean ginela, egunean sei eta zortzi bilera bitarte egiten nituen egun bakar batean. Goizean goiz hasi eta dantzan ibiltzen nintzen bilera batetik bestera, gelditu gabe. Gainera, tarteetan bazkaria prestatu, etxea atondu eta erosketak egiteko denbora nuen, arratsaldeak libreago izateko. Ez dut esango egun batzuetan bileritisa harrapatu ez nuenik, edozertarako egiten genuelako bilera bat, baina lan komertzialari dagokionean, inoiz egin dudan lan efizienteena izan zelakoan nago.

Hasieran aipatu bezala, bilera presentzialetara bueltatzen ari gara gero eta gehiago, efikazagoak edo eraginkorragoak direlakoan, autoa edo garraio publikoa hartu, bezeroaren bulegora joan eta ordubeteko bisita produktibo bat izateko desiraz. Alabaina, sobera dakigu lehen genuen efizientzia sakrifikatzen ari garela, leku batetik bestera joateko denbora, hostala erreserbatzea (urrun bada) eta bidean izan ditzakegun arrisku guztiak baititugu parean. Beraz, hemen zalantza: eraginkortasunaren aldeko apustua egin errekurtsoen xahutzea izan arren, ala efizientziaren gurpilera bueltatu eta agenda mamitu?

Gezurra badirudi ere enpresa asko eta asko dira dikotonomia honetan zalantza egiten dutenak. Ez dugu soberan errekurtsorik, lan-ordu bakoitza da garrantzitsua eta erabaki txiki hauek gako izan daitezke epe luzera, ezbairik gabe. Efizientzia eta efikaziaren eztabaida kalitate eta kantitatearen planoan ere itzuli genezake. Zeren alde egin apustu: kantitate handia eta kalitate baxuagoa ala kantitate gutxiago eta kalitate handiagoko bilerak? Zuek zer nahiago? Nik oraindik ez dut erantzun argirik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK