2025a amaitu aurretik lan-astea 37,5 ordura murrizteko lortutako akordioak mugarri garrantzitsua ezarri du lan-baldintzen bilakaeran. Proposamenak eztabaida piztu duen arren, funtsezko galdera bat planteatzen du: lanordu gutxiago lan egiteak hobeto egingo al du?
Lan-astea murriztea sindikatuen aldarrikapen historiko handienetako bat izan da. Lan-mundua azkar aldatzen ari den honetan, aurrerapen teknologikoekin eta lan egiteko modu berriekin, logikoa dirudi duela hamarkada askotatik indarrean dagoen 40 orduko eredua eguneratu beharra egon daitekeela pentsatzea. Islandia, Suedia edo Erresuma Batua bezalako herrialdeek lan-aste laburragoak probatu dituzte, eta emaitza itxaropentsuak izan dituzte: produktibitatea handitu, langileen ongizatea hobetu eta estres mailak murriztu dira, hiru batean.
Hala ere, halako neurri bat ezartzea ez da lan makala. Lehen begiratuan, aldaketa guztiz positiboa dirudien arren, batzuek ez dute berdin ikusten. Lehenik eta behin, enpresa-sarearen alde baten erresistentzia: Patronalak, CEOEk, ez du bat egin akordioarekin; izan ere, enpresa asko beldur dira lanordu gutxiago egiteak lehiakortasuna murriztea ekar dezakeelako, batez ere presentzia fisikoa ezinbestekoa den sektoreetan. Aitzitik, presentzia eta esfortzu fisikoa eskatzen duten sektore eta lan mota horiek —garbitasuna, zaintza, eraikuntza, ostalaritza…— dira gehiago babestu eta zaindu behar ditugunak. Egonkortasun ekonomiko eskasa, lan-baldintza gogorrak, babes sozial mugatua edo lan-osasunarekiko arrisku handia duten lanak dira eta hauek babesteko neurri gisa ulertu behar dugu erabakia.
Bestalde, produktibitateari buruzko betiko eztabaida dago. Lanordu gutxiago egiteak benetan produktibitate bera edo handiagoa ekar dezakeela? Nazioarteko azterketek baietz diote. Lanaldi laburragoak dituzten langileek beren denbora hobeto antolatzeko joera dute, arreta-galerak murriztuz eta emaitza berdinak edo hobeak lortuz. Gainera, neurri hau mentalitate-aldaketa sustatzeko aukera ere izan daiteke. Europako lanordu gehien dituen lurraldea izaten jarraitzen du Euskal Herriak, baina inola ere ez emaitza ekonomiko hobeekin. Lanaldi laburragoa bultzatzeak beharrezko bultzada izan dezake enpresa-egiturak modernizatzeko, digitalizazioaren aldeko apustua egiteko eta lan egiteko eredu malgu eta eraginkorragoak hartzeko.
Eta, garrantzitsuena, ekarriko dituen onura sozial posibleak. Lanordu gutxiago egiteak eragin zuzena izan dezake pertsonen bizi-kalitatean, familiarekin, zaletasunekin edo prestakuntza pertsonalarekin denbora gehiago emateko aukera emanez. Burnout-a gero eta errealitate handiagoa den mundu honetan, eta gero eta gazte gehiagok lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka lehenesten dutenean, neurri hau talentua erakartzeko eta atxikitzeko tresna boteretsu bihurtu daiteke.
Azken batean, neurri honek lanaren etorkizunari buruzko hausnarketa sakonago bat planteatzen du. Benetan prest al gaude lanorduen kopuruari balioa kendu eta helburu edo emaitzen balioan oinarritzeko? Arrakasta presentzia fisikoan neurtzen jarraitu nahi dugu, edo aurrerapauso bat eman eta egiten dugunaren kalitatean eta inpaktuan oinarritu gaitezke?
Lan-aste laburrago baterako bidea ez da erraza izango, baina behar bezala kudeatzen bada, gaur egun ezagutzen dugun lanaren eraldaketaren hasieran egon gaitezke, lan gutxiago egitea posible ez ezik, onuragarria ere badela frogatuz. Denborak esango du akordio hau “aldaketa kosmetikoa izatera doan” —batzuk dioten bezala— edo benetako inflexio-puntua den, baina garbi dagoena dena da, gizartea prest dagoela XXI. mendeko lanaren inguruko eztabaida serio baterako. Eta, agian, hori izango da garaipen handiena.