Egunero hasten delako

Gutariko askoren bizitzako fonotekan leku berezi bat dago fabriketako sirenentzat; nirean bai, behintzat. Goizeko txandak esnatzen zuen gure auzoko bizitza eta jende-andana abiarazten zuen, buzo urdin edo laranjaz jantzita, etxetik atera eta lantokirako bidean jartzen zen gizon-andana, zehatzago esanda. Bertakoekin batera lan egiteko, Euskal Herritik kanpo jaiotako familiak ekarri zizkiguten fabrikek; gure auzoan oraindik ere “kolonia” deitzen zaion etxaldera lekualdatu ziren familia horiek, Extremadura, Galizia edo Andaluziatik zetozenak.

Bizitzaren koordenatuak fabriketako sirenen pentagraman idatzita zetozen. Fabrikek arautu egiten zuten den-dena. Etxean argindarra moteldu egiten zen fabrikan kolada egiten zutenean, auzuneko plazan errodamenduekin jolasten ginen eta denok nabaritzen genuen metalaren usaina laztantzeko lakarregiak ziren aitaren eskuetan.

Duela urte batzuk, aita bisitan etorri zitzaidan artean nire lantokia zen bulego ederrez osaturiko parke teknologikora. Inguruan lorategi eta baso-itxura duen berdeguneko banku baten eseri ginen, eta hantxe azaldu nion nire enpresaren egitekoa zein zen, bertan nik zein lan egiten nuen, nola eta zertarako. Eta halakoan galdetu zidan: “Ederki, baina hemen non daude fabrikak?”

Aitak ezagutu zuen industrializazio-aldia aspaldi agortu zen, eta batzuetan kosta egiten da buruan iltzatuta geratu zitzaizkigun irudi, usain eta soinuak berriagoekin ordezkatzea. Egunotan Barakaldoko BECen Makina-Erremientaren Biurtekoan erakusten ari diren berrikuntzei begiratuta, beste mundu bat dirudi, baina pentsatu nahi dut aitak ezagutu zuen mundu bera dela, neurriren baten. Egiteko moduak aldatu dira, teknologiaren eraldaketari erreparatuta beste zibilizazio bateko teknologia estralurtarra darabilgula pentsa genezake, baina garai baten barruraino sartzen zitzaizun taladrina-usaina oraindik nabari da. Oraindik gauzak egiten ditugu, oraindik egiten jakiteari garrantzia ematen diogu.

BECen bat egiten dute egun hauetan mundu osoko fabrikazio-teknologiarik aurreratuenak. Fabrikek iragana ez ezik, etorkizun-aukera berria ere eman digute orain arte. Berrikuntza eta teknologiaren loraldia ez zen posible izango ekoizpenari eusten dion enpresa-ehuna gabe, eta enpresa horiek ez dira lehiakorrak izango berrikuntza hauspotzen duten askotariko eragileek bat egiten ez badute norantza horretan. Gary P. Pisano Harvard-eko irakasleak behin esan zuen: “bere gaitasun industrialari uko egiten dion herriak berrikuntzari uko egiten dio aldi berean”.

Den-dena berriro pentsatu behar den garai honetan, industriaren tokia are sendoago errotzeko apustua egitea ez da nostalgia edo iragan-mina: etorkizunari begiratzeko modu bat da. Orain industria eremu moderno txikiagoak daude, diseinuzko eraikinekin, sirenarik gabeak eta hiritik kanpora. (Oraindik, baina, gizonak nagusi dira goizeroko erromesaldian —horretan ez gara horrenbeste aldatu—). Ikusten eta entzuten zailagoa da orain, baina hor daude: lantegiak eta tailerrak, makinak eta makinak egiten dituzten makinak.

Gure iragana industria da, bai, eta gure etorkizuna industria izango da. Eraldaketa sakon eta bizkorretan murgilduta gaude eta abiadak zorabiatzeraino eraman gaitzake, nondik gatozen eta nora goazen ezin esateraino nahas gaitzake. Lantegiek hor jarraitzen dute, goizero bizitza berrira esnarazten. Industrian ere, egunero hasten da etorkizuna.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK